AgusatinRetrato

Agustin Hiponakoa: Bizitza

Bizitza: hiru konbertsioak

Izan al daiteke inor erromatarra eta afrikarra, hizlaria eta idazlea, filosofoa eta teologoa? Eta, aldi berean, nekazaria eta ikaslea, libertinoa eta aszeta, fedegabea eta kristautua, aita ezkongabea eta gotzaina? Nola liteke gero bere jakintsu eta santu ospeak mendez mende bizirik irautea? Gezurra badirudi ere, gerta liteke, eta halakoxea izan zen, egiaz, Aurelius Agustinusen edo San Agustinen bizitza gorabeheratsua.

mapa AgustinAgustin Hiponakoa Ipar Afrikako Tagaste hirian jaio zen 354 urtean. Kristautasuna ia Erromatar inperio osoan hedaturik zegoen, baina artean bizirik zirauten sinesmen erlijioso greko-latindar batzuek ere. Agustinen aita, Patrizio izeneko lur jabea, horrelako sinesmenen jarraitzaile zen; ama Monika, oso kristaua zen, ordea –santu egin zuten gerora–, eta Agustin gaztea fede berriaren bidean jartzen saiatu zen. Baina gaztaroan kristau fedetik urrunduz, Erromatar inperioan zutik irauten zuten greziar filosofiako zenbait eskola ezagutu zituen (platonismoa eta neoplatonismoa bereziki). Agustinen pentsaera Konfrontazio honen ondorioa izango da: greziar filosofia eta kristautasunaren arteko sintesia egingo du, errealitatearen ezagutzaren iturriak diren arrazoia eta fedea elkartuz.
400 urtean idatzitako “Aitorkizunak” idazlanean bere ibilbidea azaltzen digu, gaztetan izandako zalantzekin hasiko dena. Bertan hiru konbertsio izan zituela esaten digu:

Lehenengo konbertsioa

Agustin sutsua omen zen, eta horrelakoa izango zen ere sexuarekiko. Bere bizitza estuki loturik dago plazerari eta honek sorrarazten dion kontrako bi sentsazioen artean bizi beharrari: desiratutako emakumeen besarkada gozoa eta“fornikazioaren” erruaren arteko borroka. Badirudi oso gazte hasi zela arinkeriaz eta lizunkeria horietan. 16 urte zituelarik Kartagora joan zen ikasketak jarraitzeko, bertan emakume batekin bikote harreman bat hasi eta 372 urtean Adeodatus semea izan zuen. ondoren, Zizeronen “Hortensius” lana 19 urteekin irakurriz jakituriarekiko grina piztuko zaio. Hasieran kristautasunean bilatuko du, baina bibliaren irakurketan dezepzionaturik geratu zen. Garai hartan Jainkoa eta gaizkia dira bere kezka nagusiak: Nola da posible gaitzaren existentzia Jainko on batek sortutako munduan? Zer da gaizkia? Cartagon talde manikeista batean “entzule” sartu zen. Manikeismoan erantzuna aurkitu zuen. Manikeoak dualistak ziren: kontrako bi printzipioen arteko borroka etengabea zegoela zioten, Argiari eta Iluntasunari lotuak. Modu berdinean gizakiarengan ere bi arima daude: espiritua, argia eta Jainkoarena eta gorputza, iluna eta deabruarena. Espiritua gorputzaren materiaren ondorioz gatibua zela zioten manikeoek. Beraz gaitzaren eta giza grinen arazoaren azalpena esklabotza horretan ikusiko du Agustinek.

375ean, Kartagon, erretorika-eskola bat ireki zuen, 21 urte zituela, eta eskola horretan irakatsi zuen 29 urte bete arte.
383an, Erromara joan zen, eta beste erretorika eskola bat ireki zuen. Erromara joan baino lehen, ordea, zalantzak sortu zitzaizkion manikeismoaren dualismoaz, eta han, Erroman, Fausto apezpiku manikeoarekin izan zuen elkarrizketan desengainatu eta krisi handi batean murgildu zen. Egia aurkitzeko itxaropena galduta, Akademia Berriaren Eszeptizismoarekin topo egin zuen. ”Filosofo akademikoak zuhurrenak izan zirela uste izan nuen garai hartan, gauza guztiak zalantzan jarri behar direla oinarritzat hartzeagatik eta egia gizakiarentzat ulertezina dela pentsatzeagatik”

Bigarren konbertsioa

Hiri santuan plazerez betetako bizitza izan ondoren, Milanen erretorika irakasle izan zen. Milango apezpikua zen Anbrosioren eraginez Platonen eta Plotino neoplatonikoaren zenbait liburu irakurri zituen: errealitate ez materialak daudela konturatzen da (justizia, egia, maitasuna…) “Jainkoarengan pentsatzen saiatzen nintzenean errealitate gorpuzdunak baino ezin nituen imajinatu, kalitate hori izan ez zuen gauzarik ez zegoela uste nuen eta” Horrezkero, egia aurkitzeko itxaropena berpizten zaio. Egiaren argi aldagaitza, izaki espiritualak eta gauza guztien iturri den jainkoa; liluraturik uzten dute Agustin eta manikeoen doktrina materialistak utziz jakituriarekiko maitasuna berreskuratzen du.

Hirugarren konbertsioa

Milanen lorategi batean zegoela gertaera harrigarri bat gerta zitzaion: ahots batek “tolle et lege” (har eta irakurri ezazu) esan zion. Bere lagun Aleporengana korrika doa, eta hura San Pauloren gutunak irakurtzen aurkitu zuen. Agustinek liburua hartu, eta ireki zuen ausaz, eta bere begiek mezu hau irakurri zuten:’Ez iragan bizitza amaigabeko jaialdietan eta mahaiko plazeretan … ; alderantziz, Jesukristo Jaunaz jantz zaitezte, eta haragiaren neurrigabeko nahikerietatik gorde zaitezte‘. Agustinek barneko dei indartsu bat sentitu zuen, komunitate erlijioso batean bizitzeko deia, hain zuzen.

Anbrosio Apezpikuak Agustin bataiatzen386. urtean, Agustin, plazeretatik aldenduz kristau zintzo bat izatera dator. 386ko ikasturtea amaitzean, irakaskuntza eta berekin bizi zen emakumea utzi, eta ama, Monika, bere seme Adeodato eta lagun batzuekin Kasiziakora bakartu zen, bataioa prestatzeko asmoz. Ebanjelioak eta San Pauloren Epistolak irakurriz eta gogoeta eginez, kristau-doktrinak bereganatu zituen, eta 387an Anbrosiok bataiatu zuen. Garai hartan areagotu zuen idazle-jarduera,De vita beata (Bizitza zoriontsuaz) -haren pasarte bat jorratuko dugu- eta Contra Academicos, Soliloquia eta De Immortalitate animae idatzi zituen.
Erromara itzuli zen denbora labur batez (De libero arbitrio), eta 388tik 391ra Kartagon izan zen, monasterio batean (De vera religione). 391n, apaiz egin zen Hiponan, eta zenbait lan ere idatzi zituen; besteak beste, manikeoen eta donatisten aurka, Bibliako eta San Pauloren Gutunei buruzko zenbait iruzkin. 396an Hiponako apezpiku izendatu zuten. Garai hartan, Doktrina kristauaz, guztiz famatua den Aitorkizunak, Hirutasun Deunaz (De Trinitate) eta Bibliako Hasiera liburuari buruzko iruzkinak idatzi zituen. 411tik aurrera, pelagianoen aurka, De libero arbitrio, Jainkoaren hiria … idatzi zituen.

Agustin 430ean hil zen, bandaloek Hiponako hiria setiatu zuten garaian, eta, Erroma jadanik erorita, Erromatar Inperioa behin betiko suntsitzen zihoanean.
Agustinek izaera eta espiritu guztiz sutsuak izan zituela ere gehi genezake. Ingurune soziopolitikoak eta kulturalak eragin handia izan zuten Agustinengan.

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios