bihotzaase

De Vita Beata II

Bizitza zoriontsuaz liburuaren azalpena

386 urtea. Agustin Hiponakoak 33 urte ditu, plazerez zuzendutako bizitzari bukaera ematera ausartu da eta kristau konbertitu da. Bere bizitzaren norabide berriaren ziurtasunen gaineko hausnarketa egiteko premiaz Casiciacon Verecundok (Milango irakasle kideak) eskaini dion etxaldera erretiratu da. Sei edo zazpi hilabete emango ditu Casiciacon
Casiciacon gauzatutako elkarrizketak 386ko azaroaren 10etik 23ra egin ziren. Eta eztabaidatu ziren gaiak, beste batzuen artean, hauek ditugu: zalantza akademikoaz, bizitza zoriontsuaz, unibertsoaren ordenaz (De ordine), eta Akademikoen aurkako argudioez.

The Fall of the Rebel Angels
Pieter Bruegel the Elder – The Fall of the Rebel Angels

Bizitza zoriontsuaz elkarrizketak lau kapitulu ditu.

  • Lehen kapituluan bere urtebetetze eguneko bazkalondoan, ama (Santa Monika), Nabigio anaia, Trigezio eta Lizentzio ikasleak, Lastidiano eta Rustiko lehengusuak, eta Adeodato semea bildu direla eta eztabaidan parte hartuko dutela kontatzen du. Teodorori eskaintzen dio liburua, eta kristautasunean babestuta, zer-nolako ekaitzetatik libratu den adierazten du kapituluaren hasieran.
  • Bigarren kapituluan (beherago ikusi), lehenengo eguneko eztabaidako gaiak: gizakia gorputzaz eta arimaz osaturiko izakia da; gorputzaren eta arimaren elikagaia: norbait ez dela zoriontsua ezin badu nahi duena lortu, ezta nahi adina eskuratzen duena ere. Nork lortzen du Jainkoa? Eszeptikoa ezin da izan ez zoriontsu, ez jakintsu.
  • Hirugarren kapituluan bigarren egunekoak: Jainkoa duena zoriontsua dela; eta espirituari lohi deitzeko bi era.
  • Azken kapituluan, hirugarren egunekoak: behartsu oro zorigaiztokoa da; jakintsua ez da behartsua; arimaren erromeskeria eta ondasuna zertan diren; gizaki zoriontsuaz.

Nola izan daiteke gizakia zoriontsu?

Devils Matfre Ermengau Breviari damor 1288Nork bere buruaz gozatzea ez dakar benetako bizitza zoriontsua. San Agustinek Jainkoarengandik urrundu egin den espirituaren miseria sakona zer den badaki. Garai guztietako epikureismoak, edo niaren kultuak, ezin adiskidetuzko etsaia aurkituko du Agustinengan. Bere pentsamendua Jainkoarengana zuzenduta dago: Horregatik elkarrizketa honen tesi nagusia honako hau da: bizitza zoriontsua Jainkoaren ezagutza osoan datza. Eta garbitasuna izango da Jainkoa jasotzeko eta berarekin harremanak izateko baldintza.

Agustinen barnean gertatzen den kristautasunaren eta paganismoaren arteko borrokaren egiaztatzea dugu idazki hau. Casiciacon famili solasaldian Agustinek arrazoia eta fedea harmonizatzeko egindako ahaleginen lekukoa. Zenbait puntutan ez du oina lur irmoan jarri, berak esaten digun bezala; baina dagoeneko libre dago Jainkoaren eta arimaren etsaiak diren gorputzeko ekaitzetatik eta huts materialetatik.

«’Bizitza zoriontsuaz’ liburua, Akademikoen aurka liburuaren erredakzioa nire eskuetan nuenean idatzi nuen. Liburua idaztearen aukera nire urtebetetzea eta, han esaten den bezala, izan genuen hirugarren eztabaida izan zen. Gure ikerkuntza komunaren emaitza hau izan zen, alegia, zoriontasuna Jainkoarekiko ezagutza osoa lortzean datzala. Higuin ematen dit Manlio Teodorori —berari eskaini bainion liburua— laudorio asko egitean mihia joan zitzaidala konturatzeak, jakituna eta kristaua izan arren; eta higuin ematen dit, halaber, esandako liburuan aberastasuna sarritan aipatu nuela jakiteak».

Beraz, zoriontasuna ez datza ondasun materialak eta suntsigarriak edukitzean eta gozatzean. San Agustinen ustez, Sergio Orata (terma erromatarren berogailu sistema asmatu zuen injinerua) ez zen gizaki zoriontsua, nahiz eta izugarrizko ondasunak eduki, eta gizakien miresmena eta ohorea sorrarazten dituzten nolakotasun pertsonalak izan, segurtasuna falta baitzitzaion. Agustinen ustez, gizaki horri altxor ederrena falta zitzaion, hots, jakituria, bizitza zoriontsuarekin lotuta dagoena, miseria eta zorigaitzak lerdokeriaren anaiak diren bezala.

The Fall of the Rebel Angels

Agustinen elkarrizketa labur honek Senekaren De vita beata gogorarazten digu. Zalantzarik gabe, Agustinek liburua ezagutzen zuen, eta Senekaren idazlanaren eragina ikus daiteke. Agustinen iritziz suntsiezinezko ondasunek zoriontsu egiten dute gizakia: «ondasun irmoak eta betierekoak, suntsitu, gehitu edo gutxitu ezin direnak». Ongi gorena ez da suntsitzen, ezta handitzen ere, egonkorra da beti. Senekaren iritziz ere jakituria zoriontasun perfektuaren bidea da. Zoriontasunak, bizitzaren goi helburu bezala, barne lasaitasuna, grinen eta ideien harmonia inplikatzen du.

Ondasun materialekiko jakintsuaren jarrera, filosofia estoikoan klasikoa dena, honela azaltzen du Agustin Hiponakoak: ondasun materialak —elikagaiak, jantziak, tresnak— neurriz erabili behar dira. Era berean, zorigaitzak, ezbeharrak eta gorputzeko minak asaldatu gabe jasango ditu gizakiak, asaldura oro arrazoiaren eta jakituriaren neurria gainezkatu egiten baitu.
Elkarrizketa honetan aipatu Jakituriak, egiak eta neurritasunak, argiaren iturri berberera eramaten dute. Agustinek oraindik ez ditu kristau-egiak ondo bereganatu, eta horregatik bere liburuko zenbait pasarte ilunak dira.

Estoikoen ataraxiak ezin du lurrean paradisua eratu. Bizitza zoriontsua ezin liteke negarrezko ibar honetan izan; bere burutze osoa —haragi eta espirituan beste bizitzarako gordeko da, non Jainkoaren ezagutza osoa izango den eta gorputza, dagoeneko ustelgaitz eta hilezkor, espirituaren meneko izango baita eragozpenik eta gogortasunik gabe.

 

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

 

Anuncios