pintada

Heziketa ezak esklabu egiten gaitu?

Kristo aurreko V. mendea, Atenas. Agorarako bidean iserdika doa aldapa gora Atenaseko hiritarra.

(Marmarka) … Asanbladara berandu iritsiko naiz!…   Emaztea eta emakumeen zorakeria!!!, txoriburu halakoa… hara non nirekin etorriko zela zioen… tontolapiko hutsa!… emakumeak!!… emazte histerikoa inguratzen 12 esklabu utzi ditut nire atzetik ez ateratzeko aginduarekin.. (isilunea)… Ez dago eztabaidatzeko legerik, gaurkoa ustekabeko deialdia da… (isilunea)… , (sinistu gabe, trufaz) … eta kuxkuxeroek diote Anitok eta Meletok Sokrates salatuko duela… Ja!…Bai zera! Idiak hodeien gainean makildantzan ikusiko ditugu hamaika aldiz Maisuaren kontrako salaketa erdi bat ikusi baino lehen…(pentsakor) Burua galduko dugu inozoen hitzak sinestuz, are gehiago atzerritar horiena!…  (haserre, in crescendo) Errealitatea zer den ba dakitenak, jakituria diruaren truke irakasten duten limurtzaile lotsagabeak!… Bertute guztien hondamendia!… Faltsuak! Erlatibistak!

Zergatik Platonek dio ezagutza/heziketa ezak esklabu egiten gaituela?

Atenaseko loraldian bizi izan ziren filosofoentzat, gazteen heziketa oso garrantzitsua zen. Sofistak, Sokrates eta Platonek baita ere, bere jakintza irakasten saiatu ziren.

Zu, bizitza erdia baino gehiago daramazuna ikasten; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta ikasketetan jarraitzea aukeratu duzuna… Ba al zenuen beste aukerarik? Zein?  Eta zergatik hemen zaude? Zertarako? Zoriontsuagoa izateko? Bizitzen ikasteko? Esklabua ez izateko? Esklabua izaten ikasteko?…

Zer ikasi nahi duzu? Zer ez duzu ikasi nahi?

Erreala ala itxura baino ez?

Badirudi jakingabeak aukera gutxiago izango dituela bizitzan, hori esan digute behintzat, eta badirudi horrela dagoela adostuta gure munduan. Egia ote da? Platonek dioenaren arabera, itxurazko mundua ez da mundu erreala. 20 mende baino gehiago pasatu dira Platon hil zenetik, 2362 urte zehazki esateko. Zer argituko dizu? Ba zekien mugikorra erabiltzen? Interneta?

Erantzunak baino gehiago, galderak dira filosofoen benetako jakintza: funtzezko arazoak definitu, izendatu eta ezaugarritu zituzten; eta arazoei buruz hitz egin zuten eta, ez da gauza erreza horrelako arazoen adierazpenean trebea izatea!

  • Engainatua sentitu zara inoiz? Nola konturatu zinen? Eta orain, engainatua zaude? Nola dakizu?
  • Bizitza erdia baino gehiago ikasten eman duzula, libreagoa sentitzen zara? Gezurrak eta engainuak bereiztuko dituzu?
  • Zoriontsu zara? Zoriontsuagoa izan zaitezke? Nola? Ziur zaude?
  • Injustiziarik ezagutzen duzu? Injustua eta justua dena bereizten ba al dakizu? Nola? Legearen arabera?
  • Nork ezartzen ditu legeak? Demokraziak? Hiritarren botereak? Zuk? Nork?
  • Ados zaude?
  • … …?

 Zer nahi duzu? Zer ez duzu nahi?

Anuncios