Kant_erretratua

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat

Bizitza eta lana

Kanten bizitzak (1724-1804) neurri handi batean mugimendu ilustratuarekin bat egiten du. Prusiako Königsbergen jaio zen. Bere amak, luteranoa eta pietista zenak, (pietismoa, funtsean jarrera eta sentimendu erlijiosoa baloratzen zituen eta dogmak eta antolamendu erlijiosoa beharrezkoak ez zirela defendatzen zuen mugimendu erlijioso bat zen) bere bizitzan eragin handia izan zuen. Bere bizitzan ez zen egon garrantzi handiko gertakizunik, inoiz ere ez zuen bere jaioterria utzi eta bere bizitza guztia irakaskuntzari eta ikerketa filosofikoari eskaini zien. Ikus dezagun nola ikusten zuten bere garaikideek:

“Kanten bizitzari buruz idaztea zaila da, berak ez baitzuen izan ez bizitzarik ez historiarik; zelibearen bizimodua eraman zuen, mekanikoki antolatua eta ia abstraitua…/… Jaiki, gosaldu, idatzi, bere katedra eman, jan, paseatu, denak zuen bere ordu finkoa, eta bizilagunek zehaztasunez bazekiten ordu bi t´erdiak zirela(…)
Zein kontraste bitxia gizon horren kanpo bizitza eta bere pentsamendu suntsitzailearen artean dagoena!. Egia esan, Königsbergeko burgesek pentsamendu honen garrantzia sumatu izan balute, soilik gizakiak hiltzen dituen borreroaren ikuskizunaren aurreko hotzikara baino handiagoa sentituko lukete. Baina jende on haiek ez zuten berarengan filosofiako irakasle bat baino ikusi, eta aipatutako orduan pasatzen zenean adiskide bezala agurtzen zuten eta erlojuak ordutan jartzen zituzten”.

E.Heine. Alemania

Ibon Uribarrik (1) ostera zera dio: “zenbait anekdota asmatu errepikatzen dira. Egia esan, Kantek inoiz ez zuen gehiegi idatzi berari buruz… /… Erlojuarena ez da egia noski. Garai hartan sakelako erlojuak ugaritu ziren, antzerki-lanek ere gaia jorratzen zuten, eta norbaitek fenomeno hori Kantekin lotu zuen. Dena den, bi aldiz utzi omen zion Kantek bazkalosteko ibilalditxoa egiteari, Rousseau-ren Emile liburua ekarri ziotenean (Rousseauren erretratu bat zen etxean zeukan edergarri bakarra) eta Frantziako Iraultzaren berri izan zuenean (haren helburuak, Askatasuna, Berdintasuna eta Senidetasuna, bere filosofiaren oinarrian daude)” (2).

“Nik nire maisua izan zen filosofo bat ezagutzeko poza izan dut. (..) Leibniz, Wolf, Baumgarten, Crusius eta Hume aztertzen zituen izpiritu berberarekin, Newton, Kepler eta beste fisiko batzuk aurkitutako legeak jarraitzen zituen, eta jasotzen zituen ere bai garai hartan agertu ziren Rousseauren idazkiak (Emilio, Eloisa) edo edozein aurkikuntza natural; dena baloratzen zuen eta dena naturaren aurreiritzirik gabeko ezagutza batetara eta gizakien balore moralera erreferitzen zuen”

Herder: Gizadiaren heziketarako eskutitzak.

kant_bizitza

Lehenengo ikasketak Collegium Fridecianum-ean burutu zituen (latina eta erlijioa zientzia baino gehiago) eta gero Königsberg-eko Unibertsitatean matrikulatu zen, Filosofia, Fisika, Matematika eta Natur Zientzien ikasketak eginez. Unibertsitatean Newtonen zientziarekiko interesa agertu zuen, bere bizitza osoan iraungo duena. 1755 urtera arte klase partikularrak emanez estutasunez bizi izan zen. Urte honetan Unibertsitatean klaseak emateko baimena lortu zuen bere doktoretza tesiarekin : “De Ignis” (sua), natur zientziei lotutako gaiak jorratzen zituena. Irakasle doktorea, bai, baina soldatarik gabekoa: ikasleek ordaintzen zioten.

Lehenengo etapa (1770 arte) aro aurrekritikoa da. “1756-63 bitartean errusiarrek hiria okupatu zuten borrokarik gabe. Errusiarrak administrazioaren kargu egin ziren, baina bizitzak aurrera jarraitu zuen eta gainera bizitza publikoa irekiagoa eta askeagoa bihurtu zen. Kantek garai horretan egiten zuen bizimoduak ez zeukan zerikusi handirik bere lanean murgilduta bizi den jakintsu bakartuaren irudiarekin, bizitza publiko bizia izan baitzuen” Baina bizimoduz aldatu zuen heldutasunean Rousseau-ren ideiak ezagutu eta ikertu zituenean

Dena ezagutzeko egarria sentitzen dut nigan eta ezagutza zabaltzeko ardura lehiatsua edo oraindik hobeto aurrerapen bete ororen gozaldia. Garai batean gizatasunaren ohorea hori zela uste izan nuen eta jendaila ezjakina mespretxatzen nuen. Rousseauk zuzendu ninduen. Gailentasun ilusio hori desagertu zen; gizakiak ohoratzen ikasi dut eta langile arruntak baino baliogabeago sentituko nintzatekeen, ikuspegi honek denontzat balio duela uste izango ez banu, hau da, gizatasunaren eskubideak egikaritzea.

Horren ondorioz Kant filosofia lan garrantzitsuak idazten hasi zen. Horrela, 1763an Jainkoaren izatearen frogapenerako froga-oinarri ahalgarri bakarra. Jainkoaren existentziaren frogen ez-nahikotasunaz, liburu debekatuen zerrendan sartu zuten. 1766an Espiritu-ikusle baten ametsak, metafisikaren ametsen bitartez azalduak arrazionalisten ideiak mistikoen ametsekin konparatuz bere bide berria zehazten hasten da: «Honenbestez, metafisika giza arrazoimenaren mugen zientzia da».«Jarraitu nahi dudan bidea aurretik marraztu dut. Nire ibilbidea egitera noa eta ezerk ez dit eragotziko bertan aurrera egitea».

Alemanian, garai hartan, Wolf zegoen modan. Honek, Leibniz-en jarraitzailea zenak, metafisika arrazionalista erradikal bat eraiki zuen (printzipio batzuetatik abiaturik, dena demostratua izan daiteke dedukzioaren bidez, eredu matematikoari jarraituz). Baina Kantek Rousseau eta Hume-n lanak irakurtzeari ekin zion. Azken hau enpirista erradikala zen, eszeptizismoraino iritsi zelarik. Kantek berak aitortzen duenez, Hume-n irakurketak “amets dogmatikotik esnatu ninduen”.

1770an Logika eta metafisikako katedra lortu zuen. Kant hamar urtetan zehar ezagutza filosofikoaren posibilitateak analizatzera dedikatzen da. Hausnarketa honen fruitua bere lanik garrantzitsuena da: “Arrazoimen Hutsaren Kritika” (1781) Geroago, “Ohituren metafisikaren oinarritzea” (1785) eta “Arrazoimen Praktikoaren Kritika” (1788) idatziko ditu, non morala oinarritzen saiatu zen. “Juzgamenaren kritika”n (1790) teoria eta etikaren arteko zubia eraikitzen saiatzen da helburutasunaren printzipioa aztertuz.

Königsberg-etik atera ez bazen ere, Kant beti egon zen bere garaiko gertaera politiko, sozial eta kulturalaz jabeturik, eta Ilustrazioaren idealak sutsuki babestu zituen. Zer da Ilustrazioa galderari erantzuna artikuluan, Frederiko II aren alde agertzen da

Printzea bera da ilustratua, erlijio-arazoetan gizakiei ezer ez agintzea, baizik eta askatasun osoa uztea duela eginkizuna esaten duenenean”

1740tik errege zen Frederiko II a 1786an hil zenean, Frederiko Gillen II ak hartu zuen boterea. Laster errege berriak Frantziako egoera iraultzaileari aurre egiteko Hezkuntza ministroa aldatu zuen. Sei egun beranduago ministro berriak erlijioari buruzko ebazpena sinatu zuen eta hilabete batzuk beranduago zentsurari buruzkoa. Frantzian berehala iraultza hasi zen eta horrek, noski, ez zuen egoera hobetu Prusian. Kantek erlijio gaiez irakasteko eta idazteko debekua jaso zuen eta bere “Erlijioa arrazoimen soilaren mugen barruan” lana zentsuratu zuten (1793).

Erlijioaz idatzi ezin zuenez politikaz idazteari ekin zion. 1795ean Betirako bakea liburua izugarrizko arrakasta izan zen. 1797an Ohituren metafisika argitaratu zuen, etikaren printzipioak modu konkretu batean aplikatzeko zuzenbidearen teoria eraikiz. 1798an, erregea hiltzean berehala “Fakultateen arteko gatazka” argitaratu zuen, bertan berriro erlijio gaiak jorratuz.

1. 1. Hiru galdera jarduera filosofikoaren ardatza

“Nire arrazoimenaren interes guztia hurrengo hiru galderatan bateratzen da:

  1. Zer ezagut dezaket?
  2. Zer egin behar dut?
  3. Zer itxaron dezaket?”

Eta galdera horiek erantzuten bizitza osoa eman zuen. 81 urtekin hil zen. Azken urteetan bere filosofia “era egokian” ulertua izateko 100 urte igaro beharko zutela aipatu zuen etsita, baina filosofiaren ikuspegia Kantek aldatu zuen: Berak, gaztetan esandako -“Nire ibilbidea egitera noa eta ezerk ez dit eragotziko bertan aurrera egitea”- lortu zuen, eta Kantekin, filosofiak bere adin-nagusitasuna.

Zer ezagut dezaket?

Zer egin behar dut?

Zer itxaron dezaket?

Arrazoimen hutsaren kritika (1781)

Arrazoimen praktikoaren kritika (1788)
Ohituren metafisika (1797)

Juzgamenaren kritika (1790)

Arrazoimenaren erabilera teorikoa interes espekulatiboa (teorikoa)

Arrazoimenaren erabilera praktikoa (interes praktikoa)

Ez da beste eremu bat, aurreko biak biltzen ditu

Zeintzuk dira ezagutzaren baldintzak eta mugak? Nola da ezagutza objektiboa ahalgarria?

Zeintzuk dira ekimen etikoaren baldintza eta mugak? Nolakoa da betebeharra orokortu dezakeen legea?

Zer itxaron daiteke ongi jokatu ezkero? Zer itxaron daiteke  legezko egoera bat eratu ezkero?

Gizakiaren interes teorikoa naturaren ezagutza zientifikoan Matematika eta fisika

Gizakiaren ekintza bai banakako bai gizarte baten kide gisa,

Ezagutza eta etikaren arteko zubia eraikitzea, natura eta askatasunaren arteko gatazka gainditzeko

Metafisika ez da zientzia, Metafisika jarduera kritikoa da

Etika, zuzenbidea eta politika

Erlijio Naturala eta historia

Beharrezkotasuna
Unibertsaltasuna

Askatasuna
Etika formala eta autonomoa

Aurrerakuntza
Bakea

 

(1) Filosofian doktorea, idazlea (“Immanuel Kant: bizitza eta filosofia, Donostia, Jakin 1997) eta Kanten idazlanen itzultzailea
(2) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. Jakin 145zk, 2004, or 88

< Arrazionalismoa eta enpirismoa

Arrazoimenaren Kritika >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios