moralitatearen_erdian

Zer egin dezaket? Etika Autonomoa

Ezagutza eta morala: arrazoimen teorikoa eta praktikoa

Antzinako erregimenaren eredu zaharkitua ordezkatuko zuen ideia eta balore eredu berria sortzea, Ilustratuen kezka bat zen. Metafisika dogmatiko baten arriskua gizakia eszeptizismora, materialismora eta balore moralen galerara eraman dezakeena da. Ezagutzaren baldintzak lehenengo kritikan ikusi ditugu, arrazoimenaren erabilera teorikoari dagokiona. Kantek arrazoimenaren erabilera praktikoa aztertuko du giza ekintza morala oinarritzeko: Gizakiaren jokabidea bai banakako bai gizarte baten kide gisa.

Lehen kritikan beharrezko lege naturalek azaltzen dute mundu fenomenikoa, natura mekanizistaren mundua. “Hau horrela da” baieztatu daiteke mundu horretan, baina “Hau horrela izan beharko litzateke” ez : ezagutza teorikoan ez dago betebeharrarentzako lekurik. Gertatzen dena, horrela gertatzen da. Puntu.

Une honetan istorio bat kontatuko dut:

Laugarren solairuko etxebizitzan kide berri bat dago. Turista guztiek duten memelo antza eta erdi du honek. Zurinek esan dit, bi aste bete geratuko dela gure artean. – eta aurretik ordaindu du!, How much galdegin didanean, txantxetan zebilela uste nuen,- “Tri zousand” – ahoskeragatik- “Tri zousan iuros” -erantzun diot barrez -“Tri zousan”- Eta berak – “Ok, six for two, madam”- esan eta 6000 euro jarri ditu mahai gainean!!, Trizousan fortu madam!-. -Ezetz esango zenion, ez? Zurine isildu da. -Ez nuen zugandik halakorik espero… -Baina bere hitzak urrun entzuten ditut – “mai teilor is riiiiich!!!! –
Madam triZousan fortu- korrika doa poz-pozik aldapa behera.

Nola azaldu daiteke Zurinen erabakia ezagutza zientifikoaren lege deterministen ikuspegitik? Nola azaldu gizakiaren jokabide morala? Ez dauka zentzurik ona eta txarra? Nola justifika daiteke askatasunik gabeko naturan kontzientzia morala eta betebeharra?

Kantek arazo honi aurre egingo dio arrazoimen praktikoaren kritikan. Arlo teorikoan arazoa Metafisika zen. “Ba al du metafisikak zientziaren bide zuzenari jarraitzeko ahalmenik?” galdera planteatzen zen. Arlo praktikoan arazoa morala da: ” Arrazoimen hutsak oinarritu dezake betebeharra?; Arlo teorikoan abiapuntua zientziaren faktum-a zen. Arlo praktikoan abiapuntua lege morala da. Zein baldintzatan printzipio praktiko bat legea izan daiteke?, hau da, nola oinarritu Zurinek egindakoa “gaizki” dagoela?

Kantek, maila teorikoan, zientzia bideratzen duten baldintzen analisiaren lana planteatu zion bere buruari, eta lehen kritikan zientzia oinarritzea lortu zuen moduan, orain arlo praktikoan, lege morala eta betebeharra nolako baldintzatan posible diren argituko ditu.

Arrazoi Teorikoaren printzipioak, zientziaren printzipioak, “judizio” edo perpausen bidez adierazten dira, hau da, Naturaren erregulartasunen bat baieztatu edo adierazten duten legeen bidez. Arrazoi Praktikoaren printzipioak, berriz, arau moralak; hau da, agindu edo debeku gisa agertzen dira. Beraz, morala oinarritzeko baldintza argia da: nahimena zuzenduko duen printzipioa lege morala objektiboa izan behar du; hau da, beharrezkoa eta orokorra.

Bi agindu mota dago, hipotetikoak eta kategorikoak, eta bi etika mota: etika materiala eta etika formala. Agindu bakoitza etika mota bati lotua dago.

Arrazoimen Praktikoaren kritika

Etika materialak

Ongia eta zoriontasunaren etikak dira

Zoriontasuna eta ongia lortzeko gizakiak jarraitu beharreko bidea markatzen dute. Nahimenak on konkretu bat desiratzen du (hedonismoa edo kristau morala, adibidez); bere apetaren objektu “materiala”dena. Inperatibo hipotetikoak erabiltzen duten sistema moralak dira “Hau lortu nahi baduzu egin ezazu beste hori”

  • Agindu baldintzatua da: arauen helburua den ongi zehatz horien sineskera onartzea da baldintza. Ongi hau gizakiarengandik kanpo dagoen objektu “materiala” da:
  • Ez dute izaera unibertsala, gizaki guztientzat baliagarriak ez baitira. On hori nahi dutenentzat soilik baliotasuna dute.
  • Materialak” eduki zehatz bat duelako; eduki horiek aipatzen duten ongi zehatza eta berau lortzera garamatzaten aginduak dira.

Kantek hiru akats topatzen dizkie etika mota hauei

  • Etika enpirikoak dira (a posteriorizkoak): ongia eta bera lortzeko jarraitu behar ditugun arauei buruzko informazioa esperientziaren araberakoa da. Esperientziak ez du balore unibertsalik ematen, datuak kontingenteak dira (ez beharrezkoak).
  • Aginduak zerbait lortzeko bitarteko hutsak dira, ez dute “berezko balorerik“. Beraz, ez dira moralak, arau tekniko edo estrategikoak baizik. Arrazoi estrategikoa xede bat lortzeko jarraitu beharreko bitartekorik egokienak zeintzuk diren “esaten” diguna da.
  • Moral “heteronomoak” dira. Aginduak gizakiari kanpotik inposatzen zaizkio. Gizakia ez da ordena moralaren araugilea. Gizakiak adingabea izaten jarraitzen du.

Beraz: Ez dira benetako moralak: ez dituzte baldintzak betetzen: ez dira unibertsalak, eta ez dira beharrezkoak.

Etika formalak

Nahimenaren objektua materiala ez bada, orduan formala izan behar du: giza natura eta baldintza enpiriko guztiak baztertu beharko dira, baldintza horiek ez daudelako gure esku, etengabe aldatzen dira eta ondorioz, ez dakigu azkenik zer ekarriko duten: norabide jarrai bat hartzea ezinezkoa egiten dute, horregatik, zehaztu daitekeena kontuan hartu behar dela dio Kantek, eta zehaztu dezakegun bakarra legea dela, eta egin dezakegun arrazoizko gauza bakarra legea jarraitzea dela.

Eta legea inperatibo kategorikoaren forman adierazten da. Etika formala edukirik gabeko morala da: Agindu kategorikoak ez du jarraitu beharreko on edo helburu zehatzik aipatzen. Bere beharrezkotasunaren indarra forman datza, soilik legearen izaerari dagokiona adierazten du: hau da, orokorra eta beharrezkoa dela. A priorizko morala da, legeak giza arrazoi propioan daukalako jatorria.

Inperatibo kategorikoa

Kantek hiru eratan formulatu zuen aginte hau. Hona hemen horietariko bi:

  • 1. formulazioa: “Nire maxima lege orokor bihurtzea nahi izan ahal banu modura bakarrik joka dezaket” Hau da, edozein arau edo legek denontzat eta une orotan balio du. Lege moralak denon interesa eta ez interes partikularrak bilatu behar ditu.
  • 2. formulazioa: “Gizatasuna, zure pertsonan edo besteengan beti eta une berean helburu modura eta inoiz ez bitarteko soil modura erabiliz ekin ezazu” hau da, gizakia helburu bezala tratatu,inola ere ez gure helburu edo interesak lortzeko erabili dezakegun bitarteko bezala. Gizakia ez da gauza bat, ez dauka preziorik. Xedea izatean datza gizakiaren duintasuna.

Kantek ez du planteatzen gizakion jokabidea izatez nolakoa den aztertzea, baizik eta jokabide hori moralki ontzat jo dezagun nolako printzipioek zuzendu behar duten aurkitzea; beste era batera esateko, ez zein den nahimenaren objektua (zer den ona ala txarra), baizik eta nola nahimenak nahi izan behar duen. Eta printzipio horiek inperatibo kategorikoan formulatu ditu

Ongia eta betebeharra

Kantek materia eta forma bereizketa egiten du arlo praktikoan ere .

  • Materia edukia da, egiten dena eta hau zuzentzen duen araua. Ekintza baten izaera morala , hau da, ona ala txarra den baldintzatugabea eta unibertsala dela dio inperatibo kategorikoak. Ongi uler dezagun: gezurrak esatea gaizki badago, edozein egoeratan gaizki dago, salbuespenik gabe. Bat onartzea munduko baldintzek moralean agintzen dutela onartzea suposatuko luke, eta ondorioz, gizakiaren gaitasun legegilearen autonomia ezabatzea
  • Forma jokatzen deneko asmoa edo intentzioa da. Ekintzaren garrantzia bere helburuan datza, bere intentzioan. Honi ekintzaren forma deritzo. Eta aginte kategorikoaren forma bakarra betebeharra da, arrazoimenaren ahotsa obeditzea, arrazoimena baita ontasunaren irizpidea. Ekintza onaren oinarria ez da legea betetzea, baizik eta betebeharraren beharrez egitea. Eta ez da nahikoa legea betetzearekin (legalitatea), baizik eta, legea bete behar da legearekiko maitasunagatik, legeari izan beharreko begiruneagatik (moralitatea).

Istorioa Kantek azaltzen duenaren antzera jarraitzen du:

Hurrengo egunean galtzerdi batzuk erostera agertu zen Mr. Sei Mila. Berehala aukeratu zituen hiru pare erronboekin eta 500eko billetea atera zuen poltsikotik, Zurinen negozioa abiatu zuen how much galderarekin. Ez dakit nola hain jatorra naizen, baina azkenik dendako izen ona eta ohorea mantentzeagatik zegokion prezioan saldu nizkion.

Ekintza etikoa al da? Badirudi baietz, baina Kanten ikuspegitik ez: Dendariak ez du ekin betebeharrari eutsiz, beste helburu bat izan du (izen ona), jokabide interesatua da. Emaitza berdin dio: intentzioa da ekintza ona egiten duena, eta horretarako irizpide bakarra dago: betebeharra, jokatzea horrela jokatu behar delako, hori baita orokortu nahiko nukeen jokabidea. Adibidean, “legala” izatea prezioekin.

Kanten etika deontologikoa da. Horrek esan nahi du ekintzen balio morala betebeharraren kontzeptuaren menpe dagoela, eta etika teleologikoetatik urruntzen da – adibidez, etika aristotelikotik -, azken horietan ekintzen balio morala xedearen menpe baitago, xede hori zoriona izanik.

Askatasuna legea betetzea da

Rousseauk bezala, askatasuna ez da edozer gauza egiteko posibilitatea, ez da gure apeta, joera edo desioak lortzea eragotziko duen kontrako legerik ez aurkitzea. Gaur ezaguna egiten zaigun hau Locken liberalismoari zor diogu.

  • Arazoa da gizartean hori ezinezkoa dela: nahimen indibidualek elkarren kontra topo egingo dutelako gatazkak sortuz.
  • Bestalde, desio hauek unekoak, indibidualak eta subjektiboak dira, gizakia askatu baino gehiago esklabo bihurtzen dute.

Rousseau eta Kanten proposamena gizabanakoaren joera pertsonalak betebehar moralarekin ordezkatzean datza. Benetako askatasuna norberak bere buruari ezartzen dion legea betetzea datza.

Etikaren autonomia

Ezagutzan egin duen modura, ekintza praktikoan ere moralaren iraultza kopernikarra burutu du, ardatz aldaketa, nahimenaren autonomia erdigunean jarriz.

  • Subjektua, arrazoimen autonomoaz legegile morala da. Nahimenak bere buruari ezartzen dio legea, kanpoko aginpideetatik askatuz, natura, jainkoa, eta beste edozein moral heteronomori dagozkionak. “Ez dira gauzak edo gertaerak onak direnak, nahimena bera baizik” .
  • Ekintza bat ona den jakiteko ez ditugu aztertu behar ekintza horrek ekar litzakeen ondorioak, aztertu behar duguna da ekintza hori bultzatu duen asmoa. Ekintza oso onuragarria izan daiteke, baina ezin da esan ona izan dela burutu duenak asmo onik eduki ez badu. Bere ustez, balorazio morala berdin izango da helburu hori lortzen bada edo lortzen ez bada. Borondate ona izango da ekintza bat ona izan den erabakitzen duena, eta ez ekintzaren ondorioak. Adibidez, mediku bat Hirugarren Munduko lurralde batera doa ur zikinek eragindako gaixotasunei aurre egiteko asmoz. Bere ahalegin guztiak helburu hori lortzera zuzenduta badaude, hainbat kasutan sendatzea ez lortu arren, bere ekintzak onak direla esango genuke.
  • Ongiaren ideia ere erdigunea izateari utzi dio: Onaren kontzientzia ez dago jakiturian, ezagutzan, edo adituen esanak obeditzean. Inperatibo kategorikoaren aplikazioak ezartzen du zer den ona. Edonork bere baitan aurki dezake. Etika ezagutzarekiko zuen menpekotasunetik askatzen da

Autonomia eta orokortasuna inperatiboaren formaltasunean bat egiten dute: nahiz eta subjektua den legea sortzen duena inperatiboaren formaltasunak orokorra izatea exijitzen baitu.

Heteronomia berriz, kanpoko objektu bati lotzen zaio, eta horregatik subjektiboa da: arrazoimenak kanpoko objektuak nahi dituen neurrian joera enpirikoen mendean jartzen delako. Kanten ustez, berea baino lehenagoko moral guztiak era honetakoak dira, nahimenari aurkezten zaion objektuaren arabera honela klasifikatu zituen

Moral Heteronomoak

Objektu zehatza “materiala”

Subjektiboak

kanpokoak

Hezkuntza (Montaigne)

Konstituzio zibila (Mandeville)

barrukoak

Sentipen fisikoa (Epikuro)

Sentipen morala (Hutcheson)

Objektiboak

barrukoak

Perfekzioa (Wolff, estoikoak)

kanpokoak

Jainkoaren nahimena (Crusius)

< Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa

Zer espero dezaket? >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios