TomasAquino

Tomas Akinokoa (1225-1274)

Egia aurkitzeko bi bide: Filosofia eta teologia(*)

San Tomasek errealitatea benetan nolakoa den (egia) aurkitzeko bi bide bereizi zituen: fedearen bidea eta arrazoimenaren bidea. Lehenengoa teologiaren bidea da; bigarrena, filosofiarena. Bi bide horiek desberdinak izanik, bakoitzak bere aldetik joka dezake, eta abiapuntu propioa du:

  • Filosofiak arrazoimena erabiltzen du soilik, eta ezin du onartu arrazoimenak eskain diezaiokeen argudioetatik kanpokorik (ezta erlijio-gaiez ari denean ere). Arrazoimenaren bidez aurkitutako egiak egia naturalak edo arrazoimenezko egiak dira.
  • Teologiak, berriz, Jainkoaren errebelazioa du abiapuntu, bereziki Liburu Santuen (Bibliaren) bidez emana. Egia horiek, fedez edo sinesmenez ezagutzen ditugunak, fedezko egiak dira. Summa contra gentes idazlanean «Jainkozko egiak» deitu zien San Tomasek.

Autonomoak eta autosufizienteak

Autonomoak izateaz aparte, autosufizienteak dira biak, eta bakoitzak bere jardunean egia lor dezake:

  • Teologiak egia lor dezake liburu sakratuei esker iritsi zaigun errebelazioaren azterketaren bidez, Jainkoak errebelatutakoa ez baitaiteke faltsua izan «… Jainkoak argiro berretsi baitigu» (Summa contra gentes, VII-9).
  • Filosofiak ere egia lor dezake, arrazoimenak horretarako gaitasuna duelako, ondo erabiliz gero. Tresna arrazoimena du, eta logikaren printzipioen bidez funtzionatzen du. Lehen printzipio horiek ezin dute errealitate faltsu bat ezagutarazi, Jainkoak emanak direlako, eta harengan ere badaudelako. Honela dio Summa contra gentes lanean, VII-14an: «Jainkoak ezarri du gure baitan lehen printzipioen ezagutza, bera izan baita gure izaeraren egilea. Lehen printzipio horiek, beraz, Jainkozko jakinduriaren barnean daude. Ondorioz, horien aurka dagoen guztia Jainkozko jakinduriaren aurka dago. Hori ez da Jainkoaren bidea».
Aquino confundiendo a Averroes
Tomas Akinokoak Averroes nahasten (Giovanni di Paolo).

Beraz, bakoitzak bere aldetik egia lor badezake, ez daiteke konfliktorik izan bien artean, biek egia bera eta bakarra lor dezaketelako, ondo erabiliz gero. San Tomasen ustez, egia bakarra da, Averroesek defendatzen zuenaren aurka; filosofo arabiarrarentzat, gai berari buruzko egia bikoitza eta desberdina zen: arrazoimenarena, bata; eta sinesmenarena, bestea. San Tomasek honela zioen: «… goi-agerkunde bidez ditugun egiak ezin dira ezagutza naturalaren aurkakoak izan» (Summa contra gentes, VII-18). Eta pixka bat geroago: «Jainkoak ez du gizonaren baitan ezartzen ezagutza naturalaren aurkako federik» (Summa contra gentes, VII-25).

Diziplina bakoitzak bere esparru propioa du

Zientzia horiek metodologikoki desberdinak dira, eta egia-irizpide desberdina erabiltzen dute; baina helburu komuna dute: biek egia lortu nahi dute; egia, bere osotasunean. Termino aristotelikoetan esanda, objektu material bera dute biek, baina objektu formala desberdina da. Desberdintasun horien ondorioz, diziplina bakoitzak esparru propioa du, eta gizakiari biak beharrezkoak zaizkio, egia ezagutzeko:

  • Filosofiaren esparrua, lehen esan bezala, egia naturalen esparrua da, arrazoimenaren bidezko egien eremua. Egia horiek (fede-atarikoak izan ezik) ez zaizkigu errebelatzen; beraz, ez daitezke sinesmenez ezagutu. Arrazoimenaren bidea, dena den, ez da erraza izaten. Arrazoimena gizakiak jatorriz duen tresna baliotsua bada ere, ez da ahalguztiduna, eta erraz nahas daiteke edo huts egin dezake (goi-mailako gaiez ari denean, nagusiki).
  • Teologiaren esparrua naturaz gaindiko egien esparrua da, hau da, fedearen bidezko egiena. Egia horiek (fede-atarikoak izan ezik) ezin dira arrazoimenaren bidez ezagutu; ulertezinak dira gizakiarentzat, haren arrazoimenaren ahalmena gainditu egiten baitute. Bide hori, ordea, Jainkoarengandik zuzenean etorria izanik, zehatza eta guztiz argia da; beraz, bere baitan ezin da okerrik gertatu.
  • Alabaina, filosofia eta teologia, arrazoimenaren bidea eta fedearen bidea, autonomoak eta buruaskiak badira ere, bada bide batetik zein bestetik ezagut daitekeen egien multzoa. Egia horiek, fede-atariko deituak, errebelatu egin zaizkio gizakiari; beraz, sinetsi egiten ditugu. Baina, aldi berean, giza arrazoimenak badu horiek ezagutzeko gaitasuna, Jainkoaren existentzia eta arimaren hilezkortasuna ezagutzekoa, besteak beste.

Filosofia sinesmenaren laguntzaile

Tomasen garaipena
San Tomasen garaipena, Tomas Akinokoa Platon eta Aristotelesen artean, Benozzo Gozzoli, 1471. Louvre, Paris

San Tomasen ustez, bideen aniztasun hori ez da alferrikakoa, eta azterketari eta demostrazioari lan garrantzitsuak dedikatu zizkion (Summa contra gentes liburuan, adibidez). San Tomasen aburuz, jarduera filosofikoa ezinbestekoa da; gainera, sinesmenari eta teologiari lagundu egiten die:

  • Hainbat egia arrazoimenez baino ezin da ezagutu, Jainkoak ez baitu bide horren bidez ezagut dezakegun gehiena errebelatu.
  • Filosofiak indartu egiten du sinesmena, egokiagoa baita ulermenez hornitua sinesmen soila baino.
  • Zenbaitetan, arrazoimenak bere indar hutsez ulertu ezin duena gutxienez arrazoimenaren aurkakoa ez dela froga dezake, eta horretan saiatu behar du.
  • Gainera, teologiatik sortutako arazoak argitzen saiatu behar du.

Baina, horrez gain, San Tomasek uste zuen positiboa dela gizakiaren arrazoimenak uler ez ditzakeen gaietan saiatzea, ahalegin horretan lortuko dituen emaitzak eskasak izango direla jakin arren. Zergatia Summa contra gentes testuaren VIII. atalean azaldu zuen. Gizakiak Jainkoaren esentzia arrazoimenaren bidez ezagutzeko gaitasunik ez badu ere, honela dio San Tomasek: «… Probetxugarria da, hala ere, giza adimena arrazoimen ahul horietan ahalegintzea… Oso atsegina da goi-mailako gauzak zertxobait ulertzea, arrazoimen txiki eta ahul baten bidez bada ere».

Sinesmena eta teologia

Sinesmena eta teologia ere ezinbestekotzat zituen Akinoko pentsalariak. Bi dira argumentu nagusiak:

  • Hasteko, giza arrazoimenak ez duelako Jainkoak errebelazioz ezagutarazi dizkigun hainbat egia aurkitzeko ahalmenik. Jainkoaren hitza sinesten dugulako ezagutzen ditugu.
  • Bestetik, teologia lagungarri gertatzen zaiolako filosofiari. Beraz, ez du onartzen giza adimenak ulertzerik ez duena sinestera ematea alferrikakoa denik, eta horixe dio Summa contra gentes V.ean: «… gizonarentzat beharrezkoa dela fedearen bidez arrazoimena gainditzen duten egiak eskaintzea». Jarraian argitzen du zergatik: «izan ere, inork ez du zerbaitetarako joera edo nahia izaten aurretik ezaguna ez badu». Hori da teologiak filosofiari laguntzeko era: aldez aurretik filosofiaren beraren aztergaia aurkeztu egiten dio; helmuga sinesmenaren bidez ezaguna duenez, filosofiak badaki nora heldu behar duen; eta, horrela, arrazoimenaren abiapuntutik egia horretara iritsi arteko pausoak erraztu egiten ditu. Hori gertatzen zaio, adibidez, Jainkoaren existentzia sinesmenez ezagutzen duen filosofoari: Jainkoaren existentzia aldez aurretik ezagututa, arrazoimenaren bidez horren demostrazioari ekin diezaioke gero. Hortaz:
    • Sinesmena egia-irizpidea da arrazoimenarentzat. Inoiz kontrako emaitza edo ondorioetara iritsiz gero, arrazoimenak bere bide zailean eta nahasian okerren bat izan duelako izango da. Kasu horretan, akats bat dagoela erakusten dio sinesmenak, berriro ere bide zuzenera jotzeko aukera emanez.
    • Sinesmenak sorrarazten dio gizakiari goi-mailako gaiekiko (Jainkozko gaiekiko) gogoa eta nahia. San Tomasen ustez, gainera, «… hori kristau-erlijioak bakarrik duen zerbait da, kristau-erlijioak bereziki agintzen (eskaintzen) baititu espirituaren ondasunak betiko» Summa contra gentes, V-18. Sinesmenez ezagutzen ditugu mundu honetatik haraindi dauden ondasunak, senti daitezkeenak baino garrantzitsuagoak direnak gainera. Sinesmenak beste hiru onura dakartza (ikus Summa contra gentes,V-26 eta hurrengoak):
      • Jainkoa guk ezagut dezakegun guztia baino handiagoa dela ohartzea.
      • Gizakia umilagoa bilakatzea, uler ez dezakeena ere badela ohartzen baita.
      • Gutxi ulertuta ere, ulertutako gutxi hori guztiz maitagarria bihurtzea gizakiarentzat.

Jarduera filosofikoa teologikoaren mendekoa

Elkarri laguntzen dioten arren, jarduera filosofikoa teologikoaren mendekoa da. Batetik, teologia zuzena eta argia da; beraz, ez dezake okerrik egin edo hutsunerik izan. Bestetik, egia-irizpidea berarengandik kanpo duen arren, filosofia adimen-indar hutsez egina dago; eta, beste filosofiak bezala, harriduratik abiatzen da, eta harridura sortzen dizkioten gaiak ezagutu nahi ditu, eta baita osoki jakin nahi ere azken kausak. Baina gauza guztien azken kausa Jainkoa denez, Jainkoaren azterketa -munduko gauza guztien azken kausaren azterketa- bilakatuko da filosofia.

San Tomasek bi bide horien beharra baieztatu zuen fede-atariko egiak ezagutzeko. Bide bakoitza bere aldetik nahikoa litzateke, baina horrek ez du esan nahi ez bata eta ez bestea alferrikakoak direnik. Summa contra gentes idazlanaren IV. atalean galdera honi erantzun zion: egia horiek arrazoimenaren bidez ezagutzera iristeko gai bada gizakia, zergatik errebelatu dizkio Jainkoak? Ez al da alferrikakoa egia horiek errebelatzea?
San Tomasek erantzun zuen ez dela alferrikakoa, ezinbestekoa baizik. Arrazoimenaren bidearen aukera bakarrik izanez gero, hiru eragozpen topatuko lirateke:

  • Pertsona askok egia horiek ezagutzera iristeko aukerarik ez luke izango: batzuek, ezintasun intelektualaren ondorioz; beste batzuek, lanpeturik daudelako; eta beste batzuek, nagikeriaz.
  • Gainera, arrazoimenaren bidea luzea eta zaila da; beraz, pertsona gehienak oso berandu iritsiko lirateke egia horiek ezagutzera.
  • Azkenik, bidea nahasia denez, hainbat ikuspegi eta iritzi egongo lirateke jakintsuen artean, eta ez genuke egia modu garbian ikusiko.

Jainkoak egia horiek pertsona guztien eskura era argi eta garbian egotea nahi zuenez, errebelazioz ere ezagutzea nahi izan zuen, arrazoimenaren bidearen aukeraz gain.

Filosofia: Unibertsoaren ordenaren kausa ezagutu

San Tomasentzat, filosofiaren helburua unibertsoaren ordenaren ulermen osoa jasotzea da. Unibertso osoa islatu nahi du bere adimenean eta ariman, eta ordena horren azken kausak ezagutu. Hori lortzean, gure arimak mundu honetako beste kreatura guztiak gainditzen ditu, horiek ez baitute ordena hori inolaz ere ulertzen. Ezagutza horren bidez, espiritu jainkotiarraren partaide egiten da giza arima. Ezagut daitekeen unibertsoaren ordena hori hirukoitza da:

  • Gauzen ordena, naturarena; alegia, errealitatearena.
    • Fisika (filosofia naturala).
    • Matematika.
    • Metafisika.
      • Gauzak izatea diren aldetik.
      • Jainkoaren azterketa (Izate Absolutua).
  • Pentsamenduaren ordena:
    • Logika (pentsamendu zuzenaren azterketa).
  • Borondatearen ordena. Giza ekintzen azterketa:
    • Indibidualak (Etika, Morala).
    • Kolektiboak (Politika).

Jakintza filosofikoak alderdi horiek guztiak hartzen ditu, eta haien azken kausa jakin nahi du. Eta azken kausa hori Jainkoa denez, filosofia gai horretatik abiatuko da. Azken kausa horren ezagutza eta haren existentziaren demostrazio filosofikoa beharrezkoa da, Jainkoaren existentzia ebidentea ez delako; gizakiak ez du era naturalean, jatorrizko ezagutza moduan, Jainkoaren edo infinituaren kontzeptua. Eta posiblea da, gizakia irits baitaiteke Jainkoaren existentzia frogatzera, gauza sentigarrietan oinarrituta.

Hurrengoa: Jainkoaren existentziaren bost bideak

(*) Begoña Olaziregi Salaberriak idatzia, Filosofia: 5 filosofo; Gabirel Jauregi Bilduma Batxilergorako materialak, “Filosofiaren eta teologiaren arteko erlazioa”

Anuncios