salbazioa

Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna

San Agustinek sekula ez ditu banatzen jakituria eta zoriontasuna. Bakoitza bere eran, bere bihotza aseko duen Egia edo Ongia absolutuaren aurpegi biak dira. Jakintsua dena zoriontsua da, edo “De Vita Beatan” esaten duen bezala: “inor ez da jakintsu zoriontsu ez bada”. Agustinentzat zoriontsua dena “jakituria deitzen dugun egian ezagutzen eta edukitzen den Ongia gorena daukana” da. Bere hitzetan: Ongia absolutua, Egian aurkitzen da.

Benetako zoriontasuna: egia osoaz jabetzean datza, baina egia partikular guztiak transzenditzen dituen egia izan behar du, bestela ez litzateke egia bat izango. Agustinek bilatzen duen Egia, egia posible guztien neurria (Absolutua) da. Goi Neurri hori Jainkoa baino ezin daiteke izan, Jainko hori ezagutzeak eta edukitzeak zoriontasuna eskaintzen dio gizakiari. Jakintsuaz gainera, inor ez da zoriontsua, zeren inor ez baita zoriontsua egia ez badu irrikatzen. Egia aurkitu ez duena ezin da zoriontsu izan.

Jakituria: Zer naizen eta zein den nire helburua ezagutu

Gizaki guztiek zoriontasuna desiratzen dute, baina guztiek ez dute aurkitzen; bidea galtzen dutelako, ez dakitelako non bilatu ere: hitz batez, jakintsuak ez direlako. Horregatik, ezagutza zoriontasunaren baldintza da. Eta zertan datza jakituria? Ni zer naizen eta nire helburua zein den ezagutzean datza jakituria, dio Agustinek. Norbere burua ezagutu norbere izaerari dagokionez jokatzeko; honela jokatzen duena, zoriontsua da.

Esan daiteke, planteamendu hau greziar intelektualismo etikoarekin erlazionatuta dagoela, baina greziar filosofoekiko funtsezko ezberdintasun bat agertzen du: dakigunez, Agustinentzat jakituria Jainkoa bera da. Beraz, jakintsua zoriontsua da bere helburua den Jainkoari dion maitasunagatik. Gizakiak bizitzaren aurrean aukeratu behar du: bere borondatea modu zuzenean eraman behar du, ez ondasun eta plazer ez egonkorretara, baizik eta galezinak diren ondasunetara. Bide honetan, maitasunak borondatea bere atsedeneraino bultzatzen du, Jainkoarengana. Gauza guztien gainetik Jainkoa maitatzen duenean gizakiak bakea aurkituko du.

San Agustinen etikaren ardatza ez da Sokratesek zioen bezala jakituria, baizik eta maitasuna. Bere etika borondatearen eta maitasunaren etika bat da: “ez gara onak zerbait ezagutzen dugulako, onak gara maitatzen dugunaren arabera”.

Estoikoek natura arrazionala lege immanente batez arautua ikusten zuten; Agustinentzat legea transzendentea da: Jainkoak inposatzen duen ordena. Horren arabera, Mundu kreatua hierarkikoa da (azpitik gora): mundua, gorputza, espiritua (sortua) eta Betiereko Espiritua (ez sortua). Gizakiaren lege moralak ordena errespetatu behar duela dio.

Jainkoak bere arrazoiaren eta borondatearen arabera mundua ordenaturik sortu zuen:

  • Betiereko Legeak mundua gobernatzen eta arautzen du.
  • Lege naturala Izaki sortuengan aurkitzen da:
    • lege fisikoak izaki ez arrazionalengan, eta
    • lege morala gizakiarengan.

Agustinentzat, bertutea “maitasunaren ordena edo maitasun ordenatua” da. Eta maitasuna ordenatua dago Ongia absolutua gauza guztien gainetik maitatzen dugunean.

Historian agertuko diren bi maitasun motak antropologian oinarritzen dira:

  • amor dei” edo Jainkoarekiko maitasuna: gizakia libreki Jainkoaren legea onartzen du eta Ongia maitatzen du. Ondorioz, bakea eta zoriontasuna lortzen ditu maitasuna ordenatua baita.
  • amor sui” edo maitasun norberekoia: gizakia libreki ez du legea onartzen, eta bere burua maitatzen du gauza guztien gainetik. Maitasun desordenatuaren ondorioa: bake falta eta zoriontasun falta.

San Agustinen iritziz, Jainkoarengan dago gizakiaren helburua eta bakea. Aitorkizunak bere liburuan idazten du: “zuretzat egin gintuzun, Jauna, eta gure bihotza kezkaturik dago zugan atseden hartu arte”. Horrela, giza existentzia munduan zehar Jainkoarengana heltzeko egiten den ahalegina eta borroka da. Agustinen bizipenek zeharo markatu zuten bere morala: gizakia zoriontsu izateko Jainkoarengana heldu behar da eta horretarako ona izan behar du; baina Agustinentzat ona izatea ez zen batere erreza plazerez betetako mundu honetan. Beraz, zoriontasuna lortzeko gizakia sekulako borrokan ibiliko da: ongia egitea kostatzen zaio, bere berekoitasunaren arabera jokatzen badu Jainkoarengandik urruntzen delako.

Jainkoa da gizakiaren sortzailea eta bere azkeneko helburua ere: gizakia Jainkoarengandik dator eta Jainkoarengana doa. Ondorioz, Jainkoaren irudi eta antzera, gizakiaren espirituan ere ezagutza, maitasuna eta borondatea aurkituko ditugu, eta horien bidez egin beharrean aurkituko da: egia eta ongia absolutuaren maitasunean bere borondatea gidatu behar du.

 

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios