cadenas

Rousseau: Gizakia libre sortu, kateaturik bizi

Jean-Jacques Rousseau (1712-1778): Ilustratua?

Rousseauk zientzien aurrean zuen jarrera kritikoa Ilustrazioaren tesi nagusien aurkakoa zen, horregatik Parisko elkarteetan ez zuten ongi hartu. Hala ere Kantengan eragin handia izan zuen (Kanten etxea apaintzen zuen irudi bakarra Rousseau zen).

Ilustrazioa Rousseau

Arrazoimena, kultura eta zibilizazioa goraipatzen dute.

Intuizioa, sentimenduak, eta izaera naturala goraipatzen ditu.

Kulturaren bidez gizarte berria lortzea; erdi aroko estamentuzko gizartean nagusitu ziren aurreiritzi, superstizio eta dogmak suntsituz.

Kulturak gizakien ohiturak hobetu ez ezik, gizakion arteko desberdintasunak sortzen ditu, aberatsen boterea justifikatuz

Zientzia eta teknikaren eraginez etengabeko aurrerakuntza gertatuko da

Aurrerakuntza zientifiko eta teknikoak ez dakar aurrerakuntza etikoa eta politikoa

Rousseauren ikuspegi politikoan gizakiaren ibilbidean hiru urrats daude:

  • Egoera naturala: basati ona,
  • Jabetza eta zibilizazio dekadentean morrontza,
  • Hitzarmena: Gizaki moralaren elkarte-justua: berdintasuna eta askatasuna.


 

Basati ona, egoera naturala

Egoera naturalean Jatorrizko gizakia animalia bat da, askoz gehiago gabe. Behar sinpleenak ditu, eta basoan zehar asetzen ditu, bakarka. Oinarrizko irrika hauek ditu: bizirik irautea, mina baztertzea eta besteen minarekiko errukitasuna. Gizaki basatia ona da, zoriontsua eta librea da, hau da, beste animaliak senez determinaturik daude, baina gizakia ez: borondate askea du; aukeratzeko, onartzeko eta baztertzeko ahalmena du. Gainera, bere burua hobetzeko ahalmena ere badu. Berdintasuna dago jatorrizko gizakien artean. Indar ezberdintasunak egotekotan, txikiak dira eta ez dute inolako ondoriorik, gizakiak bakarka eta harremanik gabe bizi direlako; bizirik irauteko ez baitute elkarri laguntzeko beharrik. Ez du familiarik: gizon eta emakumeen arteko harremanak noizbehinkakoak dira. Ez dute besteen aurka borroka egiten, lehen beharretarako lehengaiak falta direnean izan ezik.

Naturaren ezbeharrak gainditzeko gizakiak harremanetan hasi zirenean lehen elkarte egoera gertatu zen. Hizkuntza garatu zuten eta familian bizitzen hasi ziren. Ahulagoak bihurtuko dira, nahiz eta behar handiagoak izan. Lehenengo betebehar moralak elkarte-egoeran gertatu ziren, besteen laguntza jasotzeko, laguntza eman behar baitzaie. Askatasuna nagusi zen oraindik. Elkarbizitzan gatazkak sortu zirenean, bakoitzak bere burua defendatu behar izan zuen (legerik ez baitzegoen). Norberarekiko maitasunaren eraginez errukitasun naturala ahuldu egin zen; baina, hala ere, bake orokorra zegoen oraindik elkartean.

Download: Rousseau: de la esclavitud a la libertad

 

Jabetza eta zibilizazio dekadentean morrontza

Gizarte zibila jabetza baieztatzeko premiaz oinarritu zela dio Rousseauk: Jabetzaren agerpenak desberdintasuna sortu zuen eta gizakiaren dekadentzia prozesua hasi zen:

“Lursail bat inguratu eta hau nirea da esateaz arduratu zen lehena, eta hori sinesteko bezain jende sinplea aurkitu zuena, izan zen gizarte zibilaren fundatzailea”

Desberdintasunaren jatorriari buruzko hitzaldia

Norberarekiko maitasun naturalari eutsi ordez, harrokerian erori zen gizakia; benetako behar eta desira fisikoen asetzea bilatu ordez, dirua, agintea eta ohoreak bilatzen hasi zen. Laster lur osoan mugak jarri zituzten: gizaki batzuek beharrak asetzeko baino gehiago ; beste batzuek, ordea, gutxiagorekin geratuz berdintasuna desagertu zen. Natura egoeran borondate onekoa, eta sentimendu nobleez jantzia zen gizaki basatiak norberekoikeria, ondasunak pilatzeko obsesioa, bidegabekeria, gorrotoa eta ustelkeria ezagutu zituen eta guda sortu zen. Gudaren ondorioz, jatorrizko errukitasuna desagertu zen eta handik aurrera, biziraupena ezinezkoa bilakatu zen autoritate baten mehatxurik gabe. Bakea bermatzeko guztiek onartutako autoritatea ezarri zuten. Pobre eta behartsuek ere autoritatearen pean jarriko dira gerra baztertzeko. Lege horiek, ahulenen eskubideak defendatu beharrean, pribilegioak eta desberdintasunak sendotu zituzten. “Gobernu txarren pean berdintasun hori itxurazko eta engainuzko hutsa da; behartsua bere miserian eta aberatsa bere usurpazioan edukitzeko bakarrik balio du. Izatez, legeak beti baliagarri dira zerbaiten jabe direnentzat eta kaltegarri ezer ez daukatenentzat.

Pixkanaka sortu ziren ezberdintasunak legalizatu egin ziren, eta geroztik legeak aberatsen alde egiten dira, eta pobreen zanpaketari indar publikoz eusten zaio. Kulturaren hedatze sozialak, Estatuaren zapalkuntza ezkutatzeko eta estaltzeko balio du. Horrela, gizartea eta gizakiaren dekadentzia burutu zen “Bere askatasuna bermatzeko, guztiak korrika bere kateen bila joan ziren

“Gizakia libre sortu da, eta orotan kateaturik bizi da. Besteen nagusia dela uste duena haiek baino esklaboago da”.

Gizarte Hitzarmena I liburuko IX kapitulua

 

Rousseau eta Kant

Dakigunez Rousseauk zalantzan jarri zuen aurrerakuntza: ezagutzaren eta gizarte antolakuntzaren garapenak  ez du ezinbestean; gizakien ohitura, sineste, bizimolde eta jokabide arauen hobekuntza ekarri behar; alderantziz, gizakien zoritxarra eta balioen usteltzea ekar dezake. Arrazoi praktikoa (etiko-politikoa) ezagutza zientifiko-teknikora mugatzeko ezintasuna planteatu zuen Rousseauk Ilustrazioaren barnetik. Kantengan izan zuen eragina nabarmena da. Hitzez hitz: “Ilustrazioa, gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunik. Adingabetasuna, besteren gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna”.

Rousseauk eta Kantek, biek, gizakia jarduera moraletik urruntzen duten ”elementu” arrotzak arazo hartzen dituzte eta gizakiaren askatasuna eta autonomiaren bila daude ere. Rousseauk zabalduriko bidean Kantek pentsamendu ilustratua sistematizatuko du.

Gizaki moralaren elkarte-justua: berdintasuna eta askatasuna

Jatorrizko askatasuna, berdintasuna eta errukitasuna ezarriko dituen aginte justu bat eraiki behar da. Baina nola egin daiteke hori gizarte zibileko gizakiak kultura eta zibilizazioaren bidez ustelduta egonik?

Justiziak ondasun komunekiko gizabanakoaren menpekotasuna eskatzen du. Baina gizakia, berekoia eta independentea da. Orduan, nola lor daiteke justizia, inork ez badio bere askatasunari uko egiten?

Rousseauren ustez, Aro modernoko dekadentzia gizakiaren pentsaeran datza: beharrezkoa da kolektiboan pentsatzen hastea, eta indibidualtasuna alde batera uztea. Zuzenbide naturalak ezin du gizartearen legea oinarritu. Naturak dakarren bakarra norberaren berekoikeria da. Horregatik, natura baino harantzago joanez, gizakiak morala sortu behar du, elkarrekiko akordio batez, konbentzioz. Gizakiak hitzarmenak egiteko ahalmena du, librea delako.

Elkartzeko formula egoki bat aurkitu behar da, hartan pertsona eta bere ondasunak elkartasunaren indar osoaz zaindu eta defendatuko dituenak, horrela gizaki bakoitza komunitate kide guztiekin elkartuz bere burua baino ez dun obedituko, eta antzina bezain aske izango da”. Estatuaren eta gizabanakoaren arteko gatazkak desagertuko dira, bakoitzak legedia betetzearen hitzarmena onartzen duelako.

Rousseauk guztien nahia eta nahimen orokorraren arteko ezberdintasuna azpimarratzen du:

  • Guztien nahia: Bakoitzak bakarrik bere interesen alde egiten badu ez da posible komunitaterik. Horregatik arbuiatu zuen guztien nahia, interes pribatuen bilketa besterik ez baita. Gizakia dekadentziara daraman indibidualismoarena.
  • Borondate orokorra, berriz, erabakitzaile bakoitzak guztion interesetan pentsatzen duenean ateratzen dena da.

 

Rousseauk proposatzen duen Borondate orokorra Kanten Agindu kategorikoaren antzekoa da: ekintzara bultzatzen zaituen printzipioa lege orokor bihur dadin nahi bazenu bezala joka ezazu. Hau da, denontzat balio izango duen araua. Lege unibertsala Rousseauren borondate orokorra izango litzateke, Denon interesa eta ez interes partikularrak bilatu behar ditu. Baina oso zaila da horrela jokatzea, gehienetan bere interesen alde egiten duelako gizakiak, Kantek Agindu Hipotetikoa deitzen duena: X nahi ba duzu egin ezazu B; zerbait lortzeko egiten den kalkulua, erabakia helburu egoista baten araberakoa baita, beraz, bitartekoa.

Gizakiaren duintasuna borondate orokorra norberaren borondatearen gainetik jartzean datza, eta horretarako moral zorrotz bat jarri behar dio hiritar bakoitzak bere buruari. Rousseauk eta Kantek legearen garrantzia azpimarratzen dute. Askatasuna ez da bakoitza bere nahien arabera jokatzea; askatasuna norberak ezarritako legea betetzean datza: esklaboak bihurtzen gaituzten nahia pertsonalak kontrolatzea eta borondate orokorraren arabera jokatzerakoan gizakiak benetako askatasuna eta autonomia lortzen ditu. Gizartean justiziak sena ordezkatzen du horrela gizakiaren ekintza morala bihurtuz.

Ildo horretan agertzen zaigu Kant bera ere. “Zer da Ilustrazioa? galderari erantzuna” artikuluan printzearen eginkizuna hiritarren askatasun naturala errespetatzea eta errespetaraztea dela esaten du; baina, aldi berean, askatasuna erabatekoa ez daitekeela izan dio, legedia betearazi behar dela, gizartearen antolamenduak iraun dezan.

Legegileak guztien interesetan pentsatuz egin behar ditu gizartearen legeak. Horretarako eduki zehatzik ez dago aldez aurretik; legegileak erabakitzen du legea zein izango den, askatasun osoz eta guztion interesetan pentsatuz. Demokrazia bateko hiritar bakoitzak, legegilea den neurrian, guztien interesetan pentsatu behar du, eta guztientzako onak izango diren legeak bultzatu behar ditu.

Berekoikeriaz jokatzen jarraitzen duen gizakia, animalien mailaraino jaitsi dela esan daiteke. Irriken menpe dago, eta gizarte justua eraikitzearen aukera galarazten du. Ondorioz, gizarteak gizaki berekoi hori bide zuzenean jartzeko zilegitasuna du. Heziketa eta zigorra dira horretarako tresnak. “Nahi orokorra bete nahi ez duena hala egitera behartuko duela gorputz osoak, horrek ez baitu beste esanahirik hau baizik: libre izatera behartua izango dela” Gizarte Hitzarmena VI

Rousseau demokrazia zuzenaren alde zegoen, ordezkarik eta alderdirik gabeko demokraziaren alde. Berarentzat gizakia batez ere, hiritarra da. Hitzarmen edo itun sozialaren bitartez gizakiek “pertsona” berria sortzen dute, komunitatea, hiria edo “gorputz soziala”; eta honek -pertsonak bezala- bere nahia izaten du, nahia orokorra. Gizabanakoak beste gizabanakoekin batera nahi hau bilatu eta onartu behar du, gizabanako bakoitza komunitate honen ezinbesteko osagai baita. Azkar zabaldu zen pentsatzeko era berria burgesian; kontziente izateak mendeko izatetik herritar izatera eraman zituen.

Indibidualismoa eta komunitarismoa: Locke vs Rousseau

Ikusten dugunez, bi ildo edo korronte dator Ilustraziotik: indibidualismoa eta komunitarismoa, liberalismoa eta sozialismoa.

  • Alde batetik indibidualista porrokatuak gara, gizabanakoaren eskubideen defendatzaileak. Batez ere, gure bizitza pribatuaren aldekoak gara, gure askatasun osoa mantendu nahi dugu eta Estatuaren esku-hartzea eta abusuak arbuiatzen ditugu. Hauek dira liberalismoaren emaitzarik nagusienak.
  • Baina beste aldetik, justizia soziala, baztertuen eskubideak, ondasunen banaketa, bizitza publikoan parte hartze zuzena nahi ditugu eta Ongizate-Estatuaren ideiaren aldekoak gara ere. Berdintasun handiagoa nahi dugu. Hau da komunitarismoa eta sozialismoaren emaitza.

Gure garaian ba ote da posible bi korronte hauen sintesia?

Ikusi:
Kontratu soziala
Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu zen eta kateaturik bizi da
Kant: Gizartekoitasun tratagaitza

 

< John Locke: Liberalismo politikoa

Arrazionalismoa eta enpirismoa >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

Anuncios