encyclopedie

Ilustrazioa: aldaketa filosofiko-kulturala

Iluntasunetik argira: teozentrismotik antropozentrismora

XVIII. mendeak “Argien Mendea” izena hartzen du. Mende honetan zerbait berriren jaiotzaren kontzientzia sortzen da, azkenik arrazoiak eta zientziak gizakia argituko dutela eta iraganeko ilunaldiak desagertzear daudela hain zuzen ere. Ilustrazioa argia ematea besterik ez da. Arrazoiaren laguntzaz, filosofo ilustratuek Erdi Arotik datorren iluntasuna desegin nahi dute: aurreiritziak, superstizioak eta orain arte eztabaidaezinak ziren dogmak suntsituz. Gizakiari berezkoa zaion leku zentrala berreskuratzea dute helburu. Jainkoaren inguruko ordena teozentrikoa behin eta betiko bertan behera utziko dute bere lekuan gizakiaren inguruko ordena antropozentrikoa jarriz.

XVIII mendean fedea eta arrazoia, erlijioa eta kultura bereiziko dira gizartea sekularizazio prozesu bete-betean murgiltzen delarik. Filosofiak ikuspegi berria eraiki behar du, baina ikuspegi laikoa eraikitzeko, lehen erlijiosoa suntsitu behar dute. «Argien Mendean» burgesiak hezkuntzan esku hartzea lortu zuen, ordura arte elizaren monopolioa zena. Garaiko “jende letraduna” izan zen haren aitzindaria; horrela, elizak gazteengan zuen eragin kaltegarria ezereztea, eta elizgizonei ondasun oinarri sendoenetako bat kentzea lortu zuten. Jende ikasi horiek, kontserbadoreek mesprezatzeko “entziklopedista” deituko dituztenak, edo “Phylosophes”, beraiek atsegin zuten izena, ilustrazioaren izaera markatuko dute.

“Phylosophes” berrien agerpena: librepentsalariak

Mende honetan, bi filosofo mota agertzen da:

  • Filosofo “akademikoak”: aurreko mendearen pentsamendu korronteak jarraitzen dituztenak, bai Descartesen arrazionalismoa (Lebnitz, Wolf …) bai Locken enpirismoa (Hume, Berkeley…) jarraitzaitzen dutenak.
  • “Phylosophes” izena hartuko duten pentsalari berriak, batez ere Frantzian, pentsamendua eta filosofia jendeen artean zabaltzeaz kezkatuak dauden intelektualak.

Pentsalari hauek ez dira unibertsitateetan aritzen, erlijio eta inkisidoreen eraginetik hurbilegi daudenak oraindik. Filosofia arrazoiaren jarduera kritikoa dela uste dute, eta pentsamendu askea aldarrikatuko dute nonahi: lan literarioetan (Diderot: Le Neveu de Rameau , Rousseau: Emilio, Voltaire: antzezlanak), eta gero eta ugariagoak diren egunkari eta aldizkarietan ere. Horrela gertakizunak eta informazioa gero eta jende gehiagorengana iristeko aukera ematen zuten. Inguruan gertatzen ari zenari buruzko interesa areagotu egin zen irakurleen artean. Euren liburuak eta artikuluak arin zabaltzen dira. Bizi diren munduko arazoak bideratzeko ideiak asmatzen saiatzen dira. Egoerarekin guztiz inkonformistak dira eta kritika unibertsala egiten dute superstizio, fanatismo, dogmatismo eta intolerantzia era guztien aurka. Dogma guztiak suntsitu behar dira. Arrazoiak bere mugak baino ez dauzka.

Filosofoak literatura klubetan, kafe-tertuliatan, Akademietan, Logia masonikoetan, burgesen etxeetan , errege-gorteetan eta bereziki dama ikasiek zuzendutako “saloietan” biltzen dira. Eta erosoki mugitzen dira beti prest boteredunekin harremanetan jartzeko, bere aholkua emateko eta ideiak argitzeko. Filosofoek errege eta agintariak hezten dituzte (Greziako sofistak eta Berpizkundearen humanisten antzera). Ilustratua, beraz, elite intelektualari dagokio; pentsalari, idazlea eta munduko pertsona. Beste izen esanguratsua emango zaie ere: “librepentsalariak”.

Salon de Madame Geoffrin
Lemonnier, le salon de Mme Geoffrin en 1755, Musée de Rouen (alegiazkoa)

Entziklopedia: Kultura eta zientzia zabaldu

entziklopedia

Kultura eta zientzia hedatzeari eman zioten garrantzia Diderot ek zuzendutako obra erraldoian ikus daiteke. Helburua -Diderot-en hitzetan- «pentsatzeko era arrunta aldatzean datza; historian era aktiboan eragin, herri osoaren hezkuntza sorrarazteko; horrela, historiaren bilakaera gizakiarentzat duina bihur dadin».

ENC SYSTEME FIGUREEntziklopedia “Zientzia, arte eta lanbideen Entziklopedia edo Hiztegia arrazonatua” arrazonamendu kritikoa eta ideologia laiko, pragmatiko eta materialistaren ikuspegitik ordura arte izan den ezagupen eta jakintzagai guztien biltegia, eta Francis Baconek adierazten duen giza ezagutzen zuhaitzaren arabera ordenatua:

“Ulermenak hiru modu hautematen duenaz arduratzeko, hiru ahalmen nagusiak erabiltzen ditu: Oroimena, Arrazoia eta Irudimena. (…) Eta hortik, gizakiaren jakintzaren banaketa orokorra lortzen da (…). Historian, Oroimenari dagokiona; Filosofian, Arrazoitik eratorria; eta Poesian, Irudimenetik sortua (…)”.

Entziklopediaren hitzaurrea

Lehen liburutik (1751) obra polemikoa izan zen, aurkibidean erlijioa filosofiaren atala zela aurkezteagatik (eta ez egia eta ongiaren azkeneko gordelekua). 1759an dogma katolikoaren kontrako erasotzat hartu zuten pentsalari protestante eta ateoen lanaren mirespena eta eliza katolikoaren liburu debekatuen zerrenda potolotzera heldu zen. Berehala, gobernuak baimena kendu zion. Hala ere, entziklopediaren lana ezkutuan jarraitu zuen Madame de Pompadour eta beste batzuen laguntzarekin 1772 an lan osoa argia ikusi arte: 28 tomo 72.000 artikulu eta 140 autore baino gehiagok parte hartu zuten, horien artean Voltaire, Rousseau, Condillac, Montesquieu, Adam Smith edo Holbach baroia.

Hezkuntza

Ilustrazioa hezkuntzaren mendea dela ere esan liteke, gai horrek hartu zuen garrantzia kontuan izanik. Kulturaren bidez, mentalitate kritikoagoa, arrazionalagoa eta askeagoa zabaldu nahi zuten. kultura aldaketaren ardatz izateko herriarengan hedatu behar da, ezin da elite aristokratiko edo erlijioso baten pribilegioa balitz ikusi. Derrigorrezko hezkuntza publikorako eskubidea aldarrikatzen duten lehenak ilustratuak izango dira. XVIII mendean eskola ugari sortuko dira eskulangile, merkatari eta enpresarientzako jakintza erabilgarriak irakasteko; eta horietariko batzuk laikoak izango dira, Bergarako Mintegia, adibidez.

Baina Ilustrazioan hezkuntza bera aztergai ere izan zen. Garai horretan, gizakiaren izaerari buruzko hainbat teoria sortu ziren.

  • Helvetiusentzat, esaterako, gizakia izatez egoista da. Egoismo hori, hala ere, ez da berez txarra: heziketak bideratu behar du kolektibitatearen onerako, indar aprobetxagarria da.
  • Rousseauren ustez, aldiz, gizakia ona da naturaz; haurra ona da jaiotzez; eta ona izaten jarraituko zukeen, gizartearengatik ez balitz. Haurraren instintuak naturalki garatzen utziz gero, gizakia bide egokietatik joango litzateke. Gizarte hezitzaileak berez ez dauzkan helburuak eta bereak sentitzen ez dituenak ezartzen dizkio, eta horregatik okertzen da. Hezitzaileak ez luke araurik ezarri beharko; alderantziz, hezitakoaren espontaneotasuna errespetatu beharko luke.

Zientzia arloan

Zientzien garapena handia izan zen. Sistema metriko dezimala ezartzen hasi zen. Aurreko mendeetako aurkikuntzak asimilatu eta aplikatu ziren: Newtonen zientzia Europa osoan ezaguna da eta bere metodoaz baliatuz bizitzaren kalitatea hobetzeko aurrerapen eta aurkikuntza ugari lortuko dira medikuntzan, nekazaritzan, siderometalurgian, ehungintzan, ontzigintzan, eta hainbat diziplinatan: Celsius, Farenheit (Kalorimetria), Franklin (elektrizitatea), Watt (lurrin makina), Lavoisier (kimika), Linneo eta Buffon (zoologia), eta beste asko aipa daitezke

Euskal Herrian, Elhuyar anaiek wolframioa isolatu zuten. Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartea 1765ean sortu zen, Azkoitiko zalduntxoak izeneko noble taldeak eta, bereziki, Peñafloridako VIII. kondeak (Frantzisko Xabier Munibe Idiakez, 1727-1785) bultzatuta, zientzia, artea eta literatura zabaltzeko helburuarekin. Bergarako Errege Mintegia (irakaskuntzaren eta ikerketen sustapen-taldea) ere garai hartakoa da, eta, kasu honetan ere, Peñafloridako kondea izan zen bultzatzaile nagusia.

< Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak

Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios