ideien teoria

Platon: Ideien Teoria

Izatea: Ideien teoria

Ideia hitzaren sinonimoak honako hauek dira: esentzia, forma, eredua, paradigma eta gauza bere baitan.

1. Ideien teoriaren helburua

Hiru dira gutxienez teoria honen helburuak:

  • Politikoa: gobernariek ideia aldaezinen argipean jokatzen duten filosofoak izan behar dutelako: heziketa prozesu osoa burutuz ongiaren ideia perfektua ikusi bait dute.
  • Etikoa: bertutea ezagutzean finkatzen delako (intelektualismo morala): behin Ongia ezagutu ezkero, ondo jokatu beharko dute (filosofoek) eta herri hezigabe eta zentzugabea bide onetik eramango dute.
  • Zientifikoa: zientziak (matematika bezala) objektu finko eta aldagaitzez aritzen da; beraz, ezagutza posiblea ba da (eta Platon ziur dago baietz), ideien mundu ulergarri eta aldagaitza existitzea behar-beharrezkoa da .

2. Zientziaren eraketa: ideien teoria

Zelan ebatzi zuen Platonek aldaketaren arazoa? Zelan zentzuek atzematen duten sentipen aldakorren zurrunbiloaren aurrean egiaren ezagutza segurtatuko du?

Platonek, Ideien teorian oinarrituz galdera hauei erantzuna emango die. Baina oraindik urrunago joango da: Ongiaren ideia, printzipio transzendente, aldagaitz eta gorena dela esanez: gauza on eta eder guztien kausa unibertsala eta egiaren eta arrazoiaren iturria izango da.

Lehen-lehenik, eta Heraklitori jarraituz, esperientzia sentigarriaren munduan ez dago ezer ezagutzerik, zentzuek sentsazio aldakorrak besterik ez baitigute ematen. Hau kontutan izanda, Platon, Sokratesen definizio unibertsalak, eta Parmenidesen Izate aldagaitza bateratuz, esperientzia sentikorraren munduarekiko ezberdina den beste mundu bat proposatzen digu: ideia edo forma ulergarrien mundua, alegia.
Horrela, errealitatea bi mailatan zatikatzen da:

  • Mundu fisikoa, mundu sentigarri edo sentikorra edo ikusgarria: esperientzia fenomenikoaren mundua, eguneroko errealitatea, zentzuen mundua, gauza arrunten mundua. Platonen ustetan, erdi izatearen mundua da, mundu ulergarriaren kopia edo irudi hutsa, izatearen eta ez izatearen bidean. Bilakabidearen mundua da, espazio eta denboran kokatua, eta hala, aldakorra.
  • Mundu ideiala, mundu ulergarria edo perfektua: Izatearen edo esentzien mundua: bertan ideiak (paradigma edo eredu eternoak) daude: gauza arruntak, materialak eta anitzak eredu perfektu bakar baten kopia inperfektuak direlarik.

Ideiak ez dira definizioak

Jarraian bururatzen zaigun galdera hauxe da: zertarako Platonek mundua bikoiztu egiten du? Ez da nahikoa mundu honek (gu geu ikusten eta sentitzen dugun mundu bakarra) planteatzen duen arazoa?

Galdera honi erantzuteko, Sokratesen definizio unibertsaletara bueltatu behar gara. Sokratesek, definizio unibertsalak Sofistei aurre egiteko proposatu zituen: beraien erlatibismo moralaren kontra eta legearen konbentzionaltasunaren aurka. Kontzeptu unibertsalak balore moralen ezagutza ziurra babesten zuten: ongia, edertasuna edo justiziaren definizio orokorra eta bakarra emateko bidea aurkituz. Hala ere, Atenasdarrek balore erlatiboen arabera epaitu eta kondenatu zuten Sokrates, sofistek irakatsitako erretorika artearen bidez inposatu zirenak.
Egoera honetan, eta zalantza sahiesteko, Platonek beste mundu batean kokatuko ditu kontzeptu unibertsal eta absolutuak: mundu sentigarriaz haraindi dagoen eta bera baino errealagoa den beste mundu batean: mundu ulergarrian, ideien mundua, alegia. Aurrerago ikusiko dugu Ideiek mundu sentigarriko gauzei izatea ematen diotela, beraz, gauza sentiigarriak existitzen ba dira, Ideia perfektu eta aldagaitzak existitzea ezinbestekoa da. Mundu perfektu honetan Ideia perfektuak existitzen ba dira, nola bere ezagutza ezinezkoa izango da?. Honela, Platonek Sofisten kontrako eztabaidan garaile gertatzen da: ez dago erlatibismorik: Ongia bakarra eta absolutua da, Egia berdin. Erlatibismoa, izatekotan mundu sentigarriarekiko dugun iritziaren ondorioa izango da.

Platonek Sokratesek eman ez zuen pausua jadanik eman du: lehenengo elkarrizketatan agertzen ziren definizio unibertsalei independentzia eman die beste mundu batean kokatuz. Nola?

1. lehenengo galdera: gauza baten esentziaren zergatia galdetu: adibidez:

zergatik txakur hau txakurra da?
Objektu partikularra definizio sokratikoa

2. erantzuna hauxe da: gauza arruntak (sentikorrak) badira, izan, esentzia batean parte hartzen dutelako. Beste era batera esanda: ideien partaidetasunaren kausaz gauzak direna dira. Beraz, gauza sentikorrak, mundu ulergarrian dauden ideien kopia edo itzalak baino ez dira.

Beraz: plano logikotik plano metafisikora salto egiten du:

         Txakur hau    txakurra da,    txakurtasunaren kopia delako,
Objektu partikularra definizio sokratikoa esentzia transzendentea

Edo:

      txakur honek   txakurtasunean parte hartzen duelako
Objektu partikularra esentzia transzendentea

3. Zer da Ideia?

Ideiak, esentzia aldagaitzak dira, betierekoak, transzendenteak, unibertsalak eta mundu sentikorrarekiko independenteak, hau da, gauza arrunta eta partikularrez kanpo daude, hau baino errealagoa den beste mundu perfektu batean. Beraz, Ideiak izatean gehiago dira gauzak baino.

Baina kontuz!: ez dugu pentsatu behar ideiak kontzeptu hutsak direnik: gauzekiko eta adimenarekiko independenteak diren errealitateak izateaz ez ezik, errealitatea bera ere dira. Ideiak hor daude, berez existitzen dira, guk ezagutu baino lehen. Ideia bakoitza bakarra da, absolutua, perfektua, aldagaitza eta betierekoa. Ideiak gauza partikularren izatearen kausa dira eta edozein judizioaren oinarri, hots, gauza konkretuen ezagutzaren kausa:

Ideiak gauzen izatearen kausa: gauzak ez dira berez existitzen, ez dira benetakoak, ideien kopia edo adibide inperfektuak besterik ez dira. Hau da ideiekiko duten menpekotasuna. Materiaren inperfekzioagatik ez dira betierekoak: jaio ondoren usteldu, apurtu edo hil egiten dira. Gauza baten esentzia, gauza horren benetako izaera da, bere zerizan edo eredu aldaezina; dagokion ideia. Mundu fisikoa ideien munduaren aragitzea (enkarnazioa) da. Gauza arruntek eredu perfektu horiei jarraitzen dioten neurrian lortuko dute bere izatasuna. Adibidez: gauza ederrak ederrak dira edertasunean (esentzia perfektuan) parte hartzen dutelako. Edertasunaren ideia, bat eta bakarra da, baina gauza ederrak anitzak eta aldakorrak dira. Honexegatik, ideiek baino “errealitate gutxiago” dute. Izatearen eta ez izatearen bide-erdian daude.

Gauzek ideietara jotzen dute, ideia haragiztatzea nahi dute, sekulan osorik lortu gabe: Partaidetasunak ez du inoiz ez ideia perfektua agortzen, ideiek gauzak transzenditzen dituztelako, gauzaz haraindi daudelako. Baina, nahiz eta transzendenteak izan, immanenteak ere ba dira: gauzek ideien gauzatzea burutzen dutelako, Ideien munduan parte hartzen dutelako edo ideien kopia edo itzalak direlako.

Ideiak gauzen ezagutzaren kausa: ideien kariaz gizakiak ezagutu dezake. Ideiek duten fisonomia ulergarriari ezker, intuizio aktoaren bidez hauteman ditzakegu. Gauzak zentzuen bitartez behagarriak dira, baina aldaketaren pean daudenez gero, berez, ulergaitzak dira. Gauzak ideia baten forma hartu duten materia-zatiak dira, eta materia berez ezagutezina denez gauzak ezagutzeko beharrezkoak ditugu ideiak. Adibidez: nola dakit gauza hau txakur bat dela eta ez dela filosofo bat? Gauza hori “txakurtasunaren” kopia izateagatik “txakurtasunaren” ezaugarri ezagungarriak dituelako, eta gure adimenak ezaugarri horiek hauteman ditzakeelako.

Laburbilduz:

Hiru helburu: politikoa, etikoa, zientifikoa.

Bi mundu: dualismo metafisikoa (ontologikoa):

  • Mundu sentigarria: bilakabidearen mundua, gauzen mundua, espazio eta denboran kokatua.
  • Mundu ulergarria: ideien, esentzien edo eredu perfektuen mundua, betierekoak, aldagaitzak.

Ideiak errealitatearen eta ezagutzaren funtsezko oinarria:

  • Gauzen esentziaren kausa: ideietan duten partaidetasunarengatik gauzak izan, direna dira (ideien kopia izateagatik lortzen dute beren izatea).
  • Ezagutzaren kausa: aldaketaren mundua ezagutezina da: soilik ideiak dira ezagugarriak.

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios