DualismoEpistemologikoa

Platon: Ustea ez da Jakitea

Ezagutzaren teoria

Ideien teoriak arazo serio bat planteatzen du: nola ideiak ezagutu ditzakegu gure mundu arruntaz haraindi ba daude?

Ezagutzea gogoratzea da (erreminiszentzia)

Ideiak gauzez haraindi daude, gauzez kanpo, ez dira beraietan parte hartzen duten gauzen “edukiak”. Beraz, zentzuen bidezko ezagutzak (enpirikoa) ezinezkoa du errealitatea hautematea. Ideiak ezagutzeko mundu ulergarrian zuzenki ikustea izango da bide bakarra.

Platonek, gure arima aurre existitzen dela uste du: jaio aurretik izandako bizitza horretan mundu ulergarrian egona da, eta bertan ideiak ikusi ditu. Baina mundu sentigarrian jaiotzean eta gorputzari batzean aurre-bizitza hori ahazten du, hau da, gizaki konkretuek jaiotzaz ditugu ideiak adimenean, baina ez ditugu gogoratzen. Ideiak ezagutzea, ia ahaztuak genituenak berriro gogoratzea da. Baina gogoratzeko, ideiaren kopiak diren gauzak ideiaren adibide gisa begiratu behar dira; eta gero ulermena landu behar da. Beraz, ezagutza sentigarriaren bidez ideiak gogoratzeko aukera dugu. Ezagutza gogoratzea da, baina mundu sentikorretik ulergarrira “salto” bat dago (begira dialektika).

Ideiak ezagutzen diren neurrian, gure hizkuntzako kontzeptuak dira, hau da, klase bateko banako guztiei dagozkie. Adibidez, gizaki kontzeptua gizaki diren banako guztiei dagokie. Baina ideiak ez dira gauzen ezaugarri ugarietatik komunak direnak aukeratuz (abstrakzioz, Sokratesen erara) lortzen diren kontzeptuak; intuizioaren bidez zuzenean ulertzen diren esentzia zatiezinak dira.

Ondorioz, egia ez dago kanpoan, mundu sentigarrian, baizik eta gure barnean, gure ariman, hain zuzen. Beraz, ideiak gogoratzea, Platonen bi munduen arteko beste zubi bat da.

Ezagutza mailak

Ezagutza aldakorra ala aldaezina izan daiteke. Aldatzen dela badirudi, gauzen izaera ez dugulako ezagutzen izango da, horregatik orain gauza bat sinesten dugu eta gerotxoago kontrakoa. Izatea aldaezina denez gero, izatearen ezagutza ere aldaezina izan behar du edo ez ezagutza izango da. Beraz, benetako egia, ez da gizaki honek ala horrek uste duena, baizik eta berez den zerbait eta inoren ustearen menpekotasunik ez duena, alegia. Egia, ideiari dagokio, esentzia perfektu eta aldaezinari.

Ez-ezagutzatik ezagutzara doan bidean, bi maila nagusi ibiliko ditugu:

ustea edo iritzia (doxa edo ezagutza aldakorra) eta
ulermena edo zientza (episteme, edo benetako ezagutza aldagaitza).

Maila bi hauek, beste bi mailatan zatitzen dira, azkenik guztira lau gelditzen direlarik:

Iritziaren baitan:

  • Ilusioa edo imaginazioa (eikasia): objektu sentigarrien itxurak, itzalak edo objektuen kopiei dagokien ezagutza. Ezagutza mailarik baxuena.
  • Suposizioa (pistis): zentzuen bidez atzematen ditugun objektu materialei lotzen den ezagutza maila. Gure eguneroko munduan ikusten ditugunak.

Zientziaren baitan:

  • Argudiaketa (dianoia): hipotesiaz baliatzen den arrazonamendu diskursiboa, baina hipotesi horien zergatia azaldu gabe (ideien kopiak direla). Objektu matematiko eta logikoei lotua.
  • Intuizioa (noesis): bitartekorik gabe, ideiak eta bereziki ongia zer den eskuratzen duenak. Ideia aldagaitzei dagokiona. Ezagutza mailarik gorenena.

Ondoko taulan ezagutza maila bakoitzari dagokion objektua eta Haitzuloaren mitoan eta Lerroaren diagraman Platonek erabilitako metaforak ikusiko dituzue:

EPISTEMOLOGIA (ezagutza)

METAFISIKA (errealitatea)

Lerroaren diagrama

OBJETUAK

Haitzuloaren mitoa

MUNDU ULERGARRIA esentziak

INTUIZIOA noesis

Zientzia: DIALEKTIKA

IDEIAK

Esentzia ulergarriak

EREDUAK

ARGUDIAKETA dianoia

Zientzia: MATEMATIKA

OBJETU MATEMATIKOAK

Esentzia ulergarriak

EGUZKIAREN ITZALAK

MUNDU SENTIGARRIA gauzak

SUPOSIZIOA pistis

Zientzia: FISIKA

OBJETU MATERIALAK

Gauza sentigarriak

SUAK ARGITUTAKO TXONTXONGILOAK

ILUSIOA eikasia

OBJETU MATERIALEN ITZALAK

SUAK ISLADATUTAKO ITZALAK

Heziketa Prozesua

Ezagutza ezatik (zentzugabekeriatik) ezagutzara doan prozesua Haitzuloaren mitoan eta Lerroaren diagraman azaltzen ditu Platonek, batetik bestera pasatzeko igarobidea heziketa delarik: Jakituriarantz doan bidea, aldats gorako bidea da; beraz, gorenera iriztea lan gogorregia da: gutxiengo batek soilik lortuko du heziketa prozesu osoa betetzea.

Zer ikasi behar da Jakituria izateko? Ikus dezagun Jose Luis Sampedrok jakituriari buruz duen ikuspegia… Bat egiten duen Platonekin?

Dialektika: filosofiaren metodoa

Mundu ulergarrian dagoen ongiaren ideia ezagutzera iristeko, lehenbizi matematika asko ikasi behar da eta gero dialektika: Ongiaren ideiaraino eroateaz ez ezik, ikasketa hauek gerrarako erabilgarriak izatea ere komenigarria da. Zientzia fisikoek ostera, sentipenezko munduari buruzko ezagutza dakarte soilik. Arima aldagarriak eta ustelkorrak diren gauzez aldendu behar da benetako ezagutza lortu nahi ba du.

Matematikak (aritmetika, geometria eta estereometria) ez dira arduratzen gauza sentikorrez, baizik eta arrazoiaren bidez ezagututako objektuez (betierekoak eta aldaezinak), zenbakiez eta geometriaz hain zuzen. Matematikoak triangelu marraztuaz hitz egiten du nahiz eta triangelu ideialean pentsatu: triangelu marraztuak triangelu ideialerantz bidea irudika dezake (printzipio ez hipotetikoetaranzko bidea). Astronomiarekin berdin gertatuko da, nahiz eta bere ikerketa objektuak zeruko gauza aldagaitzak izan.

Dialektika izatearen esentzia hautemateaz arduratzen da, eta hortik, zentzuak alde batera utziz eta soilik arrazoia erabiliz, Ongiaren ideia ezagutzera. Beraz, dialektika ideien mailaketa ikastea da. Dialektikak, matematikak eta astronomiak ez bezala, hipotesi guztiak baztertzen ditu, ezagutza ziurra lortzen duelarik. Beraz, dialektika da zientziarik gorenena.

Noesis, ideiaren bat bateko intuizioa da (dialektika). Jakituria honek justuak egingo gaitu (eta hiria justuki gobernatzeko gai). Ondorioz: ezagutzaren objektuak ideiak dira, baina:

  • ez soilik egia (natura edo makrokosmosaz dakiguna),
  • baizik eta errealitate moralak eta estetikoak (ongia eta edertasuna): gauza eta ideia guztien zergatia eta zentzua adierazten dutenak; ideien perfektutasunaren printzipioak diren Ongia, Edertasuna eta Egia; mundu sentigarrian ematen diren erlazio unibertsalak azaltzen dituztenak

Intuizioa, ideia “ikustea” da, baina: munduko euli guztiak leku berdinean egonda ere ez genuke inoiz euliaren ideia perfektua atzemango. Salto bat dago: partikular guztien ezaugarri konkretuen gainetik, balore moral eta estetikoak atzeman behar ditugu, hauek ematen baitiete benetako zentzua mundu ulergarriko ideiei.

Orduan: dialektikaren helburua zera da: haitzuloan bizi garen atxilotuak askatzea. Heziketa zuzenaren bidez, ongia eta edertasuna ezagutzea eragozten duenaren kontra egitea. Baina kontuz: Platonen xedea ez da jakituria neutral eta hotza; balore etikoa duen jakituria du helburu, jakituria intuitiboaren bidez lor daitekeen egiarekiko maitasunaz (eros) gidatzen den jakituria, hain zuzen.

Eros: benetako egia lortzeko egiten den prozesua maitasun hutsez egiten da. Haurrei gauza ederrak erakutsiz edertasunarekiko maitasuna sortuko dugu haiengan. Beraz, Erosengandik filosofoak edertasunaren (ongiaren egiaren) ideia desiratzen du eta lortzen duenean bertutea gauzatzeko gai izango da. Argitu behar da, hiritar gehienek hau lortzeko gaitasunik ez dutenez, gobernarien eginkizuna izango dela hiritarren eredu eta gidari izatea.

Zergatik benetako ezagutza ezin da txarto erabili? Egia, Ongia edo Edertasuna ezagutzean, unibertso osoaren plana ezagutzen dugu eta ezinezkoa dugu txarto jokatzea:

  • Plan hori ederra, benetakoa eta ona delako, eta,
  • Planaren edertasunak gure maitasuna (eros) asetzen duelako.

Gogora ezazu egiaren maitasunagatik lortu dugula benetako ezagutza. Hortaz, gure helburua mundu sentigarrian “edertasun zuzentasun ongi egi” hori ahal den hobekien hedatzea izango da, harmonia kaosaren kontra eta ongia gaizkiaren kontra ezarriz. Beraz, Ongia ezagutu ezkero ez ditu soilik gauza onak nahi izango, Ongia bera gauzatzea baino.

Orduan… Zer ote da Ongia?

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios