GreziarTestuinguru

Platon: Testuinguru historikoa

Aro Iluna

K. a. XIII. mendean, Dorioen konkistak atzerapen ekonomiko eta kulturala dakar Greziari (Aro Iluna). Gainbehera honetatik aterako da k. a. VIII – VI mende tartean, polis gizarte antolaketaren eta kolonizazio ekonomikoaren ondorioz. Polisak ekonomikoki eta politikoki independenteak diren hiri-estatuak dira. Beraz, Antzinako Grezia ez da nazio bat: hizkuntza, mitologia, eta ohitura berdineko polis ezberdinen multzoa baizik, Heleniar kultura hain zuzen ere. Greziako ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, horregatik ikusiko dugun lurraren garrantzia.

VIII. – VI. mendeetan, Aro Iluneko lurraren pobrezia eta demografia hazkundeak kolonizazio ekonomikoa ekarriko du: lehenengo Joniara (Asia txikia) eta gero Italiara (Magna Grezia), Frantziara eta Espainiara. Bidaia hauen ondorio zuzena, Greziar kultura erlatibizatzea izango da: herri bakoitzak bere Jainkoak eta bere ideal moralak dauzkala ikusten dute; gainera, merkataritza trukeek dakartzaten eskabide berrien aurrean (zuzenbidea, legeak) jakintza mitiko poetikoak zeukan balioa galtzen du.

Jonia VI. mendea: filosofiaren sorrera

Hemendik aurrera jakintza mitikoa alde batera utzi eta unibertsoari eta gizarteari buruzko azalpenak arrazoizkoak izan beharko dira, herri guztietan baliagarriak izateko. Filosofia VI. mendeko Jonian zabalduko da.

Esklaboen lanean oinarritua, antzinako Greziar gizartea, nekazarien eta aristokraziaren gizartea da: lurjabe nobleziak boterea du bere eskuetan. Aristokrata hauek, gerrarako buruzagien laguntzarekin, eskubide eta bertute guztien jaun eta jabe bakarrak dira. Baina, egoera hau kolonizazioarekin batera aldatuko da: merkatari eta artisauak etortzerakoan aberats berri hauek lurraren banaketa eskatuko dute gizarte borrokak bideratuz. Krisi honetan, legegile eta tiranoak agertuko dira gobernu aristokratikotik demokraziarako bidea prestatuz.

Medotar gudak.

VI – V. mendeko garapen ekonomikoan, Atenas eta Esparta, Greziako hiririk garrantzitsuenak, Persiarrei aurre egiteko batuko dira Medotar gudetan (499-449). Bakoitzak bere inguruko hirien elkartea burutuko du: Atenasek, demokraziaren ordezkaria eta itsas-armadan boteretsua, Egeo itsasoko hirien batasuna osatzen du Panheleniar Elkartea eratuz (Deloseko Elkartea ere deitua). Bere aldetik, Espartak, penintsulako hiriekin batera Peloponesoko Elkartea sortuko du.

Greziarrek guda irabazten dute, eta Atenas Greziako hiririk garrantzitsuena bihurtzen da. V. mendea da, Periklesen mendea, Atenaseko ekonomia eta kulturaren garapenik gorena. Goraldi honen zergatia zera da: alde batetik, Atenasek Deloseko Elkartea bere Inperialismo ekonomiko militarra onartzera behartu zuen eta honen ondorioz ondasun ugari heldu zen Atenasera; beste arrazoia demokrazia da. Atenaseko garairik goiena 430 urte inguruan izan zen. Hortik aurrera gainbehera hasi zen.

Atenasen loraldia: Periklesen mendea

Periklesek (495 – 429) lege aldaketa demokratikoak eragiten ditu: asanbladaren boterea zabalduz hiritar guztiek parte hartu dezakete. Baina kontuz: populazio osoaren % 10-a baino ez zen hiritarra (esklaboak populazioaren erdia ziren eta ez zuten eskubide politikorik. Emakumeak eta atzerritarrak ezta ere). Dena den, ez dugu pentsatu behar Atenaseko demokrazia gaur egun ezagutzen duguna bezalakoa zenik: ikusi dugunez, asanbladan parte hartzeko eskubidea gutxiengo batek zeukan, hiritarrak hain zuzen. Bestalde, demokrazia zuzena da, hau da, ordezkaririk gabeko asanblada (ekklesia) botere subiranoa da. Asanbladan nahi zuten hiritarrek hitza hartu zezaketen bere iritzi eta arrazoiak emanez. Ostean, gehiengoak zuen azken hitza. Bere beharren artean:

  • Legeak egitea
  • Epaileen kontrola eta aukeraketa egitea
  • Bakeari eta gerrari buruzko erabakiak hartzea

Asanbladaren garrantziaren ondorioz, eztabaidetan konbentzitzeko trebetasuna izatea funtsezkoa zen Atenasen. Sofistek hizlari trebetasun hori eskuratzeko ikastaroak asmatu zituzten: erretorika edo oratoria irakasten zuten diruaren truke; politikaz mintzatzeko sekretuak, jendearen aurrean hitz egiteko maisu izaten eta hitzaren bitartez besteak konbentzitzeko teknika. (Non geratzen da “egia” ? ).

Peloponesoko gudak.

Aristokraziak gizarte borrokak bideratuko ditu, demokraziaren ondorioz bere boterea galdu baitu. Beraz, Atenaseko gainbeheraren zergatia oligarka eta demokraten arteko herri borroka horiez gain, Espartan kontrako gudaren ondorioz ematen den inperialismoaren ahultzean aurkituko dugu.

Map Peloponnesian War 431 BC-fr.svg
Map Peloponnesian War 431 BC-fr” by Marsyas

Atenaren aitzindaritza ez da Espartaren gustukoa. Espartako diarkian (bi errege) famili aberatsek diruaren eta armen gogorkeriaz agintzen dute. Herri gudari jaioa da. Greziarren hegemonia lortzeko, Atenas eta Espartak aurka egingo dute Peloponesoko gudan (431-404): Atenas demokratiko eta liberala, Esparta aristokratiko eta kontserbadorearen kontra.
30 urte egin zituzten gudan eta 404. urtean Atenaseko itsas armadaren hondamenarekin gudaren bukaera etorriko da. Esparta garailea da, azkenean, Greziako hegemonia lortu du, eta Atenasen 30 tiranoen gobernu oligarkikoa inposatzen du.

Baina Atenastarren herri borrokak urte baten buruan politikari atzerakoi horien agintaritzarekin bukatuko du. Atenasek demokrazia berreskuratu du, baina polisa ia amildegian dago. (338. urtean, behin eta betiko independentzia galduko du Alejandro Handiaren aita den Mazedoniako Filipo II. aren pean (382- 336).

Platon (K. a. 427-347)

Platon Atenaseko garairik goiena baino urte bat lehenago jaio zen, beraz, bere bizitza gainbehera hasten denean hasten da. Horregatik, ezinezkoa dugu bere filosofia eta bere garaiko egoera historikoa elkar banandu: bere filosofiarekin Atenaseko gainbeheraren arazo politiko larriak eta barne borrokak konpontzeko bidea aurkitu nahi zuelako. Bere helduaroan idatzitako “Politeia” (geroago “Errepublika” izenarekin ezagutuko dena) liburuan horixe proposatzen du: polis ideala, justiziaz beterikoa, nola eraiki. Horretarako, filosofoek agindu behar dute, hau da, ongia, justizia eta edertasuna ezagutzen dutenek. Beraz, liburuan hiru gai nagusi agertuko dira:

  • Metafisika: errealitatea zer den, eta Epistemologia: nola ezagutu dezakegu
  • Heziketa eta etika: gizakia nolakoa izan behar duen perfekzioa edo zoriontasuna lortzeko
  • Politika: gizarte zoriontsu eta justua nola gauzatuko ahal den

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios