Filosofia9Teologia3

Arrazoia eta Fedea

Arrazoia eta Fedea: Filosofia eta Teologia

Greziarrek ezagutzaren mugak bizi izan zituzten aldaketaren arazoarekin: ezagutza sentikorrak ezinezkoa du mundu aldakorra ezagutu. Honezkero arrazoiak ezagutu ahal dituen esentzia aldagaitzetan aurkitu zuten zientzia ziurra. Esentzia horiek bi eratan ulertu zituzten: kontzeptu immanenteak, abstrakzioz ezagutuak (sentipenezko datuetan komuna dena arrazonatuz) edo, esentzia transzendenteak dira, mundu materialaz haraindi eta intuizioz (Platon) ezagutuak. Nahiz eta ezjakituriatik ateratzeko eta egia lortzeko bideen ikerketa egin, greziar filosofoek ez zuten inoiz esan egia absolutura iritsi zirela. Are gehiago, eszeptizismoak ezagutza ziurra ezinezkoa zela baieztatu zuen.

Kristauek ostera, egia absolutua eta zalantza ezina Jainkoarengan aurkitu zuen. Neoplatonismoarentzat, fedearen edukiak ez dira arrazoiaren kontrakoak: fedea arrazoian oinarritua dago ,kristauek geroago esango duten bezala; baina “Bata” (Jainkoa) ezagutezina dela esan zuten.

Michelangelo Jainkoaren antza eta erara sortua: askea, arrazionala

Kreazionismoa: Agustinek neoplatonikoekin izaki immaterialak daudela ikasi zuen, baina haien jariotasunaren kontra, Bibliako Genesian jasoko ditu bere pentsamenduaren ideia garrantzitsuak: Jainkoak bere borondatearen erabaki batez ezerezetik unibertso ordenatu bat sortu zuela esango du, bere baitan dauden ideia edo logosaren haragiztatzea. Gizakiaren izaera berezia eta bikoitza da: alde batetik, materiala da, beste edozein izaki natural bezala; bestetik, Jainkoaren antza eta irudira sortua da, arrazoiduna da; eta mundua zer den eta gizakia bera zer den ezagutzeko aukera du, eta askea da, erabakitzeko gaitasun horrek jarduera etikoa bideratuko du eta gizaki eroriarekin historiari hasiera emango dio, azken epaiketarekin bukaera izango duena.

Agustinek ez du Jainkoaren existentziaren froga zehatzik ematen Akinoko Tomasek egingo zuen bezala; hala ere Agustinen fedea ez da fede itsua. Jainkoa fededunaren ariman frogatua agertzen da argumentu gnoseologikoaren (ezagutzari dagokiona) bidez: Gizakiaren arima gai da egia aldagaitza ezagutzeko; eta betiereko egia hauek Jainkoarengan dute bere oinarria; aldagaitza izan behar delako egia aldagaitzen oinarria. Beraz, Jainkoaren existentziarik gabe aurrekoa ezinezkoa litzatekeenez, Jainkoa existitzen da.

Agustinentzat filosofiak eta teologiak helburu bera zuten; biek egia bilatzen dute. Baina, haren ustez, arrazoimena ezer ez da sinesmenik gabe, eta sinesmenak bakarrik ematen du benetako ezagutza. Dena den, sinesten dena ulertu behar dela zioen, ulertzen ahalegindu behar dela; hau da, sinesmena arrazionala bilakatu behar dela. Beraz, filosofiak eta teologiak elkarri laguntzen diote egia lortzen, pauso hauei jarraituz:

  1. Arrazoimenak sinesmena lortzen laguntzen dio gizakiari, egon daitezkeen trabak ezabatuz. Sinestea arrazoizkoa dela zioen.
  2. Sinesmenak arrazoimenari ere laguntzen dio, benetako jakinduria emanez. Benetako jakinduria ez dugu filosofiaren bidez lortzen, sinesmenaren azterketa arrazionalaren bitartez baizik.
  3. Arrazoimenak sinesmenari laguntzen dio, bere edukien azterketaren bidez.
  4. Arrazoimena eta sinesmena elkar lotuak daude. Biek elkarrekin aurkitzen dute Egia (Jainkoa); gizakia bat baita, kristaua eta arrazionala batera. «Intellige ut credas. Crede ut intelligas» (*).

Etika aztertzen badugu, Agustinentzat, ondo edo gaizki jokatzea gizakiaren aukeramenaren pean dago, baina aukeramena kaltetua du, bere nahia gauzatzeko gai ez baita. Horrela, Jainkoaren graziari esker bere mugaketa gainditu dezake: bere baitan bera baino nagusiagoa den zerbait aurkitzen duelako. Gizakia, jatorrizko bekatuarengatik ahulduta dagoenez, ezinezkoa du bere indarrarekin soilik egia absolutuaren ezagutzara iritsi. Orduan, Jainkoaren graziak gizakiaren barrutik eragiten du, bere aukeramena izate absolutua maitatzera gidatuz, jainkoa maitatuz bere mugak gaindituz jainkoarengana itzuliko baita.

Epistemologian ere azterketa etikoan egin duen bezala, gizakiak Jainkoaren laguntza beharrezkoa du: zientziak posibleak dira Jainkoaren argiari esker, Jainkoaren adimenean baitaude ideia aldagaitza eta perfektuak. Beraz, Egia absolutuaren ikuspegitik ere, gizakiaren arrazoi mugatuak egia ulertzeko ahalmena izatea Jainkoaren existentziaren froga da.

(*) Begoña Olaziregi Salaberria: Filosofia: 5 filosofo; Gabirel Jauregi Bilduma Batxilergorako materialak

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios