CivitasDei

Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria

Agustin izan zen historia unibertsalaren zentzua sistematikoki azaldu zuen lehenengo pentsalaria: ekintza hutsetan geratu gabe, ekintza horien zentzua ulertzen saiatu zen. Hemen ere, bere gogoeta ez da guztiz filosofikoa: teologia eta filosofia batera erabiltzen ditu, edo beste era batera esanda, errebelazioaren argitan azaltzen du historia.

Bere teorian bi eratako zirkunstantziek dute eragina:

Sack of Rome by Alaric
Sack of Rome by Alaric
  • Erlijio kristauaren tradizioari jarraituz, historia gizakiari agertzen zaion leku berezia delako, bere salbazioaren drama berezia betetzen den lekua, hain zuzen.
  • Alariko, bere osteekin, 410. urtean Erroman sartu zen, eta hiria suntsitu zuen. Gertaera horrek krisi handia ekarri zuen Erromatar Inperiora. Jentilek kristauei leporatu zieten gertatutakoa. Jentilek ziotenez, kristauek aldarrikatutako biolentziarik ezaren erruz, Erroma bere burua defendatzeko soldadu gabe gelditu omen zen. Agustinek, «Jainkoaren Hiria» idatziko du kristautasunaren aurkako eraso horiei aurre egiteko.

San Agustinek, jentilei aurre egiteko, gaitzaren zentzua azalduko du historian, horretarako aukeramena, Jainkoaren borondatea, probidentzia eta betierekotasuna bezalako ideiak erabiliko ditu. Bere teoriaren arabera, gizadiaren historian bi hiri nahasturik agertzen dira: Jainkoarena (Civitas Dei) eta munduarena (Civitas Terrena). Bi hiri hauek ez dira eliza eta estatua balira ulertu behar: instituzio hauetako gizakiak edozein hiritakoak izan ahal dira. Jainkoaren hiria eta munduaren hiria gizakiek bizitzan kokatzeko duten bi jarrera definitzen dituzte, bata espirituarena, bestea haragiarena.

Maitasun klaseak azaltzerakoan esan dugun bezala norberaren jokaeraren arabera zehazten da zein hiritan bizi zaren:

  • Jainkoaren hirian bizi dena, Jainkoa maitatzen du eta munduko baloreak Jainkoarengana urbiltzeko erabiltzen ditu. Jainkoaren hiria ona eta argia da.
  • Munduaren hirian bizi dena, norbere burua maitatzen du eta munduko errealitatea du helburu: munduaren ezaugarri nagusia materia eta aldaketa dela pentsatzen badugu, ez dago esan beharrik gizaki hauen helburua ez dela egonkorra (munduko ondasunak edota gorputzaren plazera helburu baitute) eta, horregatik ez dute sekulan ere zoriontasunik ez bakerik lortuko. Munduaren hiria iluna eta txarra da.
pantokrator eta azken epaiketa
Pantokrator eta Azken Epaiketa

Bi hiri hauen arteko borrokak Azkenengo Epaiketara arte iraungo du eta, bertan Jainkoaren hiriaren garaipena guztiz hedatuko da. Horrela Agustinek garbi uzten digu historiaren helburua Jainkoaren hiria dela: gizadi eroriaren salbazioa, bekatuaren bidez hautsitako ordena berreskuratzea dela: azkeneko gizaki zuzena Jainkoaren hiriari batzen zaionean historia bukatuta egongo da eta Jainkoaren asmoak beteta. Jainkoaren grazia eta karitateak laguntzen du bekatuak desordenatu zuen kreazio ordenatua berriztatzen.

paradisua Jainkoaren Hirian Paradise, from ‘De Civitate Dei’ by St. Augustine of Hippo

Jainkoaren hiria eta munduko hiria errealitate mistikoak dira: ez dira eliza eta estatua diren errealitate historikoekin berdintzen.

  • Elizaren helburua mundutik kanpo dago: Jainkoaren bakearen bila dabil (pax aeterna).
  • Estatua ostera, mundutarra da eta munduko bakea (pax temporalis) eta lurreko ondasunak lortzen ahalegintzen da.

Hala ere, elizak estatuak segurtatzen duen bakea eta ondasunak behar ditu eta horregatik, elizak, hiritar onak heziz laguntza ematen dio estatuari. Estatuaren helburua kristau izatera iristea dela dio Agustinek, honela bakarrik benetako justizia eta bakea lortuko baititu. Beraz, elizak estatuaren gainetik egon behar du, kristautasunaren Egiaren gordelekua denez, elizak gidatu behar du estatuaren norabidea, hari jokabidearen printzipio zuzenak eskainiz.

Teoria honek Eliza eta Estatuaren arteko lankidegoari hasiera ematen dio. Ideia hau indarrean egon zen erdi aro osoan eta gaur arte defendatua izan da. Bere gailurra germaniar-erromatar inperio sakratuaren garaian lortu zuen Verdungo hitzarmenaren arabera (843), Karlomagnoren inperioaren banaketaren ondorioz eta mendebaldeko erregea zen Karlos II. aren heriotzaren ostean germaniarrek boterea hartu zutenean.

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios