aldaketa

Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa

Aldaketaren arazoa

Presokratikoak aldaketaren gertaeraz asko arduratu ziran: jaiotza eta heriotza, udaberria eta udazkena izadian, haurtzaroa eta zahartzaroa gizakiarengan…hitz batez: sortzea eta usteltzea izadian ematen diren gertaera nabari eta beharrezkotzat (ezinbestekoak) agertzen zaizkigu.
aldaketaHala ere, aldaketa horien azpian berbera irauten den zerbait ba zela pentsatu zuten. Zergatik? Aldaketa, gauza batetik beste gauza batera ematen den pausua delako eta orduan, aldaketa prozesu hori jasaten duen zerbait egotea beharrezkoa delako: irauten duen zerbait, itxura desberdinak hartzen dihoan lehendabiziko zerbait. Aldaketa ezin da izan kontrako elementuen arteko borroka soilik, beraz, beraien aurreko zer edo zer egon behar du.

Mitos-etik Logos-era, sinesmenetatik zientziara

Kosmosaz galdezka, presokratikoek filosofia sortuko dute, eta jainkoetan oinarritzen ziren azalpen mitikoak alde batera utziz arrazoiaren bidez unibertsoaren ordena ulertzen saiatu ziren.

Filosofia presokratikoa, errealitatearen itxura aldakorra eta anitzaren oinarrian dagoen lehen materia edo arje hori zer den argitzen saiatuko da. Errealitatearen aniztasuna arje edo printzipio esentzial horri aldaketa printzipio bat elkartzen zaionean gertatzen da.

Arje horren izaerari begira hiru momentu desberdindu ditzakegu: arje fisikoa, arje matematikoa eta arje abstraktua.

  • Arje fisikoa

Errealitatea arje “material” batetik bilakatzen dira aldaketa printzipio baten eraginez. Garrantzitsuenak:

Arje edo printzipio esentziala (osagarria) Aldaketa printzipioa
Tales Miletokoa Ura Uraren eraldaketa indarra
Anaximandro Mugagabea edo Apeirona Kontrakoen borroka
Anaximenes Airea Kondentsazioa eta rarefakzioa
Enpedokles Sua, lurra, ura eta airea Maitasuna eta amorrua
Anaxagoras
Homeomeriak (partikula zatigaitzak) Nous (adimena)
Demokrito Atomoak Atomoen aldaketa legeak
  • Arje matematikoa

Pitagorikoak gauza guztiak zenbakien antzekoak zirela pentsatzen zuten. Beraientzat zenbakiak dira errealitatea osotzen duten arjea. Zenbakien elementuak bi dira: bikoiztasuna (mugagabea) eta bakoiztasuna (mugatua). Atzeko printzipio materialetatik abstrakzio matematikora abiatzen da ikerketa filosofikoa: neurketa matematikoak munduko ordena eta batasuna azaltzen dute.

Pitagorikoek Platonengan eragin handia izan zuten: alde batetik, munduaren eta gizakiaren irudi dualista (gorputza eta arima), bestetik, arimaren hilezkortasuna eta gorputz aldatzea (transmigrazioa), eta azkenik, matematikaren garrantziagatik.

  • Arje abstraktua

Lehenengo momentuan ematen den arjearen fisikotasunetik arje guztiz abstraktura iritsi gara, sentigarria ez den arjea. Hirugarren momentu honetan Platonengan eragin handia izan zuten bi autore kontrajarriak aurkituko ditugu: Parmenides eta Heraklito.

  • Parmenidesen ustez, egiazko errealitateak eta itxuren mundua ez dute zerikusirik, beraz, ez dago bien arteko inolako loturarik: Izatea, da; eta aldaketa irudikeria edo ilusioa besterik ez da. Modu berean, itxuren mundua aldakorra da, errealitatea edo Izatearen mundua, ostera, aldaezina. Izan ere, aldaezintasuna Platonen ideien munduko ezaugarririk nabari eta oinarrizkoena dugu. Honez gain, Platonek, Parmenidesen arrazoiaren bidea (egiaranzko bidea) errealitatea ezagutzeko era egokitzat joko du. Itxuren mundua ostera, ezagutezina da: aldaketa ilusioa besterik ez da, eta horretxegatik, mundu honekiko soilik iritzia eman dezakegu, inoiz ez arrazoia, benetako ezagutza edo zientzia (Episteme).
  • DSCN0974Heraklitok ostera, munduan ematen diren aldaketak nabariak direla ikusten du. Hala, errealitatea aldaketan datza: dena aldatzen da: Panta Rei. Mundua bukaera gabeko mugimendua da. Aldaketa horiek, sentipenezko datuak bezala agertzen zaizkigu, baina sentipenezko datuek ez dakarte ezagutzarik. Honen ondoren, Heraklito, aldaketen atzetik dagoen legearen bila saiatuko da. Arrazoiaren bidez atzematen dugun lege honek (sua edo logosa) munduaren egitura kontrajarria harmonizatzen eta bateratzen du. Heraklitoren hitzetan: “Den-dena zen, da eta izango da, betiereko su bizia, neurriz argitzen dena, eta neurriz iluntzen dena”.
Parmenides Heraklito
Printzipioa Izatea da eta ez izatea ez da. Izatea- Ezereza.
Bakarrik Izatea pentsa daiteke. Bakarrik Izateaz hitz egin daiteke. Ez izatea, pentsaezina eta adieraztezina da.
Mundu arrazional hutsa.
Gauza guztien betiereko aldaketa. Panta Rei: guztia aldatuz doa eta aldaketa horiek neurri baten arabera ematen dira.
Sua edo Logosa da aldaketa eta neurriaren printzipioa.
Legeak Identitate printzipioa eta
ez kontraesanaren printzipioa.
Kontrakoen borroka amaigabea.
Kontrakoen gerra harmonikoa.
Ikerketa metodoa Arrazoia da egiaranzko bidea.
Zentzuak iritzi edota ilusioranzkoak.
Arrazoiaren bidez logosa hautematea
(naturan dagoen ordena, oreka, neurria).
Emaitza Bi mundu: sentigarria (faltsua, zentzuek engainatzen baikaituzte),
arrazionala
Bakarrik mundu bat existitzen da:
zentzuen bidez hautematen duguna.
Parmenides lehenengo arrazionalista da:
mundu arrazionala da benetako bakarra.
Izatea, pentsatzea eta hitz egitea parekatzen ditu.
Beraz: Izatea=arrazoia=lengoaia

(arrazoiak egia erakusten digulako).
Heraklito lehenengo enpirista da:
zentzuek eskaintzen diguten datuetan arrazoiaren bidez komunean dutena bilatzea
(legea edo logosa)

Laburbilduz:

Pitagorikoen eragina nabarmena da Platonen antropologian: Dualismoa gorputza eta arima  hilezkorra, eta transmigrazioa; eta matematikak bere sisteman duen garrantziagatik.

Platonek Heraklitorengandik mundu sentigarria ezagutzeko ezintasuna bereganatzen du; Parmenidesengandik berriz, Izatearen iraunkortasuna, eta iritziaren eta arrazoiaren arteko ezberdintasuna. Era berean, Sokratesek aldaketaren arazoari emandako irtenbidea lotzen ba diogu honi, Platonen Ideien teoriaren atarian egongo gara.

Hurrengoa: Garai antropologikoa: Sofistak eta Sokrates

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios