gobernua

Gizartekoitasun tratagaitza eta Konstituzio Errepublikarra

guda_bakeaIlustraziora iristeko, naturak giza antagonismoaren mekanismoa erabiltzen du: Gizakia bi jarreren artean kokatzen da: besteekin bizi eta elkar laguntzearena, eta norberaren interesak defendatuz, besteei aurre egitearena. Kanten ustetan, gizakien egoera naturalean, “gizartekoitasun tratagaitza”, borrokak eta norberekoikeria nagusitzen dira. Gizakiak bakea nahi du, eta naturak guda erabiltzen du. Beraz, guda egoera naturala da eta bakea akordioaren bidez gauzatu beharrekoa. Guda den errealitate latzetik sortuko da azkenean bera gainditzeko nahi bizia.

Arrazoimenak guda egoeratik gizakia ateratzen du jatorrizko kontratu baten bidez (kontratu soziala): honela gizarte zibila edo Estatua sortuko dute gizakiek. Estatuaren helburua esparru juridiko bat eratzea da, hau da, zuzenbidearen legeak onartuz guztien eskubideak bermatzen dira nahiz eta horrek guztien askatasunaren murrizpena suposatu. Guztien eskubideak babesteko eta guztien askatasuna bermatzeko kontratu edo konstituzio zibila betetzea onartuko dute. Hortaz, zuzenbidea askatasuna garatzeko modua izango da.

Konstituzio errepublikarra

«Estatu bakoitzeko konstituzio hiritarrak errepublikarra izan behar du

Lehenengoz, gizarte baten kideen (gizaki gisa) aska­tasunaren printzipioen arabera; bigarrenik, legemate bakar amankomunarekiko denen dependentziaren printzipioen arabera (meneko gisa); eta hirugarrenik, beren berdintasu­naren legearen arabera (estatuko hiritar gisa) antolatutako konstituzioa da errepublikarra —Jatorrizko hitzarmen baten ideiatik sortzen den bakarra, honen gainean herri baten zuzenbidezko legemate orok oinarritua egon behar duelarik—. Hau, beraz, zuzenbideari dagokionez bere bai­tan, jatorriz konstituzio hiritarraren era ororen oinarrian datzana da.» (1)

Betirako bakerako behin betiko lehen artikulua. Betirako Bakea

Konstituzio errepublikarraren ezaugarriak

  • Botereen banaketa: botere legegilea eta betearazlea bereizi beharra dago gobernari despotikoen agindu pribatuei bide ez emateko (gobernariak berak legeak egiten ditu eta betearazten ditu)
  • Hiritarren askatasun printzipioa: gizartekideen oinarrizko eskubide unibertsalena da, autoritate despotiko paternalistaren kontra. “inork ezin nau behartu modu jakin batez zoriontsu izatera”. Kantek dio, herriaren zoriontasuna zein den aukeratzen eta agintzen duen Absolutismo paternalistaren kontra, gobernuak ezin ditu bere herritarrak tratatu ongarria eta kaltegarria bereizten ez dakiten umeak bezala. “Estatu honen helburua eskubideak ziurtatzea da eta ez gizakiak zoriontsu egitea” (2) .Estatuaren helburua ez da herritarren zoriontasuna dio Kantek, baizik eta legeak arrazoimenaren inperatibo kategorikoaren antzerakoak eratzea. Moralean bezala, politikan ere betebeharra betebeharragatik eta ez zoriontasunaren sariagatik bete behar da. “Askatasunak gizaki egiten gaitu, morrontzak animaliak egiten dituen moduan”. Politika arloan askatasunak esan nahi du aurretik onartzen ditudan legeak besterik ez onartzea.
  • Berdintasunaren eta menpekotasunaren printzipioa: hiritar guztiak berdinak izanik, legislazio berdinaren mendean egotea modu berdinean.
  • Ordezkaritza: legegintzan parte hartzeko herriaren eskubidea da.

Hiritarren borondatea

Agindu moralari eutsiz, gizabanako bakoitzak legegile-kide izatera bideraturik dago, izan ere, Kantek gizakia hiritar moduan gizakitzen dela uste du, eta arrazoimen autonomoaren inperatibo kategorikoa du betebehar sakratua. Zer da Ilustrazioa testuan honela agertzen da “Ikusteko neurri partikularren bat herri baten lege kontsidera daitekeen, soilik beharrezkoa zaigu itauntzea herri horrek bere buruari lege hori inposa diezaiokeen…/… Baina jendeak bere buruari inposa ez diezaiokeen zerbait are gutxiago inposa dezake monarka batek: Herriaren borondate kolektiboa berearekin batzean baitatza bere botere legegilea” (3). Borondate kolektibo hori Rousseauk azaltzen duen nahimen orokorraren antzekoa da, baina Kantek ez du demokrazia zuzena proposatzen, ordezkaritza sistema baino.

Goya-Guerra (71)
Contra el bien general. Desastres de la guerra, n.º 71. (1810-1815)

Kantek ez du ordezkaritza sistema konkreturik azaltzen, esan daiteke oso urrun dagoen egoera dela, gizaki gehienak ez baitira adin-nagusiak. Ba dirudi Kantek uste duela arrazoimenaren erabilera askeak kritikaren bidez bere borondatea monarkari helarazteko gai izango dela; eta horrela, hala nola, herriaren legegile eskubidea gauzatuko litzateke: “Horrek esan nahi luke, halaber, hiritar bakoitzak –bereziki apaizek– askatasun osoa lukeela jakintsu moduan publikoki –hau da, norbere idazkietan– komentatzeko uneko erakundeen akatsak. Bitartean, ezarri berria litzatekeen ordenak iraungo luke, harik eta gai horien inguruan publikoak lukeen ulermenak aurrera egin eta kreditua lortu arte, eta adostasun orokorrarekin (aho batez ez bada ere) koroari proposamen bat helaraztea dagoenera arte” (4).

Zentzu honetan uler daiteke testuaren amaieran Frederiko II ari botatzen dion “Hordagoa”: “Estatu-buru baten jarrera areago doa, eta ulertuko du ez dela ezta ere arriskurik, legeriari dagokionez, bere menpekoei lagatzen badie euren arrazoimenaren erabilera publikoa egiten eta, legeak egiteko, euren pentsamenduak publikoki agertzen, baita uneko legeriaren kritika zorrotza eragiten badu ere” (5).

Herrien arteko federazioa

Konstituzio errepublikarraren azkenengo helburua, herrien arteko federazioa eratzea da, gizaki guztien zuzenbide orokorra eratzea bake unibertsala lortzeko. Bigarren akordio hau ere estatu ezberdinen arteko gudaren bidez gauzatuko da. Gudak ez dira alferrikakoak baizik eta beharrezkoak estatuen arteko erlazio berriak bultzatzeko, egunen batean estatu guztietan berdina izango den lege unibertsala sortu eta indarrean jar dadin.

 

Ilustratua zen aldetik, Kantek ezin zion uko egin mundu honetako aurrerakuntzari (teknikoa eta gehien bat, morala). Rousseauk zalantzan jarri zuen gizateriaren aurrerakuntza moralaren ideia. Kantek interes handiaz irakurri zuen pentsalari honen lana, eta Newton-ekin konparatu zuen (honek lortu zuena arlo fisikoan besteak arlo moralean lortu zuela pentsatzen zuen). Baina Kantek arrazoimenean sinisten du Rousseauk baino gehiago, eta arrazoimenari dagokion azken helburua gizakiaren duintasuna da: animali egiten gaituzten grina irrazionalak garaitzea.

compraRousseauren aurka Kantek gizakia jatorriz gaiztoa pentsatzen zuen eta horregatik Ilustrazioa ezin da metafisikaren kritika eta aurreiritzien ezabaketa soila egitera murriztu, baizik benetako askatasunaren eraketa izan behar du lege orokor eta erakundeen bitartez. Ondorioz, ez da nahikoa oztopoen baztertze soila jatorrizko ontasuna gerta dadin, baizik ekimen eraikitzaile jarraikorra behar da lehenengoz ontasunaren baldintzak ezarri ahal izateko” (6)

«Azken urrats hau (hau da estatuen lotura) gertatu aurretik, beraz ia bere formaketaren erdian jasaten du giza naturak kalte gogorrena kanpoko ongizatearen itxura iruzurti pean; eta Rousseau ez zen arrazoigabea basatiaren egoera hobetsi zuenean, gure espezieak oraindik igo behar duen azken maila hori alde batera uzten den neurrian.

Maila handienean gara kultibatuak artea eta zientziaren bitartez. Zibilizatuak gara gehiegizkoraino hainbat gizarte-jokaera eta itxuretan. Baina gu jadanik moralizatutzat hartzeko asko falta da. Bada, moralitatearen ideia oraindik kulturari dagokio; baina ideia horren erabilera ohitura gisako zerbaitera soil hedatzen bada, ohore maitasunera eta kanpoko itxurara, zibilizazio hutsean geratzen da. Estatuek, ordea, beren indarrak zabalpen asmo huts eta indarkeriazkoetan aplikatzen dituzten bitartean eta horrela beren hiritarren pentsakeraren barne-eraketarako ahalegin mantsoa etengabe oztopatzen duten bitartean, beraiei ere asmo honetan babes oro kentzen dietela, ezingo da horrelakorik itxaron; zeren horretarako komun bakoitzaren barne lanketa luzea behar da bere hiritarren hezkuntzarako. Baina asmo moral on batez blai ez dagoen ongi oro itxura hutsa eta miseria distiragarria besterik ez da. Egoera honetan iraungo du gizateriak nik esan dudan eran bere estatu-harremanen egoera kaotikotik irteten ez den arte» (7) Asmo kosmopolitako historia orokor baten ideia, zazpigarren esaldia

tripulaziorik gabeko egazkinen erasoak Pakistanen
Drone-erasoak Pakistanen: klik irudian mapa interaktiboa zabaltzeko

“Pero no olvidemos que los misiles occidentales y las bombas del ISIS matan a más inocentes en una semana de los que mueren en atentados en suelo europeo en un año. La diferencia es la respuesta de los medios. “Un musulmán muerto es un perro con mala suerte en el lugar equivocado y en el momento equivocado, mientras que un europeo muerto es una noticia de portada”, denuncia el periodista de The Guardian Simon Jenkins”.Irakurri gehiago

(1) Hans-Christian Lucas: Kant eta Hegel: gerra eta bakeaz gogoetak, Jakin 1997, or 94
(2) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, bizitza eta filosofia, Jakin 1997, or 74
(3) Kant: Zer da ilustrazioa, 6. atala
(4) Ibid
(5) Kant: Zer da ilustrazioa, 9. atala
(6) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, bizitza eta filosofia, Jakin 1997, or 65
(7) Hans-Christian Lucas: Kant eta Hegel: gerra eta bakeaz gogoetak, Jakin 1997, or 94

 

< Aurrerapena eta betirako bakea

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena

 

Anuncios