Eskola Helenistikoak,Neoplatonismoa eta patristica

Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa

Inperioaren gainbeherarekin gizabanakoa galdurik agertuko da bere bizitzaren erreferentzia puntuak galdu baititu. Bizitzaren arazoak konpondu nahian kutsu etikoa duten filosofia eskolak (estoikoak eta epikureoak); eta neoplatonismoa bezalako filosofia “mistikoak” sortuko dira..

Filosofia klasikoarekiko konparatuz Kristautasunak ikuspuntu berria suposatzen du (Jainkoaren haragitzea, ex nihilo kreazioa, haragiaren piztuera… ) Mundua ulertzeko modu unibertsala izan nahi badu, kristautasunak, greziar filosofiaren ideiak eta beste dotrina mistiko-erlijioso batzuk kristau ortodoxiarekin integratu edo deuseztatu beharko ditu. Arrazoiaren eta fedearen arteko borroka da, filosofia eta teologiaren artekoa hain zuzen..

Honela filosofiaren historiaren garai hau bitan banatu daiteke:
  • greziar filosofian errotzen ziren eskola helenistikoak;
  • erlijioarekiko grina dutenak geroago:
    • Neoplatonismoa: Platonen pentsamendua ekialdeko erlijio mistikoekin elkartzen duena
    • Patristika: kristau fedea eta filosofia klasikoa bateratuz Erdi Aroa definituko dutenak.

Eskola helenistikoak

Greziako filosofiatik datozen eskola Helenistikoak (zinismoa, estoizismoa, epikureismoa eta eszeptizismoa), zutik iraungo dute erromatar inperioan zehar. Alejandro Handiaren inperioak polisaren desagerpena dakar, aurreko garaian zegoen oreka apurtuz. Horren aurrean, epikureismoa eta estoizismoa bakoitzak bere erara zoriona lortzeko bideak eskaintzen dituzte. I. Mendetik aurrera, platonismoa filosofia nagusia bihurtu zen aristotelismoa eta estoizismoa bere barruan hartuz, eta III. Mendean, neoplatonismoaren ukitu batzuekin, kristautasunaren solaskide egokia izango da.

Eszeptizismoak aipamen berezia du: Agustinek eszeptizismoarekin bat egin zuen egiaren bilaketan izandako desilusio baten ondorioz, baina azkenik eszeptizismo erradikala ezinezkoa dela frogatuko du“De Vita Beata” testuan ikusiko dugun bezala.

Aristotelismoa

Aristotelesen Etika erromatar inperioaren ideiekin bat egiten du: eudaimonismoa, zoriontasuna bizitzaren helburu nagusia dela baieztatzen duena; eta jakituria edo egiaren kontenplazioaren bitartez garatuko da. Geroago, XIII. Mendean, Akinoko Tomasek bere ideiak kristautasunaren doktrinarekin (platonismoa barne) lotuko ditu.

Epikureismoa

Epikurok (K. a. 341-327) “Lorategia” izeneko eskola zabaldu zuen. Bertan ikasketak ez ezik, adiskidetasunak ere sekulako garrantzia izango du. Epikureismoak bizitza zoriontasunera bideratuko duten ideia moralak garatuko ditu:

  • Alde batetik, politika gizakiaren nahigabeen jatorria izanik, ez da jakintsuentzako komenigarria, beraz parterik ez hartzea gomendatzen dute.
  • Alderantziz, gizakia lagunartean ezkutaturik autarkia (norberak bere bizitzaren gobernua hartzea) lortzen saiatu behar da eta autarkiaren bitartez ataraxia, hots, min eta kezka eza.

Zoriontasuna lortzeko plazerra lortu eta mina baztertu behar du gizakiak. Beldurrak sortzen duen mina ikusirik beldurtzen gaituena aztertuko dute:

  • Ez diegu jainkoei beldurrik izan behar, hain perfektuak direnez ez direlako gizakien arazoez arduratzen
  • Heriotzari ez diogu beldurrik izan behar: bizi garenean ez dugu heriotzaren sentipenik eta hiltzen garenean ez dugulako inolako sentipenik

Beldurrak alde batera utzita plazera da zorionaren oinarria: ez da gorputzari lotua dagoen plazera (beren etsaiek leporatu zioten bezala), baizik eta plazer espirituala eta afektiboa biltzen dituena. Beraz, minak baztertuz eta, plazerak konbinatuz, adorearen oreka perfektua lortzea dute helburu; hau da, baretasuna eta lasaitasuna, ongizate fisikoa eta espirituala.

Estoizismoa

Zitioko Zenonek (K. a. 336-264) sortutako eskola, dudarik gabe erromatarren artean eskolarik indartsuena izango da: bere kosmopolitismoa eta munduaren ordena arrazionala inperioaren ideiekin bat egiten baitzuten. Politikari dagokionez, epikureismoaren kontra, gizakia politikan aritu behar da benetako askatasuna lotzeko.

Moralaren ikuspuntutik, zoriontasuna ez da plazeretan oinarritzen, autokontrolean baizik. Moralaren lehen legea naturaren arabera bizitzea da: arrazoiaren arabera, natura arrazoizkoa delako. Giza arrazoiak dibinitatearen kutsua du, guztia arrazionala delako. Horrela, dena determinaturik dagoenez, den bezala onartu behar da. Ondorioz, zoriontasuna patua baretasunarekin onartzean datza; hau da, zorigaitzen aurrean jarrera ikaragaitza izatea (jarrera estoikoa).

Seneka, Epikteto eta Marko Aurelio estoizismo greko-erromatarraren adierazle famatuak izan ziren.

Eszeptizismoa

Korronte eszeptikoa Eliseko Pirronek (K.a. 360-270) sortua, akademia platoniko berrian jarraitasuna izango du. Eszeptikoek arrazoiak egia deskubritzeko gai ez dela uste zuten. Gauzak nolakoak diren ezin da ezagutu:

  • Alde batetik, zentzumenek gauzen itxura bakarrik erakusten digute, sentsazioak erlatiboak eta aldakorrak direlako;
  • Bestetik, iritziak, baloreak eta kultura konbentzioetan oinarritzen direlako.

Hau ikusirik hoberena iritzirik ez ematea (epoché) eta ezer ez esatea (aphasia) da, faltsu edo benetakorik ez baita existitzen. “Egia” jada aurkitu duela uste duten Filosofo dogmatikoen kontra, eszeptikoak bilaketa amaigabean geratuko dira, arrazoiaren ahultasunak ezinezkoa baitu egia ezagutzea. Bere bilaketa filosofo dogmatikoen argudioak ukatzean datza.

Eszeptizismoak ezagutza ziurraren ezintasuna ikusita ataraxiaren etika bat proposatzen du.

  • Erabateko ezagupenak lortu nahi izatea lasaitasunik ezaren iturri da.
  • Bizitzan interesatzen den gauza bakarra espirituaren lasaitasuna edo ataraxia lortzea da.
  • Gugandik kanpo dagoen guztiak ez du garrantzirik.
  • Itxuren mundu batean bizi behar dugunez, praktikan ulergarriena litekeena aukeratu beharko dugu.

Neoplatonismoa

III. mendean sortzen den korronte filosofiko honek, platoniar pentsamendua ekialdeko ideia erlijioso-mistikoekin bateratzen du. Alexandriako Filon-en eragina nabaria da eta horregatik neoplatonismoaren aitzindari bezala agertzen da. Ammonio Saccas-ek fundatua, Plotinok sistematizatuko du.

Alexandriako Filon (K. a. 25 – K. o. 50)

Alexandriako Filon (filosofia juduaren ordezkari nagusia judua ere deitua) Platonismo eta estoizismoaren zenbait ideia bibliako interpretazio alegorikoekin elkartu zituen.
Errealitate gorena edo lehen printzipioa ongiarekin berdintzen den testamentu zaharreko Jainkoa da. Jainkoarengandik logosa (arrazoia, pentsamendua, hitza) sortzen da. Logosaren baitan Ideiak daude eta Logosak mundua sortzen du (demiurgoaren antzera) bere gogamenean dauden Ideia perfektu horiei begira.
San Joanen ebanjelioaren hasierak bere pentsamenduarekin antza handia du:

Hasieran bazen Hitza (logos); eta Hitza Jainkoarena zen; eta Jainkoa zen Hitza. Hitza hau hasieran Jainkoarekin zen. Dena Hitzaren bidez egina da; eta eginikoetan ez dago ezer Hura gabe eginik” (Juan, 1, 1-3)

Agustinek honela dio

«(Neoplatonikoen liburuetan) Irakurri nuen -ez literalki, baina bai mamian- askotariko argudioetan oinarritua; Hasieran Hitza existitzen zela eta Hitza Jainkoarekin zegoela eta Hitza Jainkoa zela. Gauza guztiak Hitzak egin zituela eta Hura gabe ezer ez dagoela eginik»…/… «Han irakurri nuen ere, Hitza, Jainkoa, ez zela haragitik, odoletik, edo gizonaren-gogotik jaioa, baizik eta Jainkoagandik sortua dala». (Aitorkizunak 7,9,13)

Plotino (K. o. 205-270)
Porfirio eta Plotino
Philosophers Porphyry and Plotinus Dispute Astrology (medieval illuminated manuscript)

Egipton jaio, eta urte askotan Saccas-en ikaslea izan zen. 245an Erromara heldu zen bertan bere eskola sortu zuen. Filon-en pentsamenduan bezala, Plotinorentzat ere hasieran printzipio bakarra dago: Bat-a. Bat-a sistemaren gailurrean kokatzen du, izakiak sortu baino lehenago; bere existentzia soilik ezagutzen dugu, baina ezaugarri konkreturik gabe. Bat-ak jarioz gauza guztiak sortzen ditu eta gauza guztiak Bat-era itzultzen dira. Horretarako, printzipio gorenetik pentsamendua ( logos, nous-a) sortzen da; logosetik munduaren arima, eta jarraian degradazio prozesuan gauza materialak.

Gizakia, materiaren eta mundu ulergarriaren arteko zubia da. Zoriontasuna Bat-arengana itzultzean datza: mundu sentikorretik guztiz askatzean zoriontasun osoa den “estasian” bukatzen da.

Filosofia kristaua: Patristika (elizako gurasoak)

Patristika kristautasunaren antolaketaren historiaren garaia da, antzinako kristauetatik VIII. mendera arte luzatuko dena, baina IV -V mende-tartea urrezko garaia izan zela esan daiteke. Patristikak bi zeregin izan zituen:

  • lehenengo kristau dogma bat definitu eta zehaztu zuen, 325ean Nizeako I. Kontziliotik aurrera; eta
  • bigarren, kristautasunaren apologia eta defentsaren ardura hartu zuen, hasieran erlijio paganoen kontra, ondoren Kristautasunaren interpretazio heterodoxoen aurka, heresia berrizendatu zituztenak.

Historiaren arabera rol ezberdinak egon ziren:

  • Guraso apostolikoak: I. eta II. mendearen hasieran apostoluekiko hurbiltasun zuzenean daudenak, Lan sinpleak idatzi zituzten, eskutitz, dokumentu edo aholkuak.
  • Apologista kristauak: III. Mendetik aurrera Jesusen bizitzari buruzko testigantza zuzenak galduko dira, apostoluak eta hauen ikasleak hil direlako. Apologistak izendatzen dira, kristautasuna jentilen kontra defendatu zutelako: judu, pagano, eta enperadoreen kontra. Agustinen Manikeoen kontra eta Civitas Dei, “klasikoak” dira generoan
  • Dotrina formulatzaileak: III. Mendetik aurrera, kristau egiak formulatu eta oinarritu egingo dituzte filosofia platonikoan oinarrituz, estoikoen zenbait ideia eta neoplatonismoaren laguntzaz. Lan hau Agustinen sintesiarekin burutuko da. Harrezkero, aurrekoengandik jasotakoen bilketa eta taxutze lana egingo dute batez ere.

Patristikaren helburua, kristautasunaren mundu ikuskera berria filosofia paganoaren aurrean finkatzea eta ahal zen neurrian horiekin elkartzea zen. Desberdindu dezakegu:

  • Patristika grekoa, greziar filosofiaren kontzeptuetatik abiatuz kristau kontzeptuak zehazten saiatuko dira (metafisika kutsua): logosaren haragitzeak eta berpizteak jainkozko izaera ematen die gizakiari, munduari eta kosmosari.
  • Patristika latindarra ez du metafisikaren hainbesteko ardura izango eta kristau kontzeptuak doktrina batean formulatuko dituzte, hau da, heziketa eta predikazioaren bidez erakusten den “dogmatika” batean: salbazioaren historia gizaki bekatariaren eta Jainko errukitsuaren arteko topaketaren historia dela. Agustin Hiponakoa horietako bat dugu

Justinok eta Origenes-ek fedea eta arrazoia parekaturik ikusten dituzte eta Agustinengan eragingo dute: ezagutza iturri bi onartzen dituzte: fedea eta arrazoia; egiaren oinarria fedea izango da eta arrazoiaren zeregina fedeari laguntzea.

Justino (K. o. 105-165)

Greziar filosofoak beraiek jakin gabe kristauak zirela zioen: Platonen mundu ulergarria eta ongiaren ideia, eta estoikoen Logosa eta morala. Ideia hauek kristautzen ditu filosofia kristau sinesmenaren zerbitzuan jarriz. Bere aburuz, Kristorengan errebelatzen den Jainkoaren hitzak gizaki guztiak argitzen ditu.
Aldi berean, Jainkoaren existentzia, arimaren hilezkortasuna eta ongiaren izaera; arrazoiaren bidez ezagungarriak direla esaten du. Beraz: fedearen eduki errebelatuak eta arrazoia bateratzen ditu.

Origenes (K. o. 185-254)

Fedea (Jainkoaren legea) eta arrazoia (filosofia) ez direla kontrakoak, biak beti bat ez etorri arren. Honela, neoplatonismoaren eta ebanjelioaren arteko zubia proposatzen digu: Jainkoak gauza guztiak sortu ditu, bere Hitza edo Logosaren bitartez gauza guztiak egin eta gobernatzen dituenez, Jainkoaren Hitza (Logos) gauza guztien ordenatzaile bilakatzen da. Bestalde, San Agustinen bi hirien aitzindaria dugu: Origenes-ek ere bi hiri daudela dio, gizakiarena eta Jainkoarena.

 

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios