ideia nagusiak

Politeia: Ideia Nagusiak

1. Politeiako gaia: Zuzentasuna

Zuzentasuna bi eratan ikus daiteke:

  • Gizabanakoarena: Zuzentasuna lortzea, hiru arimen eta bakoitzari dagokion bertuteen proportzioan datza (beherago ikusi); beraz, gizakiak bere arima era zuzenean garatu beharra dauka ideia aldagaitzetara zuzenduz eguzkia ikusi arte (ongia – zuzentasuna ezagutu); argi dago gorputza alde batera utzi behar duela horretarako. Zuzentasuna ezagutu ezkero zuzena izango da. Bere maisua izan zen Sokratesengandik intelektualismo morala hartuko du Platonek: ezagutza eta etika elkar berdintzen dira, teoria eta praktika bateratuz. Mundu sentigarritik aldendu eta bere arima ideia aldaezinetatik Ongiaren ideiara zuzentzen duen horrek filosofoa izango da; orduan haitzulora agintari bezala bueltatzera derrigortua egongo da, herria bide zuzenetik gidatzeko gai den bakarra bera delako, honela hirikide guztiak zoriontasunera eramaten dituelarik.
  • Gizartearena: Platonek polisean bizi diren hiritar guztien zoriontasuna bilatzen du, ez ostera gizatalde bakar batena. Horregatik, benetako errealitateranzko bide latza ibili eta mundu ulergarriko ideiak begiztatzean zoriontsu dagoen filosofo hori ezin ukatutzat hartuko du hiriko gobernua, gizon zuzena izanik gauza zuzenak agintzen baitizkiogu. Horrela, berak ezagututako zuzentasunaren ideia hiria bide zuzenetik gidatzeko gai izango da. Hirikideek dagozkien eginkizun eta bertuteak betetzeari gogoz ematen diotenean, Zuzentasuna gauzatuko da hiri barruan. PlatoPuzzle

Platonek hiru gizarte sail bereiziko ditu gizartean, bakoitza funtzio batekin eta bere arimaren zatirik indartsuenaren arabera bertute berezi bat dagozkielarik:

  • Eskulangile eta nekazariak, irritsezko arimaren arabera neurritasuna dute bertute bezala.
  • Zaintzaileak, suminezko arima dute nagusi eta sendotasuna da beren onbidea.
  • Gobernari-filosofoak, arrazoizko arimaren zuhurtasuna da beren abilezia eta bertutea.

Estatuaren eta arimaren arteko erlazioa nabaria da: estatuaren eginbidea eta gizabanakoarena ez doaz bide ezberdinetik. Bien artetik, gizartea garrantzitsuagoa da Platonentzat, hortaz etikak politikara eramaten gaituela. Eta ezagutzak etikara… Ondorioz: ezagutza, etika eta politika hiri ideialean elkartzen dira: teoria eta praktika batera doaz.

2. Dualismo epistemologikoa dualismo ontologikoari dagokio: benetako ezagutza ideia aldagaitzen ezagutza da.

Filosofoak soilik lortzen du benetako ezagutza, ideia aldaezinen munduan arrazoiaren bidezko ezagutza (episteme). Gainerakoek, itzalen eta ilusioen munduan bizi dira, ereduaren perfektuaren kopia baino ez dena benetakoa balitz bezala hartuz: zentzuen bidezko ezagutza erlatiboa da (doxa), mundu sentikorrari eta gorputzari lotua, hain zuzen ere. Gauzakien aniztasuna, ez izatearen eta ideien artean dagoen erdiko zerbait da. Filosofoari episteme dagokio, “dena” ezagutzen baitu, beraz ezinezkoa du “ez dena” ezagutzea. Alderantziz, benetako ezagutzaren jabe dela uste duenari ezjakituria dagokio (doxa), “ez dena” ezagutzen baitu. Norberaren ezjakituria ikusten duenak soilik, doxatik epistemera doan bidea egiteko gai da. Ezagutza maila bi hauek beste bitan banatzen dira. Honela, maila baxuenetik hasita:

  • Ilusioa edo imajinazioa (eikasia): objektu sentigarrien kopia edo itxurei dagokion ezagutza izanik, benetakoak balira hartzen ditugu. Atxilotuak bakarrik itzalak ikusten ditu, ez du irudiaren errealitatea eta irrealtasuna bereizten ez dakielako ikusten duena hesi atzean dauden objektuen itzalak direla. Ezin du susmatu “beste zerbait” errealagoa existitzen dela. Beraz, bere sineskeriak sortutako ilusio batean bizi da: engainaturik bizi gara, hizlari trebe baten argudioek benetan justuak ez diren zenbait lege edo ekintzen zuzentasunaz konbentzituak (ilunpean engainaturik gezurrak egiatzat hartuz: zuzentasunaren itzalak baino ez direnak zuzenak balira sinesten). Gogoratu “Matrix”.

  • Suposizioa edo sineskeria (pistis): zentzumenez atzematen ditugun materiazko objektuei lotzen zaion ezagutza mota. Besteek esaten digutena egiatzat jotzea. “Besteak”, titiriteroak, sofistak dira: gauza edo objektu fabrikatuak eramaten dituzte (harrizkoak, zurezkoak…). Platonentzat gauza fisikoak “fabrikatuak” dira ideien kopiak direlako. Titiriteroak atxilotuak engainatzea dute helburu, baina haiek ere engainatuak bizi dira (ez dakite kanpoan zerbait absolutua dagoela) eta bere eran atxilotuak dira ere (ezin dute alde egin). Beraz, titiriteroak, sofistak bezala, bere iritzia gizartean zabaltzen dute lengoaiaren artearen bidez (erretorika): atzerritarrak eta nobleen semeen irakasle ordainduak, arrazoiaren bidez nola besteak konbentzitu irakasten zuten. “Gizakia da gauza guztien neurria” Protagorasen esaldiak ondo azaltzen du egiaren eta baloreen erlatibotasuna. Platonen ustez erlatibistak dira gure engainuaren arduradunak (sofistak eta haien heziketa jaso dutenak), eta aldi berean ez ahaztu manipulatzaile engainatuak direla, ezjakintsuak.
  • Argudiaketa edo dianoia: objektu matematiko eta logikotaz aritzen dena, baina objektu hipotetikoak diren horiek eta konklusioak nahasten ditu: irudiak erabiltzen ditu irudi horien kausa diren ideia perfektuak atzeman gabe. Zientzia matematikoek ikertzen dituzte.
  • Intuizioa edo noesis: ideia aldagaitzak printzipio hipotetikoak bezala hartuz printzipio ez hipotetiko batetara (Ongira) abiatzen dena, hauxe izatearen eta ezagutzaren zergatia delako. Ideien arrazonamendu abstraktuena da. Justiziaren ideia unibertsal eta aldaezinaren argipean gauzak justuak diren edo ez argitu dezake orduan. Dialektika da ideietatik Ongiranzko bidea egiten aritzen den zientzia.

Eikasia eta pistis, mundu sentigarria ikertzen dute: gauza anitzen mundua, aldakorra eta ustelkorra, zentzuei lotua dagoena, doxa edo iritziari dagokiona (iritziaren arabera gauza justuak eta justizia ez dira desberdintzen: ezagutza erlatiboa da). Bakarrik gure ezjakintasun eta zentzugabekeriaz konturatzen bagara haitzulotik ateratzeko aukera izango dugu, ilunpetako itxurazko mundua alde batera utziz eguzkiak argitzen duen mundu ulergarriko benetako errealitateak -ideiak- ezagutzeko. Dianoia eta noesis aldiz, mundu ulergarriari lotuak daude: benetako mundua, ideia aldagaitzena ; ideiak bakarrak, absolutuak eta betierekoak dira eta arrazoiaren ezagutzarekin soilik hauteman ditzakegu benetako zientzia (episteme) lortzeko.

Baina kontuz!: ez dugu pentsatu behar ideia hauek kontzeptu inmanenteak direla (Sokratesek proposatzen dituen definizioen antzera). Ideiak transzendenteak dira: gure pentsamenduaz independenteak eta mundu fisikoaz haraindi existitzen dira mundu sentigarria baino lehenagokoa den mundu ideialean. Mundu materiala mundu ideialaren kopia inperfektua da horregatik ideiek mundu sentigarriaren ezagutza posiblea izatea bideratzen dute. Ideiak gauzen izatearen eta ezagutzaren kausa dira, Ongiaren ideia Ideia aldaezinen izatearen eta ezagutzaren zergatia den bezala.

Nola benetako ezagutza lortu? Platonek 4 bide ezberdin proposatzen ditu betiereko ezagutzarantz:

  1. Gogoratzea da ezagutza (anamnesia): Pitagorikoengandik dualismo antropologikoa (gorputza eta arima) eta arimaren hilezkortasuna jasotzen ditu. Arrazoizko arimak gorputzarekin batu aurretik ideiak ezagutu zituen mundu ulergarrian, baina gorputzarekin elkartzean ahaztu egin zituen. Halere, zentzumenezko mundua ideien antzeko kopia moduan eginda dagoenez, hura ikusitakoan ideiak gogora datozkigu. Baina kontuz: gogora ezazu mundu bien artean salto bat dagoela. Beraz, ezagutza ariman betidanik egon den jakintzaz oroitzea da.
  2. Garbipena (purifikazioa): gizon bertutetsuak bere arima pasio eta desioetatik aldenduz, bere gorputzetik banandu behar du mundu ulergarrira heltzeko. Honek, dakizuenez, kristautasunean izugarrizko eragina izango du.
  3. Heziketa (dialektika): heziketa, arima behar den lekurantz birzuzentzeko era da, benetako errealitatera, ideia aldagaitzetara, hain zuzen. Txikitatik hasiko da heziketarekin, ohitura txarrek arima ez kutsatzeko. Dialektika da filosofiaren metodo berezia: gauza anitzetatik ideietara eta ideietatik Ongiaren ideiara igotzeko bidea erakusten digu. Ongiaren ideia azalduko duen zientzia dialektikora ailegatzeko, lehendabizi zientzia pre-dialektikoak ikasi beharko ditu filosofoak: aritmetika, geometria, estereometria, astronomia eta harmonia.
  4. Maitasuna (Eros): maitasunaren objektua izango den edertasunera iriztea ideietara doan beste bide bat da. Edertasuna lortzeko igoera honetan, maila ezberdineko urrats batzuk igaro behar dira: lehenengo gorputz baten edertasuna, gero birena, hirurena, gorputz guztienera ailegatu arte, eta handik arimaren edertasunera, lege eta erakundeena, zientziarena eta azkenean edertasuna bere baitan (hutsa, purua) lortu arte, orduan gizakiaren bizitza benetako balorea lortzen duelarik. Erosen eraginik gabe ez ginateke argudiaketatik intuiziora iritsiko: azkenik, benetako ezagutza lortzeko Erosen eragina beharrezkoa dugularik (gure arimaren aurre-existentzian “ikusi” genuena faltan botatzen dugulako).

Dualismoaren bidez, Platonek bere garaiko filosofiak agertzen zituen zatiketa bateragaitzak konpondu ditu :

  • Sofisten erlatibismoa mundu sentikorra aztertzen duen iritziari dagokio. Sokratesen egi absolutu eta unibertsala, aldiz; mundu ulergarria ezagutzen duen zientzia arrazionalari (episteme).
  • Demokritoren materialismoa gauza sentikorretan ematen da, Pitagorasen espiritualtasuna, berriz, ideia ulergarrietan.
  • Parmenidesen izate aldagaitza ideien munduan gertatzen da, Heraklitoren “panta rei”, aldaketa etengabea mundu sentikorrean ematen delarik.

3.- Dualismo antropologikoa eta arimaren hilezkortasuna

Izatearen eta ezagutzaren dualismoaren parean, gizakiaren izaera ere dualista da: arima eta gorputza gizakiaren bi zatiak, guztiz desberdinak dira eta bata bestearekiko independenteak. Gorputza, zati materiala da, ustelkorra, aldakorra, inperfektua, zikina eta hilkorra; arimaren kartzela da, bere desio eta pasioengatik mundu ulergarria begiztatzea oztopatzen diolarik. Arima, gizakiaren zati espirituala, jainkotiarra, betierekoa eta hilezkorra; Platonen bi munduen arteko zubia da ezagutzaren printzipioa delako. Dena den, ezaugarri hauek ez dira lotzen arimari orokorrean, baizik eta arimaren zatirik gorenenari, hau da, arrazoizko arimari.

Arestian ikusi dugunez, estatua eta arima erlazionaturik daude: Platonek, gizabanakoa eta gizartea konparatzen ditu. Beraz, gizartean ematen diren hiru sailen antzera, ariman ere hiru zati proposatzen ditu:

  1. Irritsezko arima: soinean edo sabelean kokaturik, bizirik irauteko sena, otorduen plazerra, mina eta bestelako nahierak. Gorputzarengandik banaezina den ezkero, hilkorra da.
  2. Suminezko arima: bihotzean kokaturik, gaitzespen, mendeku, ausardia edo koldarkeria gisako sentimenduetatik sortzen den oldarkortasuna bideratzea da bere zeregina. Hilkorra da.
  3. Arrazoizko arima, buruan kokatua, gogamenaren funtzioak betetzen ditu: pentsamendua eta nahimena. Hilezkorra da.

Gizakiaren irudia bezala, arimarena ere dualista dela esan daiteke: gorputzari lotua dagoen zati bat dago, hilkorra; eta arrazoizko arima, hilezkorra. Filosofoak polisa agintzen duen bezala, arima arrazionalak ere zati hilkorrak bide zuzenera gidatu behar ditu ongiaren ideiaren argipean eta, zuhurtasunez josia, suminezko zatia ausarta eta sendoa izaten lagundu; eta bion artean, irritsezko zatia gobernatu neurritasunez jokatu dezan. Arimaren zati bakoitzak bere betebeharra gauzatzen ba du, orduan oreka eta harmonia sortuko da gizakiaren baitan eta zuzena izango da. Beraz, bertutea lau ezaugarri hauek definitzen dute: neurritasuna, sendotasuna, zuhurtasuna eta aurrekoen batuketa orekatua den zuzentasuna.

Arimaren hilezkortasunak, alde batetik, gogoramenaren bidez ideia aldaezinen ezagutza ahalbideratzen du; eta bestetik, zuzena den gizakiari etorkizunean lortuko duen saria segurtatuz, gorputzaren nahikeriak ezabatzeko beharra gauzatzen du. Arimaren betebeharra birjaiotzeko prestatzea da: purifikazioa edo garbipena: gorputzaren esklabotzaz askatzea, heriotza ostean mila urtetan zehar zeruko zoriontasunean bizitzeko (mila urtetan lurrazpiko zigorretan jausi beharrean).


4. Gizartearekiko grina Platonen filosofian

Ikusi dugunez, ideien teoriak helburu praktiko bat du: intelektualismo etikoa dela medio, mundu ulergarriaren ezagutzak zuzentasunez jokatzeko balio du; filosofoa gobernari izatera behartzen duen neurrian, gizabanakoaren jokaera, gizarte osoaren menpean agertzen da.

Praktikotasunarekiko ardura Platonek bizi izan zuen garaiko gertakariekin bat dator. K. a. V. Mendeko gobernariek, oligarkiatik demokraziara, Atenaseko gainbeheraren oinarri izan ziren herri borrokak sortarazi zituzten. Alde batetik, gobernari horien ustelkeria eta ondasun edo botere nahia ikusi zituen Platonek , eta bestalde, asanbladan oinarritua zegoen demokraziak bide zuzenera irizteko gaitasuna galtzen zuela, herrikide bakoitzaren gogoak asetze nahiaren ondorioz. Garai hartako demokrata eta oligarkak izan ziran Sokrates epaitu eta kondenatu zutenak, eta gertaera hau asko arduratu zuen Platon. Egoera horretan “Politeia” liburua idatzi zuen, bertan Sokrates bezalako gizon zintzorik erailko ez duen gizarte ideialaren eredua eraikiz.

Horretarako, hiri ideiala filosofoek agindu beharko zuten, zuzentasuna eta ongiaren jakitun izanik, hiri osoaren ongia ziurtatzeko gai baitziren, bide zuzenetik gidatuz, hirikide guztiak harmonia eta zoriontasunera eramanez. Platonek proposatzen duen gobernu era aristokrazia da, hots, adituen edo onenen gobernua (”aristos”, hoberena esan nahi du). Baina Platonek hiriaren hondamendira daramaten lau gobernu era okerrak azaltzen ditu ere:

  • Timokrazia: gizaki sutsuenak gobernatzen dute, bakea baino hobeto gerra egiten dutenak. Botere, handinahia eta ohore nahia ditu oinarri. Borrokaren berotasunak arrazoia menperatuz amaitzen du, eta orduan ondasunen lagunak bihurtzen dira, eta horrezkero aberatsak boterera daramatzate.
  • Oligarkia: aginteak ondasunen jabetza du oinarri. Aberatsek boterea eskuratzen dute ondasun gehiago egiteko nahian. Ondasun nahi asegaitz horrek gobernua suntsitu egiten du demokraziarako bidea prestatuz.
  • Demokrazia: hiritar guztien gobernua, eta Platonen ustetan adierazpen askatasunaren eta bakoitzak nahi duena egitearen gobernua. Askatasun nahi asegaitzak gogo ezberdinen arteko arazoak sortarazten ditu. Aberatsek, ondasunak galduz, herriaren kontra borrokatzen dute, eta hauek buruzagi tirano bat boterean jartzen du etsaien aurka egin dezan: ez da ba hauxe Platonen garaian gertatu zena?
  • Tirania: hasieran tiranoak zorrak barkatu eta pobreei lurrak emateen dizkie, baina geroago etsai batzuen laguna eginez gerrak sortarazten eta zergak igotzen ditu, hiritarren pobreziak konspirazioa baztertuko duelakoan. Tirania gobernurik ankerrena da.

Ziurki, Platonen ustetan, zentzugabekerian oinarritutako gizarteetan emango diren estatu egiturak dira aurreko hauek. Ezjakintasunaren ondorioz, guztion zoriontasuna erabat ezinezkoa da. Beraz, ez zaie ezjakinei hiriaren gobernua eman behar.

Filosofoa da hiritar guztiak zoriontasunera gidatzeko prestatua dagoen bakarra, heziketa prozesu osoa buruturik zuzentasuna zer den badaki, zientzia dialektikoa menperatzen baitu. Baina ez pentsa bere eginkizuna hiritarrak zentzugabekeriatik ateratzea dela: hiritar guztiok ezinezkoa dutenez benetako ezagutza atzematea, beharrezkoa dute gobernari jakintsu baten gidaritza.

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios