Federico II gortea

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak

Nola sortu zen munduaren ikuspegi modernoa?

Immanuel Kant “mugimendu ilustratu” izenaz ezagutzen den korronte filosofikoaren ordezkarietako bat da. Mugimendu honek egungo gizarte ikuspegiaren oinarria sortu zuen (politika, erlijio, moralean). Kanten pentsamenduak eragin nabarmena izango du mundu ikuskera honetan eta baita arlo teorikoan (zientzian).

  1. Batetik, aldaketa sozio-ekonomiko handiak eta monarkia absolutuen jaitsierak gizarte eta politika antolaketa berriak ekarri zituzten
  2. Bestetik, Ilustrazioa mugimendu kultural eta filosofikoa da ere: gizakiaren irudi berri baten sorrera eta eguneko gizartearen pentsaeraren hazia

Nahiz eta errealitatean banatuezinak izan, hemen bi atal ezberdinetan azaltzen saiatuko gara. Historia, ekonomia eta politika, eta kultura, filosofia eta gizartea

XVIII mendea antzinako erregimen feudalaren amaiera eta burgesiak ezarritako antolaketa sozial berriaren etorreraren garaia da.

antzinako erregimena
15. diapoa: Klik irudian gehiago ikusteko

Aldaketa sozio-ekonomikoak

Tradiziozko nekazaritzan eta eskulanean oinarrituriko egitura zaharretik gizarte moderno industrialerako bidea XVIII mendean prestatzen da. Mendearen hasieran biztanle gehienak nekazariak ziren baina industria iraultzaren hasiera eta merkataritzaren itzelezko garapenak burgesiaren goratze prozesua ahalbidetu zen: Kolonietatik Europako industriaguneetara lehengaien garraioa aberastasun iturri bilakatu zen; eta garraiobideen garapenak barne merkataritza indartu zuen. Egoera honek ekoizpen-jarduera berriak ekarri zituen: manufakturak, ontzigintza, ehungintza, banka, lanbide liberalak, esklabo salerosketa, kontrabandoa, etab.

XVI eta XVII mendeko katoliko eta protestanteen arteko erlijio-gudek, burgesiak bultzatu nahi zuen aurrerakuntzari eta merkatari elkartrukeari izugarrizko oztopoak jartzen zizkieten. Etengabeko gatazkan, herrialdeak txirotu ziren eta nekazari eta nobleak zorrez itota zeuden.
XVIII mendearen hasieran populazioa bikoiztu zen.

Egitura feudal anakronikoak ezinezkoa zuen krisi ekonomikotik atera, eta egoera jasanezina bilakatu zenean klase zigortuenak (nekazaleria eta burgesia, hirugarren estamentuak, alegia) matxinatu ziren eta antzinako ordena aldatu zuten. 1789Ko Frantziako Iraultzatik aurrera estamentuko gizartea betiko hondoratu zen Europan eta bere ordez gizarte klasista ezarri zen, non pribilegioen ordez jabetza eta kapitalak erabakiko dute eskala sozialeko postua eta estatusa.

3. zapalkuntza
The Third Estate carrying the Clergy and the Nobility on its back

Aldaketa politikoak

Burgesiaren garapena urriagoa izan zen zenbait lurraldetan (Prusia eta Espainia adibidez) Despotismo Ilustratua izenaz ezagutzen den gobernu mota berezia sortu zen. Erregeak filosofoez inguratu ziren eta ilustrazioaren zenbait ideia bereganatu zituzten, hala nola, Jainkoarengandik eratorritako boterea ordezkatzen duen kontratu sozialaren ideia, erlijio tolerantzia eta kultura babespena, beti ere botere zentralizatu eta indartsu batetik kudeatuak. Horrela, jantzi berria zeramaten monarkia absolutuak eratu ziren. Despotismo Ilustratuak, absolutismoari uko egin gabe, estatuaren modernizazioa ekarri zuen. Dena herriarentzat baina herria gabe” lemapean, Despotismoak botere absolutua sasi-paternalismotik zilegitzen zuen, herriaren zoriontasun eta aurrerapenaren aitzakiaren bidez. Errege absolutu eta intelektualen arteko aliantza bitxi hau interesengatik egindako ezkontza bezala uler daiteke: alde batetik, erregeek, ideia berriez baliatuz, beraien boterea justifikatzen dute; eta bestetik, ilustratuak eta burgesak bere interesak babesten dituzten erreformak lortzeko estatuaz baliatzen dira.

Bideoan Prusiako Despotismo ilustratua, Amerikako Independentzia adierazpena, eta Frantzian Giza Eskubideen aldarrikapena eta iraultza bere protagonisten eskutik azaltzen ditu

Frederiko IIa Handia (0:00-18:01) Thomas Jefferson (18:00-31:40) Nicolas de Condorcet (31:40)

Ilustrazioaren jatorria

Mugimendu ilustratuaren sorrera Ingalaterran izan zen. 1688ko “La Gloriosa” izeneko iraultzaren ondoren erlijio tolerantzia giroa eta ikerkuntzarako askatasuna (geroago ilustratu frantsesek eredutzat hartuko zituztenak) finkatu ziren.
Hiru dira, batez ere, Ilustrazio ingelesak utzitako emariak:

  1.  Zientziaren eredu hipotetiko-deduktiboa: Newtonek heliozentrismoaren iraultza zientifikoa burutu zuen eta handik aurrera behaketan oinarritutako zientzia-eredua finkatu egingo da. Filosofian esperientziaren garrantzia enpirismo ingelesean islatuko da: F. Bacon, J. Locke, D. Hume, G. Berkeley.
  2. Parlamentarismoa eta botereen banaketaren aldeko joerak (judiziala, exekutiboa eta legegilea) eragin handia izango du bai maila teorikoan (gaurko pentsamendu liberalaren korrontearen sorrera) bai praktikoan: Erregimen Zaharraren erorketa, Estatu Batuetako Independentziaren Aldarrikapena, Frantziar Iraultza, Giza eta Hiritar Eskubideen Adierazpen unibertsala
  3. Erlijio Naturala: dogma, errebelazio eta misteriorik gabeko sinesmenak Humek “Erlijio Naturalaz elkarrizketak” liburuan jorratu zituen.

Ilustrazioaren hedapena

 

Frantzian

Ilustrazio frantsesak, batez ere, aurrerakuntzaren ideia landu zuen. Hango garaiak (Ilustrazioarenak alegia) iraganeko edozein garaikoak baino askoz hobeak zirela pentsatzen zuten. Honen ondorioz Ilustrazio frantsesak ezaugarri baikorra hartu zuen. baina salbuespen garrantzitsua izango da Rousseaurena berak aurrerakuntzaren moralik eza salatu egin baitzuen.
Enpirismo ingelesaren eraginak (batez ere Newtonen bidez) eta tradiziozko arrazionalismo frantsesak bat egiten dute eta honen ondorioz arazo guztien azterketarekiko eta argien azalketarekiko joera sortaraziz. Gerora arrazionalismoaren eta enpirismoaren sintesia Kantek egingo du.

Ilustrazio frantsesak intolerantzia erlijiosoa eta arbitraltasun politikoaren aurkako gurutzada bultzatzen zuen batez ere (eta honen ondorioz batzuk ondorio latzak jasan izaten zituzten). Tolerantziaren aldeko jarraitzailerik nagusiena Voltaire dugu. Bera ere erlijio naturalaren alde azaldu zen. Pentsamendu politikoari dagokionez, Montesquieu (botereen banaketa) eta Rousseau (herri subiranotasuna eta demokrazia zuzena) nabarmendu ziren. Pentsaera ilustratu frantsesa aberats oso eta guztiz ezberdinekoa izan zen, modu guztietako pentsalariak izanik, haien artean bai humanistak (Diderot, D’Alanmbert, Condillac), bai materialistak (La Metrie, Hollbach, Helvetius).

Alemanian

Ilustrazio alemana beranduago hasi zen eta Ilustrazio frantsesaren eraginaren menpean zegoen. Artean, XVIII mendean Alemaniak ez zuen Estatu bateratua osatzen; aitzitik, bere lurraldeak Estatu nolabait independenteak ziren. Gizarteak feudal izaten jarraitzen zuen; boterea aristokraziaren esku zegoen, burgesia ahula zen bitartean. Giro filosofikoa arrazionalismoaren eraginpean zegoen (Leibnitz, Wolff). Mundu ilustratua goiko burgesiara mugatzen zen Prusiako Federiko II- aren babespean). Federiko II. a Alemania gaurkotu eta bateratu nahi zuen. Hartarako ideia ilustratuak zuzenbide eta arauetan sartzen, hezkuntza eta zientzia bultzatzen saiatzen da Voltairengana joz haren kontseilu bila. Federiko II. aren erregimena “Despotismo Ilustratuaren ” eredutzat har daiteke. bere lema hauxe izango da: “Dena herrirentzat baina herririk gabe“. Beraz, ez dira frantsesak bezain erradikalak. Erregearen botere absolutua, onartzen dute –ilustratua delako-, eta aurreko ohituren aldaketa beharrezkotzat jotzen du ere.

XVIII. mendeko lehendabiziko urteetan matematika eta arrazionalismoa modan zeuden Wolff filosofia mailan nabarmenduz. Gerora Lessing izango da pentsalarik ezagunena.

Eta azkenik Kantek ospe handia hartuko du: ia ideia ilustratu guztiak onartu eta bultzatu zituen. Newtonen zientzia miretsi eta Frantziar Iraultza laudatu zuen. Baina bere herrian erregearen laguntza beharrezkoa zela uste zuen. Testuinguru honetan prentsarako bere artikulu ospetsua, –Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna– idatzi zuen. Artikulu honetan herrien heldutasuna pentsamendu eta adierazpen askatasunaren bidez emango zirela baieztatzen du.

Euskal-Herrian

Euskal Herrian, ordez, aztarna gehiago dugu, batez ere hemengo aristokrazian eta burgesian. Haien artean aipa daitezke Munibe (Marqtths de Peñaflorida), Larramendi, Samaniego eta Elhuyar anaiak. Ilustratuek bultzatua Bergarako Mintegia (Unibertsitatea) eta hainbat erakunde sortu egin zen, “Sociedad de Amigos del Pais”, delakoa bezalakoa. Egoitza Azkoitian zeukaten eta astero hantxe biltzen ziren zerbaitez hitz egiteko, aste batean Matematikaz eta beste astean teknikaz e.a. Europako aurrerakuntza hona ekartzea nahi zuten bai zientzia arloan bai teknikan. Isla Aita, jesuitak, ironiaz “Caballeritos de Azkoitia” deitu zien. Menendez Pelayok “heterodoxotzat” hartu zituen baina ez dago garbi Ilustrazioaren filosofia antiklerikala onartuko zutela. Agian hemengo Inkisizioak ez zuelako onartuko.

Espainian Ilustrazioaren eragina ahula eta laburra izan zen Jovellanos eta Feijoo ilustraturik aipagarrienak izanik.

Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios