sokratesen heriotza

Platon: Bizitza eta filosofia proiektua

Gertaera politikoak eta Platonen pentsamendua

Jatorri aristokratikoa, hasiera batean politikan jardutea pentsatu zuen, bere senideak Peloponesoko gudaren ostean (404-403) inposatuko den 30 tiranoen gobernuan parte hartu zuten oligarkak baitziren. Baina Atenasko liderren kontra egin zuten gogorkeria eta bortxakeria ikusita, Platon bere senideekin haserretu zen. Era berean, demokratak ez ziran hobeak: beraiek Sokrates maisua kondenatu baitzuten.
Sokrates aristokraziaren aldekoa zen politikan. Bere ustez, demokrazia guztiz manipulatuta zegoen sofistengatik. Hauen eraginez hasierako demokrazia erabat hondatu zela uste zuen. Bere salaketari buruz, batzuk diote gazteak galbidera eramateagatik eta Jainko arrotzak proposatzeagatik; beste batzuk Atenas eta Espartaren arteko gudan Espartaren alde egon zelako…Dudarik gabe esan dezakeguna zera da: bi hiritarren salaketak epaiketari hasiera eman ziola, eta Atenaseko hiritarrez osaturiko epaimahaiak heriotza zigorrera kondenatu zutela.

Gertaera hauen aurrean, Platonek bere karrera politikoa laga zuen eta aurrerantzean demokraziaz fidagaitza azaldu zen. Zergatik?
Platonen ustez, gizarteak, arduraduna den lider bat premiazkoa du, herria bide egokitik eramateko gai izango dena. Baina, demokrazian ez dago honelako buruzagirik eta horrezkero gobernariek bere lana burutzeko oztopoak aurkitzen dituzte; hau da, herri-masaren atseginak gogoan hartuz iparra galtzen dutela.

Ikus dezagun Platonek dioena:

“Hau ikustean, eta politikan jarduten ziren gizonak ikustean, zenbat eta gehiago legeak eta ohiturak kontutan hartzen nituen, eta nagusituz nihoan bitartean, gero eta zailagoa iruditu zitzaidan Estatuko gauzak era egokian administratzea…/…Legegintza eta moraltasuna ustelduak zeuden eta zelakoa zen ustelkeria, ni, hasieran guztien onean lan egiteko adorean nengoela, egoera hau aztertuz eta guztia nora ezean zihoala ikusita, azkenean mintzo gabe (balditua) gelditu nintzela…/… Ororen buruan, eguneko estatu guztiak gaizki gobernatuak daudela ulertu nuen, bere legegintza praktikan sendaezina delako prestakuntza indartsuak inguru zoriontsu bati lotzen ez ba zaie. Orduan, filosofia goraipatzera, eta baita ere, bizitza publiko eta pribatuan justizia non dagoen soil-soilik filosofiaren argipean ikus daitekeela aldarrikatzera beharturik sentitu nintzen. Hau dela eta, boterera benetako filosofo hutsak heldu arte, edo hirietako nagusiak -jainkozko grazia bereziren bategatik- filosofatzen hasi orduko, ez dira gizakiarentzat gaizkiak bukatuko”. VII. Eskutitza.

Sokrates K. a. 399 urtean epaitua eta kondenatua izan zen, eta Atenasen bere ikasleen kontrako kanpaina bat martxan jarri zen. Platonek Atenasetik alde egin zuen, Sokratesi gertatu zitzaionaren beldurrez. Hamabi urtez Atenasetik kanpo bidaiatzen egon zen.

Platonen akademia eta bere proiektu filosofikoa

Bere filosofia ikuspuntu praktikoa du batez ere: Sokrates bezalako gizon zintzorik hilko ez duen Estatua eraikitzea. Gizarte hau, teoria eta praktikaren batasunaren fruitua izango litzateke, alegia.

Rafael Sanzioren “Atesnasko Eskola” Argazki interaktiboa: jarri sagua gainean

Platonek 387. urtean bere ideia politikoak praktikara eramateko lehenengo saiakera egingo du Siziliako Dionisio erregearekin. Baina bere saiakerak porrot egin zuen. Atenasera itzultzean Platonek Akademia sortu zuen. Siziliara egindako bidaietan Pitagorasen jarraitzaileengandik jasotako matematikarako joera Akademiako atarian idatzia zegoen “Geometria ez dakien inor ez dadila hona sartu” (Platonentzat zientziaren ideia perfektua). Astronomia eta zientzia fisikoak ere irakasten zituzten, eta nola ez, filosofia.

Dakigunez, Platonek, politikari eta gobernariak hezi nahi ditu; baina kontuz: Platonek, filosofia praktikoa eta teorikoa elkartuko ditu. Sofisten arazo antropologikoak gaindituz zientzia bera maite araztea da bere xedea. Akademian filosofia da ikasketa gorenena. Platonen ustez, honela hezitako politikaria, inguruari begira dagoen aprobetxategia ez da izango, baizik eta indarrez eta beldurrik gabe jokatuko duena, betiko egi aldagaitzetan eraikitako irizpidea gogoan izanik.

Platonek emandako ikasgai akademikoez ez dakigu ezer. Ailegatu zaigun obra guztia elkarrizketa gisa azaltzen da. Elkar hizketa hauek, herriarentzat idatzitako idazlanak ziran. Izan ere, Platonen filosofia elkarrizketatan agertzen diren hizlarien esanetan, eta bertan dauden kontraesan guztien baterapenean datza. Honexegatik oraindik interesgarria da guretzat: ez bere obran agertzen diren hainbeste arazoei emandako irtenbideagatik, baizik eta, han, filosofiaren ardurapean dauden arazo gehienak agertzen direlako.

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios