sapere aude

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude

Arrazoimen kritikoa, autonomoa eta askea

Bere hiru kritikatan erantzuten saiatuko den galdera horiek Ilustrazioak garatzen duen arrazoimenaren kontzeptu berriaren lekuko dira: arrazoimen kritikoa, autonomoa eta askea. Kantek “Zer da ilustrazioa galderari erantzuna” artikuluan Ilustrazioaren lematzat “Sapere Aude” jotzen du; hau da, ausart zaitez zure kabuz pentsatzera. Gizakiak adin-nagusitasuna lortuko du arrazoimenaz baliatuz, gidaritza arrotzekiko kateak apurtzeko kuraia biltzen duenean. Eta Ilustrazioa du bere eginkizun nagusia, arrazoimenaren autonomiak bideratuko duen gizadiaren aurrerakuntza.

Horrek historian zehar gizakiari buruz asmatutako irudikeriekin amaitzea eskatzen du. “Ilustrazio honetarako askatasuna besterik ez da behar…/… bere adimenaz oso osorik erabilera publikoa egiteaAurreiritzi, tradizio eta dogmak gure adimena gaixotzen dute eta horien bidez adingabetasunaren esklabo eta morroiak bihurtzen gara. Kantek errebelazioan oinarriturik dauden erlijioei eta beste edozein tutoreei aurre eginez, gizakiaren duintasuna aldarrikatu zuen: gizakia beti helburu dela dio Kantek, bitarteko bezala hartu ezin den izaki bakarra. Aurrerakuntzak sineskeria erlijioso eta gobernamendu irrazionaletatik askatzea eskatzen du. ”Egia”, erlijio eta arau sozial inposatuak kontzientzia askatasuna mugatzen dute. Arazoa ez da zenbait tradizioen ordezkapena, baizik eta gizakiarengan agintzen duten tutore arrotzak arrazoimenaren autonomiarekin ordezkatzea:

  • Erlijioaren aurka, deismoa edo ateismoa zabaltzen dira, moraltasuna gidatzeko egokiagoak ikusten direlako. Deismoak (erlijio arrazionalak) ez ditu erlijio errebelazioa, dogmak eta mirakuluak onartzen, ez eta jainko pertsonalik ere; erlijio guztietan komuna den munduaren sortzaile eta ordenatzailea edo printzipio arrazionala baizik. ‘Betebeharrari jarraituz pertsona hobeago bihurtzea eta etorkizunean gizarte hobeago batean bizitzea, «Horixe da hain zuzen arrazoizko erlijioaren egiazko helburua, alegia, gizakien hobekuntza morala».«Jainkoa ez da Nitaz at dagoen izakia, Nigan dagoen pentsamendu soila baizik. Jainkoa arrazoimen etiko-praktiko legegilea da». Jainkoa «nigan dagoen Printzipio moral gorena»‘ (1).
  • Absolutismoaren aurka hitzarmenean oinarritzen den estatua, Errepublika, alegia; askatasun eta berdintasunaren ezaugarriak dituzten hiritarren nahimen orokorra adierazten duena eta ordezkaritza sistema eta botere banaketaren arabera antolaturik dagoena.

Filosofia: jarduera kritikoa

Kantekin, filosofia jarduera kritikoa bihurtzen da: Arrazoimenak bere buruari egiten dion epaiketak, barne kritikak, kanpo kritikari bidea irekitzen dio; hau da, bizitza sozial eta politikoan arrazoimenaren erabilera publikoa gaitzen duena. Zergatik da beharrezkoa honelako epaiketa egitea?

Ezagutza

Historian zehar filosofiak interpretazio anitzak eta kontrajarriak eskaini dizkigu: hainbeste mende eta gero, ez da filosofian aurrerakuntzarik eman, zientzian ostera bai. Are gehiago, dogmatismoa inposatu da ezagutzaren tokian, eta dogmatikoak ez direnak eszeptizismoan jausi dira errealitatea ezagutezina dela onartuz. Kantek, aitzinean filosofiaren erregina zen metafisikari funtzio berri bat aurkitu nahi dio, arrazionalismoa eta enpirismoaren akatsak zehaztuz. Horretarako arrazoimenaren ezagutzeko ahalmenaren baldintzak aztertuko ditu: Zientzia aztertuz metodologia berri bat aurkituko du lehenengo kritikan, ezagutzaren iraultza kopernikarra, errealismo inozotik idealismo transzendentalera doan bidea. Metafisika ezagutza zientifikotik at geratzen da, bere funtzio kritikoari harrera emanez.

Moral heteronomoa

Gizakiaren bizimoduari eta bere bizitza ulertzeko moduari erreparatzen badiogu, moral heteronomoa (jokabide ez ilustratua) agertzen da nonahi: adin nagusitasunetik iheska, norberaren arrazoimena erabiltzen ausartzen ez direnak. Gizateriaren zatirik handiena eta “sexu ederraren kasuan denak” talde horretan daudela aipatzen du Kantek. Pentsatzea lan neketsua dela dio, beraz badaude alferkeriagatik beste batzuen esanetara pozik bizi direnak, erosoagoa delako heteronomoa izatea. Baina Kantentzat gizakia bere buruari lege morala emateko gai dena da, beraz adingabeak ez dira iritsi gizatasunera. Testuan “Abere mantsotuak” deitzen ditu, obedienteak, kateek ematen duten segurtasuna maite duten arduragabeak. Kanten iritziz gizaki burutugabeak izatearen errudunak dira jarduera etikorako ez gai direlako.

Tutoreak bere aldetik ez dira hobeakgidaritzaz hain adeitsuki arduratzen direnak…/… heldutasunerako urratsa irudi dakien ez soilik zaila, arriskutsua ere” Kontzienteki engainatzen duten tutoreen irudia egiten digu Kantek. Beldurrak heldugabetasunean mantenduko ditu, bestetik arrazoimenaren ariketa faltak ere zailduko du arrazoimenaren erabilera autonomoa.

«Dena ikuspuntu pribatu soiletik juzgatzen duena, dela jakintsua, negozio-gizona, apaiza edo erregea, gizon gaiztoa da». Horregatik, norberak eman behar dio bere buruari legea gizarteko kide gisa, eta horrela lortuko du bere egiazko askatasuna garatzea borondate aldebakarra utzi eta nahimen orokorragoa osatuz, gizatasunaren ideiara hurbilduz. Horretarako helburu onak zehaztu behar dira, hau da, halabeharrez beste edonork onartuko lituzkeenak, beste edonoren helburuak izan litezkeenak” .

Lege Moral autonomoa

Jokabide moralak pentsatzera behartzen du lege-morala autonomoa izan behar duelako. Legeak ahalbidetzen du askatasuna. Bere gizatasuna autonomoki burutuko duen gizakia sortzeko askatasuna orokortu behar da: bai arlo indibidualean (norberaren arrazoimenaren erabilera publikoa, autonomoa), eta baita ere ekintza praktikoan: gizarte ordena berri baten antolaketan.

«Horregatik, murriztapen pertsona­la bere jardunean gero eta gehiago desagertzen da, erlijioa­ren askatasun orokorra onartzen da; eta horrela pixkana­ka, erokeria eta txorakeriak nahasten direla, Ilustrazioa sortzen da ongi handi gisa, zeinak gizateria bere menpera­tzaileen handinahi berekoietatik atera behar duen, bere abantaila propioa ulertzen badu behintzat. Baina Ilustrazio honek eta berarekin gizaki ilustratuak osoki ulertzen duen ongian ekidin ezin duen bihotzezko parte hartze jakinak pixkanaka tronura igo behar du eta gobernuaren printzipioetan eragina izan behar du. Nahiz, adibidez, gure munduko gobernariek heziketa erakunde publikoentzako eta oro har munduaren onenari dagokionarentzako oraingoz batere dirurik ez badute ere, zeren aurretik jadanik dena etorkizuneko gerrarako gastatu dutelako: horrela, beren abantaila propioa zertan aurkituko dute, zentzu honetan bere herriaren ahalegin propio ahul eta mantsoak ez oztopatzean

…/…  Nahiz oraingoz estatuen gorputz hori egitasmo zakarreko egoeran dagoen, hala ere mantsoki hasten da pizten nolabait esateko jadanik kide guztietan osoaren mantenurako sentimendu bat; eta honek zelako itxaropena ematen du, eraldaketa dakarten iraultza batzuen ondoren, azkenik naturak asmo goren­tzat duen egoera kosmopolita orokorra, gizateriaren jato­rrizko disposizio denak garatuko direneko altzo gisa be­hingoz noizbait gauzatuko da” (2).

“Kantek bere pentsaera berriaren oinarri nagusiak filosofia teorikoan ezarri bazituen ere, filosofia praktikoari eman zion zalantzarik gabe lehentasuna, etikari eta politikari, hor gizakiaren askatasuna baitago jokoan” (2)

Aurrerapena

gilotina

Astiro-astiro bakarrik lor daiteke aurrerapena bideratuko duen pentsamendu askea. Kantek Frantziako iraultzan burutuko ziren errebolten berriak gogoz jarraitzen zituela badakigu, hari buruz “zilegizkoa iruditzen zaiola aurreko lege-egitura hobetzen duelako, eta beraz, nahimen orokorrago bat islatzen duelako” (3) esan zuen. Hala ere, Frantziar iraultza baino 5 urte lehenago idatzitako “Zer da Ilustrazioa’” artikuluan gizarte iraultza batek ez duela “inoiz pentsatzeko eran benetako erreforma bat eragingo” (4) (norberak soilik egin dezakeena). Iraultzek aurreiritzi berriak jarriko dituzte zaharrak zeuden lekuan, eta artalde zentzunbakoa loturik jarraituko du.

Garai ilustratu batean bizi garela dio Kantek: ilustraziorako oztopoak, hau da, iraganeko askatasun eza, gainditzen hasi garelako; baina hau ez dela Ilustrazioren garaia: guztiok eta erabat gure adingabetasunetik ateratzen ausartuko garenean emango dena. Frederiko II a ren garaia, garai ilustratua da, apurka apurka gure kabuz pentsatzeko aukera zabaltzen zaigulako.

Zertan datza ilustrazioa? Askatasunaren eta arrazoimenaren erabileran aldaketa gauzatzea, autonomiaz jarduteko gaitasun pertsonalarena. Ilustrazio prozesua espazio publikoa du eszena-toki: komunitate politiko osoaren lana eta esfortzua beharrezkoa du gizabanako bakoitzaren gizatasuna gauzatzeko: gizaki bakoitzaren betebehar sakratuena, bizitza bera bizitza duina egiten duen zentzuaren bilaketa etengabea da.

Ibon Uribarrik dioenez, Kantek ez du uste gizakiok adin nagusitasuna eskuratzeko (gure betebeharra) ardura nahikoa izango dugunik, eta horregatik Kantek gizarte mailan soilik ahalgarri ikusten duela dio.

“Eskubideak ez daude berez emanak, gauzak horrela aurkeztean edozein ekimen oztopatzen da; eskubideak eta heldutasuna irabazi egin behar dira. Eta bide honetan aurreratzea, hau da, askatasunaren garapena eta gauzapena bultzatzea zuzenbidearen eraikuntzaren bitartez bakarrik izango da ahalgarri. Legeak hobetuz eta orokortuz, publikotasuna zabalduz eta norberak pentsatzeko baldintzak eratuz, kultura eta zibilizazioa aurrera bultzatzeaz gain, azkenean horrek benetako aurrerapen etiko baten itxaropenaren aukera irekitzen du”. (5)

(1) Ibon Uribarri “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” Jakin aldizkaria 145zk, azaroa/abendua 2004, 102 or
(2) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 98
(3) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 107
(4) Zer da Ilustrazioa, 4. atala
(5) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, bizitza eta filosofia, Jakin 1997, or 83


< Gizartekoitasun tratagaitza eta konstituzio errepublikarra

Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza eta konstituzio errepublikarra

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios