mekanizismoa

Ilustrazioa: Argien mendea

Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak

Ilustrazioak erabateko konfiantza du gizakiarengan, Erdi Aroko iluntasunetik eta haren mendekotasunetatik askatu ondoren. Ilustratuak ziur zeuden gizakiak lanean jarri ahal izango zuela, inolako trabarik gabe, izatezkoa, berezkoa duen tresna: arrazoimena. Ziur zeuden arrazoimena behar bezala erabiliz gero, naturaren kontrola eta erabilera teknikoa, eta gizakiaren eta gizartearen hobekuntza morala eta politikoa eskuratuko zuela.

Modernitatearen iturburua

Ikuspegi honen oinarrizko ideiak hauexek izango dira:

  • Jakintzaren aldetik, berpizkundean hasitako unibertsoaren paradigma aldaketa, enpirismoa eta Newtonen mekanizismoa naturaren eta zientziaren ikuspegi berri bat ekarriko dute, metodo filosofikoaren azterketa sakona beharrezkoa dela agerian jarriz.
  • Burgesiaren ideologiaren araberako gizakiaren kontzeptu berria sortuko da: Gizakia arrazoiak gidaturik zoriontasuna bilatzen duen izakia da eta zoriontasuna aberastasun kopuruaren arabera neurtu ahal den ongizate materialean datza. (Calvino-ren eragina). Bakoitzak arrazoia ondo erabiliz bere ongizatea bilatzen badu, gizartearen aurrerapena gertatuko da.
  • Kritika gupidagabea eginez tradizioak utzitako kontzeptu eta balore guztiak berrikusiko dira arlo eta eremu guztiak kolokan jarriz: erlijioa, gizarte antolaketa, politika eta ekonomia. Ikuspegi modernoa eraikitzea izan zen ilustratuen lana. Ikuskera honek gure garairaino indarrean jarraituko du, ezbairik gabe Ilustrazioaren oinordeko zuzenak baikara.

Arrazoimenaren kontzepzio berria

Arrazoimen enpirikoa

Ilustratuek ez zuten ontzat ematen arrazionalisten ezagutza-metodoa, metodo matematikoaren eredua (arrazoimen deduktiboa, jatorrizko ideietan oinarrituta). Ilustratuen ustez, zentzumenetako esperientzia ere kontuan hartu behar da. Arrazoimena bai, baina arrazoimen enpirikoa. Ordutik aurrera, zientziaren norabide berria gero eta izaera deskriptiboagoa izan zen, eta gero eta gutxiago esplikatzailea.

Arrazoimena kritikoa da

Ez du ezer ontzat emango aldez aurreko azterketa edo analisi egokia egin gabe. Hori ez da filosofia edota zientziaren esparrura mugatzen; politikari eta erlijioari ere kritika arrazionala egiteko aukera aldarrikatu zuten (Kantek, esaterako, garbi utzi zuen gai erlijiosoak eta politikoak publikoki kritikatzeko askatasuna aurrerapenerako ezinbesteko baldintza dela). Baina arrazoimenaren kritika horrek bere buruarekin hasi behar zuen.

Lehendabizi, arrazoimenak bere ahalmenak aztertu behar ditu: bere mugak bilatu eta zehaztu. Arrazoimena ez da ahalguztiduna, arrazionalistek zioten bezala; mugatua da, eta ez dezake bere mugaz harantzago dagoena jaso. Arazo guztiak giza-arrazoiaren epaimahaian jarri behar dira. Beraz, arrazoiak jite kritikoa hartzen du batik bat. Ezagupen orok arrazoiaren argiarekin aztertu behar dira. Baita arrazoia bera ere aztertu behar da, bere metodoa, oinarriak eta mugak jakin ahal izateko (Kant).

Arrazoimen ilustratua autonomoa da

  • Erdi Aroan Filosofia Teologiaren pean dago. Mende askotan zehar arrazoia gizakiarengan dagoen Jainkoaren “marka” da, honi esker ezagutzeko eta arrazoitzeko kapaza den izaki berezia izanik.
  • Berpizkundean arrazoia eta boterearen, zientzia eta fedearen arteko borrokalekuan agertu zen (Galileo).
  • XVII. mendean (Descartes) errealitatea aztertzeko printzipio edo jatorrizko ideietan abiapuntua hartuz egia berregiteko gai da gizakia. Baina printzipio hauek Jainkoak emandakoak dira.

XVIII. mendean giza ezaugarria eta ahalmena da, hezkuntzaren bitartez garatu eta osatu behar dena. Gizakiaren gida bakartzat hartuko da arrazoia. Gizadia heldutasunera ailegatu da eta bere arrazoia erabiltzeko ez du tutoretzarik behar. Ilustrazioaren asmoa arrazoi autonomoa, burujabea, buruaskia lortzea da. Arrazoia argia bilakatzen da; ezjakintasunari, dogmatismoari eta tradizioan sinismen itsuari aurre egingo dion argitasuna. Horrela, aurreiritzi moralak gaindituko zirelakoan zeuden, eta gizakiaren espiritua menderatzen duten superstizio eta oztopo ideologikoak baztertuko zituzten. Une horretan, pentsalari batzuentzat gizaki guztion berdintasuna arrazoimenean oinarrituta zegoen: denak berdinak gara, denek arrazoimena (gauzak aztertu, eztabaidatu, eta ondorioak ateratzeko ahalmena) dugulako, eta hori da gizakiarengan garrantzitsuena.

Arrazoimen praktikoa

Ilustratuen arrazoimena ez zen arrazionalistena bezalakoa, teorikoa edo espekulatiboa; arrazoimen praktikoa baizik. Eginkizun bakarra ez da esplikatzea: gizakiaren bizitza moldatu, natura menderatu, eta arazoak —pertsonalak, politikoak edo gizartearenak— gainditzeko gai ere izan behar du; arrazoia gizakien bizitza soziala, politikoa eta morala giza-arrazoiaren printzipioekin egokitzeko ezinbesteko baliabidea baita.

Naturaren kontzepzio berria

Ilustratuentzat, natura erreferentzia nagusia da. Zentzu fisikoari dagokionez, Newtonen ikuspegian Natura fenomenoak zuzentzen dituzten lege naturalen multzoa da. Lege hauek ezagutuz gero munduaren ordena aurresan dezakegu. Gizakia ere lege horien mende dago, ezin die ihes egin; eta lege horiek ikerketa zientifikoaren bidez ezagutzea berari dagokio, gero, bai gizakia eta baita gizartea ere, naturaren arabera antolatzeko.

Dena aipatutako legeen mende badago, natura beharrezkotasunaren (determinatuaren) erreinua bihurtzen da (determinismoa); eta, lege horiek ezagutuz eta haietara moldatuz gizakiak natura bere onerako erabil ahal izango du. Beraz, ez dugu Jainkoaren ideiarik behar, Laplacek Napoleoni bere “Traité de Mécanique céleste” liburua aurkezterakoan erantzun zion modura: “Ez dut hipotesi horren beharrik” (Napoleonek Unibertsoaren sistema azaltzeko Jainkoa behin ere ez zuela aipatu komentatu omen zionean). Azalpen naturalek (arrazionalek) azalpen erlijiosoak edo naturaz gaindikoak ordezkatu behar dituzte. Naturala denaren arabera bideratu behar dira bizitzaren aspektu guztiak. Une horretan hasiko da eskubide naturalak, erlijio naturala, hezkuntza naturala eta antzeko kontzeptuez hitz egiten.

Erlijioa

Sinesmen erlijioso tradizionala nagusia zen oraindik arlo sozial gehienetan. Baina, intelektualen artean, sinesmen hori zalantzan jartzen zuten teoriak eta sinesmenak sortzen hasi ziren. Horien arteko nagusiak materialismo ilustratua eta deismoa dira.

Materialismoak Frantzian izan zuen eragin handiena, La Mettrie-k idatzitako Gizon makina liburuaren eraginez. Haren ustez, materia baino ez dago; beraz, materian gertatzen diren mugimenduak eta aldaketak ez dira kanpoko eragileek sortuak, betiereko legeen ondorioz sortuak baizik. Ez dago, beraz, ez jainkorik, ezta arima espiritualik ere.

Deismoa

Ilustratuen artean ba daude ere erlijioa bera desegin nahi ez dutenak. Arrazoiaren printzipioekin egokitzen den dogmarik gabeko erlijioa eraikitzeko funtsezko osagarriak aurkitzen saiatzen dira. Hori egiteko erlijio guztiak, kristautasuna eta erlijio aurkitu berriak kontutan hartzen dira. Bere emaitza “erlijio arrazionala” izango da: benetako erlijioa, partikularrak baino lehenagoa “Deismoa”

  • Natura jainkoa azaltzen den tokia da, eta aldi berean natura arrazionala da. Beraz, erlijioa arrazionalki interpreta daiteke: Jainkoa munduaren kausa eta ordenatzailea da. Jainkoak, behin munduari legeak ipinita, Mundua uzten du eta ez du historian parte hartzen.
  • Erlijio guztien Jainkoa bera da, baina ez dago liburu sakraturik, errebelaziorik edota mirakulurik.
  • Gizakiak bere kontzientziaren arabera hartzen ditu erabaki etikoak, erlijio-autoritateek diotenari obeditu beharrean. Modu berdinean, askea da bere bizitza espiritualean, haren heziketarik ez baitago
  • Estatua eta erlijioaren arteko banaketa defendatzen dute

Jarrera honen ondorioz tenplu laikoak eraiki ziren (“Arrazoi Jainkosari” eskainitako tenplua esate baterako), apaiz eta erritu berriak agertu ziren Masoneria kasurik aipagarriena izanik. Jainkoa da Munduaren Arkitektoa (Macon=eraikitzailea frantsesez). XVIII. mendearen amaieran Masoneriak 70.000 jarraitzaile eta 700 logia zituen Frantzian. Haren bidez liberalismoa zabaldu egin zen. Munduaren zehar eragin nabarmena izan zuen bai Estatu Batuetako Independentzian, Bai Frantziako Iraultzan (bere lema masonikoa izanik) bai Giza Eskubideen Adierazpenean.

Erlijioak betetako kohesio sozialaren rola desegitearekin batera erreferentzi sistema ideologiko baten eraikuntza behar-beharrezkoa suertatzen da; ordura arte erlijioak eskainitako baloreen ordez beste berriak sortzeko beharrean aurkitzen dira.

Burgesiaren balio-eskema berria

Burgesia erdi aroko burguetako merkatari, bankero eta eskulangileak ziren. Pribilegiorik gabe jaioak, dirua eta ondasunak lortu zituzten ahalegin eta lanaren bidez. Nolabaiteko indarra lortu zutenean, feudalismoaren kontrako borrokari ekin zioten, gizartearen baitan bere lekua lortu nahian. Lana, heziketa eta kapitalaren bidez eskuratu zuten botere sozial eta ekonomikoa, eta haien ikuspegia eta balioak XVIII mendeko Europa definitu zuten eta indarrean daude oraindik.

  • Pertsonaren meritua, jabetza pribatua eta gizabanakoaren duintasuna agintearen gainetik defendatuko dute
  • Lana garapen pertsonalerako giltza da, kapitala duen gizarte-klasea da
  • Arrazoi esperimentala eta industrian aplikatzeko jakintza erabilgarriak bultzatuko dituzte tradizioaren morrontza feudala gainetik.

Aurrerakuntza

Aurrerakuntzaren ideia Ilustrazioan zehar ageri agerian dauden ideietariko bat da, gaur egunean indarrean jarraitzen duena. Denbora aurrera doan heinean, gizakiaren bizi-baldintzak hobetuz doazela dioen sinesmena: belaunaldi bakoitzak hainbat lorpen eskuratu, eta horiek hurrengo belaunaldietan metatuko direla, horrela garai bakoitzak aurreko garaia gaindituz, giza-aurrerakuntza arrazionalizazio prozesuan sakonagoa, etengabea eta mugagabea izango da gizakiak eta gizarteak arrazoiaren printzipioekin euren jarduera egokitu arte.

Antzinako denboraren kontzepzioa zirkularra edo ziklikoa zen. Erdi Aroan ikuspegi lineala hartuz joan zen, eta ilustratuek linealtasun horretan mundua hobetu ahal dela eta behar dela pentsatzen dute; gizarte perfektua, posible guztietatik onena, etorkizunean lortuko dena da, eta aurrerabidea mundu hori lortzeko ematen diren pauso guztiak dira. Ilustratuek beren garaia bide horren hasiera zela pentsatzen zuten.

Aurrerakuntzaren ideiak Historiaren zentzu baikorra dakar: nahiz eta garai ilunak pasa dituen, gizarteak perfekziorantz jotzen duen bideari jarraitzen dio. Bakoitzaren lanak guztien aurrerakuntzan eragin zuzena izango du. Beraz, aurrerabidea, gizarte osoari dagokion prozesua izateaz gain, gizaki bakoitzari ere badagokio, eta bizitzaren arlo guztietara zabaldu behar da, superstizioaz, gobernu irrazionalez eta kultura usteltzaileaz libratzeko.

Aurrerakuntzari uko egitera ausartuko den bakarra Rousseau izango da, aurrerakuntza moralik eza salatuz. Baina gaur egun etengabeko eta mugagabeko aurrerakuntzaren ideia zalantzan dago errekurtsoak ez baitira mugagabekoak. Adibidez, Desazkundea deritzon pentsamendu politiko, ekonomiko eta sozialaren joerak, ekoizpen ekonomikoa gutxitzearen alde agertzen da gizakia eta naturaren artean oreka berri bat, eta aldi berean, gizakien arteko erlazio berri bat ezartzeko asmoarekin.

Tolerantzia

Ilustrazioan garrantzi berezia hartu zuen askatasunak. Tolerantzia aldarrikatu zen arlo guztietan. Baina askatasun eskaera horrek ekonomia-arloan hartu zuen indarrik handiena: merkantilismoak ezarritako mugaz eta arautegiaz libratzeko beharra sentitu zuen burgesiak, saleroste-askatasun handiagoa exijitu zuten, aristokraziaren pribilegioak ezabatu eta burgesia bera aberasteko. Ilustrazioak erreforma eta tolerantziaren alde jokatu bazuen, politikoki kontserbadorea zen gehienbat. Burgesiaren mugak aski ondo suma daitezke: ausartak erlijioari dagokionez, baina zurrunak politikan. Hitzarmen sozialaren teoriak zabaldu ziren, baina bakar batzuek defendatu zituzten ideia demokratiko eta berdinzaleak (Rousseau).

Arlo politikoan, pentsalari isolatu eta burujabe batzuk (utopikoak, iraultzaileak, komunistak edo bakezaleak) bakarrik iritsi ziren gizaki guztien arteko askatasun-eskubidea aldarrikatzera. Rousseau eta, geroago, Kant izan ziren garrantzitsuenak. Kantek norberaren adimenaz baliatzeko eskaera luzatu zuen; eta, horretarako, hori galarazten zuen guztia (tutoregoak) salatu zuen.

< Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak

Kontratu Soziala >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

Anuncios