bertuteak

Platon: Etika eta Politika

Gizakia polisean


Greziarrentzat etika eta politika ez dira kontzeptu banatuak: gizakia ez da bakarrik gizabanakoa; batez ere hiritarra da eta polisean eskuratzen ditu hiritar on eta ondraduaren bertute moralak. Gizakiak ezinezkoa du bakarrik bizitzea gauza asko behar dituelako: elikagaiak lortzea kanpokoen erasoetatik babestea eta hiri osoaren zoriona burutzeko gai den gobernaria. Polisean gizakiak bere premiak asetzeko parada dauka. Behar hauek oinarri hartuz Platonek gizartea osatuko duten hiru maila sozialak lanaren banaketan oinarrituko ditu: ekoizleak, zaindariak eta gobernariak hain zuzen ere.

Beraz, Platonek filosofia eta boterea elkartzen ditu: polis ideiala, hiru gizarte mailatan banatzen du: artisauak edo nekazariak, zaindari edo gudariak, eta gobernari-filosofoa.

  • Behe mailan, eskulangileek (ekoizleak) elikagai eta lanabes edo tresna beharrei eutsiko diote.
  • Gorago, zaindariek hiriaren defentsa hartuko dute, kanpotik zein barnetik datozenak (barbaroen erasoak edota barruko erreboltak). Gudarien mailatik ondorengo gobernariak aterako dira -hoberenak- bere gain hiriaren funtzionamendua hartuko dutenak, eta horregatik Errepublika liburuan elite honen heziketa sakonki azaltzen du Platonek.
  • Azkenik, filosofoak hiria gobernatuko du, berak bakarrik dakielako eta gizarte maila bakoitza bere funtzioa betetzeaz arduratuko da; hau da, gizaki bakoitzaren areté-a edo bikaintasuna bideratuko du  (edertasuna (kalós)+ bertutea).

Hiru arimen arteko proportzioa

Etikaren eginbeharra bertutea da, hau da, gizakia bertutetsu bihurtzea. Nola?
Gizakia izaki arrazionala eta morala den neurrian bere izaeraren benetako garapena lortuko du (gogoratu gauzak bere ideia burutzea dutela helburu, nahiz eta sekulan ere osorik lortu). Horretarako, gizakiak bere arima era zuzenean garatu behar du, beste era batera esanda: arima behar den moduan zuzendu behar du. Zer esan nahi du honek?

Platonek hiru arimaz osoturik gaudela dio. Arima bakoitzari bertute bat dagokio eta gizarte maila batekin lotuta dago:

  • Irritsezko arimari: neurritasuna, eskulangile eta nekazariek lortu behar dutena.
  • Suminezko arimari: sendotasuna, adorea, zaintzaileek izan behar dutena.
  • Arrazoizko arimari: zuhurtasuna edo jakituria dagokio, gobernariek lortu behar dutena. Arima arrazionala da, noski, hilezkorra den bakarra.

Zuzentasuna lortzea, hiru arimen eta bakoitzari dagokion bertuteen proportzioan datza. Beste era batera esanda, bakoitzak bere funtzioa betetzean gizartean zuzentasuna gauzatuko da. Baina kontuz: hiru bertuteak osotasun bat eratzen dute, ezagutza berberaren adierazleak direlako; gizakiarentzat Ongia zer den edo gizarte osoaren zoriontasuna dutelako helburu. Beraz: ongia ezin da erlatiboa izan: batetik, Erosengatik guztiok nahi dugulako zoriontasuna, eta bestetik, ezagutzaren objektu gorengoa izanik zerbait absolutua eta iraunkorra izan behar duelako.

Dualismo antropologikoa eta heziketa

Gizakiaren benetako izaera edo esentzia bere arima da: mundu ulergarria desiratzen duena baina mundu sentigarriaren ilusio-zentzugabekeriaren esklaboa dena. Gurdi hegadunaren mitoan  azaltzen du : gizakia bi zaldik tiratzen duten gurdia bezalakoa da: zaldi zuria ona eta ederra da, zaldi beltza ostera, gaiztoa eta itsusia. Horrela, gurdiaren gidaria den arrazoiak ez du gurdia modu errazean gidatuko: arima arrazionalak ezagutzaz baliatuz, adoretsua eta sendoa izan behar du eta irrika eta desioak menperatuz arima behar den lekurantz zuzendu (gorputzarekin kutsatu baino lehen edo jaio aurretik egondako ideien mundura, noski).

Hurrengo bideoan -gaztelaniaz- Gurdi hegadunaren mitoa modu ederrean azaltzen da, Platonek Fedon liburuan kontatu zuen bezala (klik testua irakurri nahi baduzu)

Gizakiaren kontzeptua funtsezkoa da heziketa prozesua ulertzeko:

  • heziketa ez da ezagutza jartzea ezagutzarik ez dagoen lekuan (sofistek diotenez)
  • heziketa, gure ariman jadanik dagoena ateratzea da (erreminiszentzia edo jatorrizko ideiak).

Hurrengoa “las vidas posibles de Mr Nobody” filmearen hasiera duzu, eta Platonen arimaren teoriaz zenbait ideia

San Agustinek ere horrela esango du: ezagutza lortzeko, arima ez da “kanpora” atera behar, “barruan” daukana sakonduz lortzen baita ezagutza.
Beraz; ahaztu ditugun ideiak gogoratzeko heziketa prozesua (Argiaranzko igoera), prozesu geldoa eta mingarria da: lehenengo ohitu beharko gara guretzat gehiegizkoa den argitasunera; horretarako ezagutza mailakatua agertzen zaigu. Bestalde, gure inguruko ezjakinek barre egingo digute eta askotan nahaste eta zalantzak ere agertuko zaizkigulako.

Etikaren objektua den Ongiak justifikatzen du Platonek eraiki zuen sistema filosofikoa. Ongia zer den galdera, sistema horretan abiapuntua izateaz gain, sistemaren helburua ere delako.

Horregatik polis ideialean justizia egotea hoberenen artean hautatua den filosofo gobernariaren jakituriak ziurtatuko du; egia eta ongia oinarri dituen Estatua eraikitzeko nahitaezko baldintza. Ezagutza eta gobernatzeko artea gobernariarengan materialtzen dira: gaitasun intelektualean eta prestakuntza zientifikoan fundatua dagoen aristokrazia berezia.

Gobernu formak honela antolatzen ditu Platonek (informazio gehiago Politeia Ideia Nagusiak 4 atalean):

  • Aristokrazia (Aristós= hoberena): hoberenen gobernua da, dialektika ezagutzen dutenena. Gobernu formarik onena.
  • Timokrazia (Timé= ohorea): gerra egiten hobeto dakitenak gobernuari mesede egitea baino. Gobernariak ez dira hoberenak; anbizio, handinahia eta ohore nahia dutenak baizik.
  • Oligarkia (Oligós= gutxik): esplotatzaileek agintzen dute: ondasunak irabazteko aginte postuen bila dabiltzanen gobernua.
  • Demokrazia (Demos= herria): hiritar guztien gobernua,: askatasuna da nagusi, bereziki adierazpenean. Ez dago besteak kontrolatzen duen aginte sendorik, eta guztiak dira berdinak. Platonen ustetan ordena eta indarraren galbideratzea da.
  • Tirania: politikaren hondaketa da, eta gobernurik okerrena, demokraziaren ondorioa. Askatasuna erabiltzen ez jakiteagatik norbaitek indarrez boterea hartzera eta menderatzera darama. Demokraziak lider bat behar du eta egoera honek tiranoari aukera emango dio.

“Hau ikustean, eta politikan jarduten ziren gizonak ikustean, zenbat eta gehiago legeak eta ohiturak kontutan hartzen nituen, eta nagusituz nihoan bitartean, gero eta zailagoa iruditu zitzaidan Estatuko gauzak era egokian administratzea…/…Legegintza eta moraltasuna ustelduak zeuden eta zelakoa zen ustelkeria, ni, hasieran guztien onean lan egiteko adorean nengoela, egoera hau aztertuz eta guztia nora ezean zihoala ikusita, azkenean mintzo gabe (balditua) gelditu nintzela…/… Ororen buruan, eguneko estatu guztiak gaizki gobernatuak daudela ulertu nuen, bere legegintza praktikan sendaezina delako prestakuntza indartsuak inguru zoriontsu bati lotzen ez ba zaie. Orduan, filosofia goraipatzera, eta baita ere, bizitza publiko eta pribatuan justizia non dagoen soil-soilik filosofiaren argipean ikus daitekeela aldarrikatzera beharturik sentitu nintzen. Hau dela eta, boterera benetako filosofo hutsak heldu arte, edo hirietako nagusiak -jainkozko grazia bereziren bategatik- filosofatzen hasi orduko, ez dira gizakiarentzat gaizkiak bukatuko”. VII. Eskutitza.

Platon: Testuinguru historikoa
Platon: Bizitza eta filosofia proiektua
Aldaketaren arazoa: Garai kosmologikoa
Garai kosmologikotik garai antropologikora
Platon: Ideien Teoria
Platon: Ustea ez da jakitea
Platon: Etika eta Politika
Platonen Politeia: ideia nagusiak

Anuncios