ilustrazioa ala erlijioa

Zer espero dezaket?

Ezagutza eta ekintzaz gain itxaropena aipatzen du Kantek. Ibon Uribarriren ustez, aditu gehienek gizabanakoari lotua ikusi dute galdera hau eta arrazoi praktikoaren kritikan agertzen diren postulatuei lotu zaio bere gaia erlijioa zela pentsatuz,. “Aldez bakarrik dute arrazoia. Erraz erakuts daiteke bere azken garaian galdera honen erdigunea gizabanakotik gizartera igarotzen dela eta, beraz, erlijiotik historiara. Nabarmena da Ilustrazioaren bultzatzaile bat ezin zela konponbide indibidualetan geratu eta historian gertatzen den gizarte egituraketan bilatu behar zuela galderaren erantzun benetan emankorra” (1)

Itxaropen erlijiosoa

Ongi jokatu ezkero itxaron daitekeenaren inguruko gaia da. Moral kantiarrak bertutearen bidea eta ez zoriontasunarena proposatzen digu; gizakia bere natura arrazionalarekin bat datorren izaki justua bilakatzea nahi du.

Arrazoimen Praktikoaren postulatuak

Zertan datza itxaropen erlijiosoa? Zoriona eta bertutearen arteko harremana problematikoa da naturaren maila deterministan: Bertuteak zoriona ekarriko duela ez dago frogatzerik bizi garen munduan. Gizakia, legea eta desioen artean zatituta dagoen izaki mugatuari, bertutea eta zorionaren arteko lotura bermatzeko beste munduaren eta Jainkoaren existentzia postulatu behar ditu Kantek.

  • Arimaren hilezkortasuna, bertutearen mugagabeko aurrerakuntza bermatzeko (bizitzaren laburtasunak ezinezkoa egiten baitu mugagabeko aurrerakuntza hori).
  • Jainkoaren existentzia, zoriona eta bertutea, azkenean, bat egingo dutela bermatzeko.
  • Askatasuna etikaren baldintza dela dio Kantek. “Kantek behin horrela aipatzen badu ere garbi geratu behar du, askatasuna ez dela inolaz ere beste postulatu bat gehiago, lege etikoaren oinarria baizik. «Askatasuna, ordea, ura aztertu gabe ere bere ahalgarritasuna a priori dakigun arrazoimen espekulatiboaren ideien arteko bakarra da, ezagutzen dugun lege moralaren baldintza baita»” (2) .

Postulatu hauek ez digute ezagutzarik ematen. Soilik “fede arrazional” bat osatzen dute. Ezin dugu esan “nik badakit” (Jainkoa existitzen dela eta arima hilezkor bat badugula), baizik eta soilik “nik sinisten dut” esatea ahalbidetzen dute. Fedea ez da ziurtasuna ezagutzari dagokionez, baina bai ahalegin moralaren oinarria. Ondorioz, erlijioak ez du bizitza morala baldintzatzen, baina zoriontasunari bidea zabaltzen dio, zoriontasuna bizitza etiko baten gailurra izango litzatekeenaren aldetik.

erlijiotik askatu
Salterio, Gante (Bélgica), c. 1320 1330. Oxford, Bodleian Library, Ms. Douce 6, fol. 17v

“Gizaki zintzoak esan dezake: “nahi dut” Jainko bat existitzea, nire mundu honetako existentzia ulermenaren mundu hutsaren existentzia bat izan dadila, eta, azkenik, nire iraupena mugagabea izan dadila. Horri lotzen natzaio eta ez dut uzten nire sineskera ken diezadaketela”

Edozein testuliburutan agertzen den “Postulatuen teoria hau Kant ondoren erlijioaren dogma nagusiak era berri batean oinarritzeko erabili izan da” (3) dio Uribarrik eta argudio sendoak ematen ditu ere: nabarmenena lege etikoarekin kontraesankorra dela, edo beste mundu batean zoriona lortzearren jokatzeak etikaren autonomia ezabatu eta heteronomoa bilakatzen duela. Geroago, 2004an argitaratutako artikuluan jendearen adingabetasuna aipatzen du, jendeak inperatibo kategorikoaren arabera jokatzeko gizakiaren gainetik dagoen indar hertsatzaile baten beharra duela:

“Baina egiatan Kantek berak bere azken lanetan garbi uzten du hilezkortasuna eta Jainkoa postulatuak ere ez direla. Eta horrela ulertzen da Heinek aipatzen duen bigarren arrazoia postulatuen alde, ez Lamperen pena, baizik eta polizia. Jendea ez dago prest agindu kategorikoak eskatzen duen autonomiaren arabera jokatzeko eta oraindik erlijioa behar du, hau da, aginduaren jatorria gizakiaren gainetik dagoen botere batean ezarri behar da horrek benetako indarra izan dezan” (4).

Fede arrazionala

Fede arrazionalaren esanahiak ez dauka erlaziorik erlijiozko fedearekin: ekintza moral askea posiblea dela esan nahi du, arrazionala dela eta beraz, erreala. Fede arrazionala ilustrazioan nagusitu zen erlijio naturalarekin parekatu daiteke: eduki moraletan soilik oinarritzen dena eta haiekin duen erlazioarengatik soilik Jainkoa aipatzen duena.

“«Jainkoa ez da Nitaz at dagoen izakia, Nigan dagoen pentsamendu soila baizik. Jainkoa arrazoimen etiko-praktiko legegilea da». Jainkoa «nigan dagoen printzipio moral gorena» bada, orduan erlijioaren arrazoizko edukia etika baino ez da.

An African shaman and rain-maker in his-her ritual costume. Wellcome V0015956

Erlijioa ez da beste izaki baten kultua, hori fetitxismoa eta sineskeria litzateke (Tungusiako txaman bat eta Connecticut-eko puritanoa itxuraz ezberdintzen badira ere, funtsean erru berberean bizi dira, hau da, gizakiaren hobekuntzarako lana egin beharrean otoitz eta eskakizunen bitartez Jainkoaren grazia lortzen saiatzen dira. Betebeharrari jarraituz pertsona hobeago bihurtzea eta etorkizunean gizarte hobeago batean bizitzea,  «Horixe da hain zuzen arrazoizko erlijioaren egiazko helburua, alegia, gizakien hobekuntza morala». Norberari legea ezartzean badirudi beste baten nahimena betetzen ari garela, baina legea ezartzen duen nahimen hori ez beste izaki baten nahimena, baizik eta geurea orokorra egiten dugun heinean eta arau orokortzat hartzen dugun heinean. Halakoa nahimen orokorra da, ez pribatua.”(4)

Itxaropen historikoa

Postulatuen oinarrian dagoen ideia da betebeharrak zoriona eskatzen duela, eta mundu honetan horren bermerik ez dugunez hilezkortasuna eta Jainko bat onartu behar ditugula. Baina hori une batez pentsatzen badugu, ez dira hilezkortasuna eta Jainkoa horren bermea eman dezaketenak, baizik eta historia. Kontua da

  • ea mundu honetan hobe gaitezkeen,
  • ea Jainkoaren erresuma lurrera ekartzeko gai garen
  • eta ongi goren komuna eraiki dezakegun,

eta horregatik Kanten interesa gizateriak historian duen garapenera zuzendu zen.

Eta, beraz, itxaropenaren galderak historian jasotzen du bere esanahi konkretua, eta hau da: ea gizadiaren hoberanzko aurrerapena itxaron ahal daitekeen

(1) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, bizitza eta filosofia, Jakin 1997, or 77
(2) Ibid
(3) Op. Cit. or 78
(4)  Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 103
(5) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 102
(6) Ibid

 

< Zer egin dezaket? Etika Autonomoa

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios