Platon_Seneka_Aristoteles

Planonen eragina Agustinengan

Ontologia: Agustin Platonen bi munduen existentzia onartu zuen oso egokia baita Jainkoaren transzendentziaz aritzeko. Baina Formen mundua ez da Jainkoarekin bateragarria, biak baitira absolutuak. Hortaz Plotinoren irtenbidea hartu zuen. Hau da, Formak Jainkoaren ideia bihurtu zituen. Mundu ikusgarriari dagokionez Agustinek ezin zion Platonen ikuskerari eutsi, Kristautasunak Jainkoak mundua ex nihilo sortu zuela baitzion. Filosofo grekoak, aldiz, formagabeko materia edo chora betierekoa da, formak bezala.

Dualismo antropologikoa: Antropologiari dagokionez pitagorikoen eta Platonen eragina begi bistakoa da Agustinengan. Gizakiok bi printzipioz osatuta gaude: arima, materiagabea eta hilezkorra; eta gorputza, materiala eta hilkorra. Ontologiarekin gertatzen den moduan, Jainkoak Kreazioa egin izana ezinezko bihurtzen du arimaren betierekotasuna. Arima, hortaz, Jainkoak sortua izan da, beste gauza guztiak bezala. Bide batez arimaren transmigrazioa eta anamnesia ere alde batera utzi behar ditu Agustinek. Eta horrekin aldaketak etorriko zaizkio ezagutzaren teoriari ere.

Arima: Bi autoreentzat, arima ezagutza-printzipioa da, ariman aurkitzen da arrazoia, adimena, gizakiak egia ezagutzeko duen ahalmena. Nolanahi ere, badago ere desberdintasunik. Platonen arabera, arima gorputzera etorri aurretik ideien munduan aurre existitu zen, ideia guztiak ezagutuz. Gorputzeko kartzelan sartzean, kartzela horretako leihoetatik begiratzean, ahaztuta zituen ideiez gogoratzen da. Agustinentzat, ordea, arima ez da aurre existitzen, eta ezagutza gizakiaren barnean Jainkoak jarritako betiereko ideia eredugarriak ezagutzean datza.

Ezagutza: Agustinek Platon jarraitzen du zentzumenen ezagutza mesprezatzerakoan eta errealitatearen eredu eta funts diren ideien kontenplazioan jartzen du ezagutza maila gorena. Hala ere argitzapena gehituko dio Agustin maila goren horretako ezagutzari, Jainkoak ematen baitigu Egiaren irizpideak.

Dialektika (Ezagutza-metodoa): Platonentzat, dialektika benetako filosofoaren jarduera da, elkarrizketaren bidez egia lortu nahi duenaren jarduera. Pentsalari honentzat, dialektika filosofiaren goi metodoa da, eta gobernari-filosofoaren heziketaren azken fasean landu behar da. Elkarrizketaren bidez, itxuraz aurkakoak eta sarritan osagarriak diren argudioak iker daitezke; argudio horiek ikertuz, egiaren kontenplazioa lor dezake. Dialektika barne-bilaketa bat da Agustinengan. Gizabanakoak egia bere barnean bilatu behar du. Bilaketa honetan, Agustinen ustez, Jainkoaren argitzapena behar du gizakiak egia lortzeko. Paralelismo bat ezar daiteke Agustinen Jainkoaren argitzapenaren (egia ezagutzea ahalbidetzen duen argia) eta Platonen Ongiaren ideiaren (mundu adigarria argitzen duen eguzkia) artean. Platonentzat, Ongia ikusmen- eta ikusgarritasun-printzipioa da. Alde batetik, Ongiak arima argitzen du benetako ezagutza eskuratzeko, hau da, betiereko ideia arketipoak ezagutzeko; bestetik, Ongiak ideiak ikuskor bihurtzen ditu. Agustinentzat, Jainkoak betiereko ideia eredugarriak giza ariman jartzen ditu, eta giza arima argitzen du ideiak ezagutzeko.

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II

Anuncios