lesIncurables

Zer da Ilustrazioa: testuaren azalpena

1. Ilustrazioa: gizakiaren adinagusitasuna eta duintasuna

Ilustrazioa: gizakiaren irteera bere erruzko adingabetasunetik
Adingabetasuna: besteen gidaritzarik gabe (tutoreak) bere adimenaz baliatzeko ezintasuna
Norberaren erruzkoa da, ez datzalako adimen ezean, erabakitzeko kuraiarik ezean baino
Ilustrazioaren lema: Sapere aude; ausart zaitez zeure adimenaz baliatzen

2. Tutoreen kateak: Pentsatzeko beldurra eta alferkeria

Gizateriaren zatirik handiena eta “sexu ederraren kasuan, denak” adingabeak direla esaten du Kantek. Nahiz eta materialki helduak diren -fisikoki- alferkeria eta koldarkeriak heteronomian mantentzen dituelako Alferkeria pentsatzea lan neketsua eta zaila delako, eta erosoagoa delako umea izaten jarraitzea ezer zalantzan jarri gabe: liburu (egia dogmatikoak), arima aholkulariak (moral heteronomoa) eta doktoreak (etorkizuna) agintzen dutena obedituz ez ahalegintzea. Liburuetan bildutako dogmatismoa eta erlijioak inposaturiko moralak esango didate zer pentsatu, zer egin eta zer sinistu behar dudan; beraz nik ez dut pentsatzeko beharrik.

Artaldearen tutore bilakatzea oso erreza da alferkeria eta koldarkeria hori aprobetxatuz. Tutoreek,bere horretan jarraitzeko arreta handia jarriko dute mendekoek bere esanetatik kanpo ezertxo ere egitera ausart ez daitezen. Koldarkeria elikatuko dute bidetik ateratzearen arriskuez mehatxu eginez eta beldurra jarriko dute pentsamendu askearen lekuan, tentelduta, mantso loturik dituzten “etxeko abereek” ez daitezen ausartu artaldetik ateratzera.

3. Aurreiritzi, tradizio eta dogmaz pentsamendu ahuldua

Garrantzi gehiago ematen dio pentsatzeko ohitura faltari. Batetik, saiakera faltak ia berezkoa bihurtu duelako adingabetasuna. Bestetik -hemen ilustrazioaren ezaugarria den kanpo kritika zuzenean- pentsatzeko aukerarik ez zaiolako eman. Horregatik dio Kantek, dohain naturalen kontra doan izaera heldugabea maitatzera ailegatu dela gizakia, honek bai gizabanako bakoitzaren adin-nagusitasuna zaila egiten duela.

Dogmak eta formulak (aurreiritziak eta tradizioak jokabidea mekanikoki bideratzeko tresnak) adimena ahulduz adingabetasunean esklabo eta morroi bihurtzen dute gizakia, eta gutxik izan dute ausardia nahikoa adimena landuz tutoretzatik askatzeko.

Irudian eraikuntza beltzak dogma eta erregimen zaharreko formulak sinbolizatzen ditu. Erdiko eraikuntza  Ilustrazioaren ideia berriak, eta urdinean Ilustrazioa burutzeko Kantek azaltzen dituen ideiak

4. Askatasuna eta gizakiaren betebehar sakratua

Baina orain (iraganarekin konparatuz) ilustrazioa ematea errazagoa da, eta askatasuna baldin badago ia saihestezina dela dio Kantek. Adingabetasunaren zama eta lotura apurtzen ausartzen direnak, tutore izandako zenbait barne, gizakiaren berezko balioarekiko errespetua (duintasuna) eta pentsamenduaz baliatzeko betebeharraren espiritua erakutsiko dute.

Orduan bitxia den zerbait gerta daitekeela dio Kantek; Herria askatasunera bultzatu daiteke, baina posiblea da aurreiritziekin elikatuta izan direnen artean – tutore batzuek barne- ezin izatea ilustratzea, eta bere ezintasuna orokortuz, gainontzeko guztiak bultzatuko dituztela berriro ere lokarrietara. Horregatik aurreiritziak zabaltzea oso kaltegarria dela dio Kantek; azkenean, zabaldu zituztenen kontra mendekatzen direlako

Ondorioz, astiro-astiro bakarrik lor daiteke aurrerapena bideratuko duen pentsamendu askea. Kant Frantziako iraultzan burutuko ziren herri errebolten berriak gogoz jarraitzen zituela badakigu, hari buruz esandakoa “zilegizkoa iruditzen zaiola aurreko lege-egitura hobetzen duelako, eta beraz, nahimen orokorrago bat islatzen duelako” (1) .Hala ere, gizarte iraultza batek dituen arriskuez mintzatzen da: Iraultza batek beharbada tirano diruzale eta botere-zale zapaltzaile batekin amaitzeko baliagarria izan daiteke, baina ez du sekulan ere pentsaeraren benetako berrikuntza ekarriko(norberak soilik egin dezakeena). Iraultzek aurreiritzi berriak jarriko dituzte zaharrak zeuden lekuan, eta artalde zentzunbakoa loturik jarraituko du

5. Askatasunaren murrizketa: arrazoimenaren erabilerak

Ilustrazioa emateko askatasuna besterik ez da behar, kalte gutxien dakarrena, norbere adimenaz baliatzeko posibilitatea (adierazpen askatasuna). Baina, errealitatean entzuten dena kontrako ahotsa da: armadak, estatu administrariak eta kleroak etengabe aginduak ematen dituzte, arrazonatzea debekatuz. Pentsamendu askea ez baitute gizateriaren aurrerapenaren baldintza gisa ikusten, gizartearen ordenaren mehatxu gisa baino (ikusi Arrazoimenaren erabilera pribatua eta publikoa). Hori dela eta, askatasunaren murrizketak edonon ikus daitezke:

  • Ofizialak dio: ez arrazonatu, martxatu
  • Zerga-biltzaileak dio: ez arrazonatu, ordaindu
  • Apaizak dio: ez arrazonatu, sinistu

Jaun bakar batek dio munduan (Frederiko II): ”Nahi adina eta nahi duzuenaz arrazonatu (arrazoimenaren erabilera publikoa), baina obeditu” (arrazoimenaren erabilera pribatua).

Gizarte ordena, askatasuna, obedientzia eta arrazoimena bateragarriak direla frogatzen saiatuko da Kant. Are gehiago, askatasunak ahalbidetuko duela gero eta hobeagoa izango den estatu bat. Sortzen zaizkigun galdera hauek dira: Nora arte obeditu? Eta nora arte aske ibili?. Kantek honela planteatuko ditu galdera hauek:

  • Zein askatasunaren mugapenak ilustrazioa sustatuko du?
  • Zelako askatasunaren mugapenak ilustrazioa oztopatuko du?

5. eta 6. zatietan erantzungo ditu. 5.ean “murrizketa onuragarriak”eta; 6. atalean“zilegi ez den murrizketa” (Erlijioa eta estatua: “Caesar non est supra grammaticos” atalean jorratuko dena)

“Murrizketa onuragarria”: Zein askatasunaren mugapenak ilustrazioa sustatuko du?

Esan bezala, Kanten ustez, arrazoimenaren erabilera beti askea izan behar du, horrek soilik bideratuko baitu ilustrazioa. Arrazoimenaren erabilera pribatua, aldiz,murriztua izan daiteke ilustrazioaren aurrerakuntzari oztoporik jarri gabe. Zergatik?

Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua desberdinduz azalduko du:

Arrazoiaren erabilera publikoa

Aditu edo jakintsu moduan,

Publiko baten aurrean, zein idazki publikoen bidez;

Askatasun osoa

Hauxe da Ilustrazioa bideratzeko modu bakarra

Edozein gairi buruz kritika egitea,

Arrazoiaren erabilera pribatua

Eman zaion postu edo kargu batean, funtzionario gisa

Erkidegoaren interesen eginkizun batzuk mekanismo baten antzera mantendu behar dira gobernuaren helburu publikoak urratu ez daitezen. Horietan daudenak- pasiboki- jardun behar dute. Baina:

Askatasuna murriztua dago, baina hala eta guzti ere, ez du aurrerapena galarazten

Kargu horietan ez dago arrazonatzerik, obeditu behar da: erakundearen arauak obeditzea ezinbestekoa da, helburu publikoak lortzeak mekanismo edo plan baten ordena behar du, helburu publikoak bideratzeko ezarritako “adostasun artifiziala”. Plangintzarik gabe kaosa ezarriko litzateke

Arrazoiaren erabilera publikoa

Gizarte baten kide edota komunitate kosmopolitaren parte gisa, pertsona jakintsu moduan

Orduan pasiboki egiten dituen funtzioei buruzko kritika askea egin dezake, kalterik egin gabe

Askatasunaren murrizketa honek ez du ilustrazioa oztopatzen. Alderantziz, erabateko askatasuna da muga gaindiezinak suposatzen dituena (azken atalean): guztiok nahi duguna egiterakoan sortuko den anabasa. Gogoratu ideia hau liberalismoarekin lotu dugula askatasunari buruzko kontzeptuan. Kantek, argi ikusten du guztiok ezin dugula nahi duguna egin. Bere konponbidea Rousseauren irtenbidetik hurbil dago.

Beraz, horregatik pasiboki jokatu eta geure askatasuna murriztuz legea obeditu behar dugula dio; herriaren borondatea -kontratua- edo bestelako agintari batek ezarritakoa, berri eta hobeago bat ez dagoen bitartean obedientzia hori hiritarren betebehar zibila baita. (Seigarren atalean adibide batez azalduko du).

ROBESPIERREREN MAKINA
Le Gouvernement de Robespierre : (la scène se passe sur la place de la Révolution) 1794 (zatia)

Orduan, hobe lege injustuak obeditzea kaosa baino? Badirudi iraultza ekarriko duen aldaketaz ez dela fio: badaki, pentsamendu autonomoan trebatzea zein zaila den. Ilustrazioa oso astiro gertatuko dela ikusten du. Absurdoa da presaka ibiltzea, korrika bide zigor batetik aurrerakuntza amildegira jaurtiketa zuzenean botatzeko.

Hemendik aurrera eta pasartea bukatu arte, arrazoiaren erabilerak hasierako adibideen bidez azalduko ditu. Bitxiak aukeratutako adibideak, bitxia ere bakoitzari ematen dion azalpena: Armadan, herritarrei dagozkien zergak ordaintzerakoan eta, erlijio kontuetan apaizei dagokionez (ikusi taulan)

Erabilera pribatua

Erabilera publikoa

Armada

obeditu

Kaltegarria litzateke zerbitzuan dagoen artean, agindu bat jasotzen duen ofizialak agerian bere

ezin zaio zentsuratu pertsona jakintsu legez zerbitzu militarraren gainean akatsak ohartzea eta horiek publikoaren jakinean jartzea, honek juzga ditzan.

Hiritarra

ordaindu

zergak arranditsuki kritikatzea –ordaintzea eskatzen zaionean– zigor daiteke, desobedientzia orokorrera daraman eskandalu den artean

hiritarrak ez ditu bere betebehar zibilak urratzen, gizabanako jakintsu legez, publikoki aireratzen badu neurri fiskal horien injustiziaz edo egokitasun ezaz pentsatzen duena

Apaiza

hezi

behartuta dago bere katekumenoak eta kongregazioa heztera hark zerbitzatzen duen elizaren dotrinaren arabera, baldintza horrekin aukeratua izan baitzen (*)

jakintsu bezala, mugarik gabeko askatasuna du publikoari bere intentzio oneko pentsamendu ongi hausnartuak aditzera emateko, dotrina horren akatsen gainean, eta erlijio zein eliza aferen antolakuntzaren hobekuntza ekarriko duten aholkuak emateko.

(*) Apaiza, bere elizarekin bat datozen mezu, agindu eta sinesmenak zabaltzera behartuta dago bere arrazoiaren erabilera pribatuan, nahiz eta berak ez horrela pentsatu, edota, kasurik latzenean, bere baitako erlijioaren kontra ez doazelako. Salbuespen bat dago hemen: bere baitako erlijioaren kontra badoaz, hau da, bere kontzientziaren kontra, apaizgoari utzi egin beharko lioke

Laburbilduz, arrazoiaren erabilera askeak ez du esan nahi eginbehar sozial edo kargu publikoen desobedientzia: horietan obeditu behar du, anarkia saihesteko. Askatasuna, arrazoiaren erabilera publikora murriztuta dago- dio Kantek- ez ditu ezertan lasaitasun publikoa ezta komunitatearen batasuna ere mehatxatzen; askatasunik “kaltegabeena” (2) da eta onuragarriena, zeren eta gizakioi naturalki aurreratzen uzten baitie, zakarkeriatik pixkanaka aldetzen direlarik: ”Gobernu horiei orain etsenplu distiratsua eskaintzen die eta lekuko dira nola askatasuna existi daitekeen, konkordia publikoa eta erkidegoaren batasuna arriskuan ezarri barik. Gizakiak euren kabuz basakeria egoeratik irteten dira, ez baldin badira neurri artifizialak hartzen haiek han mantentzeko” (3).

6. Erlijioa eta Estatua:  askatasuna eta arrazoimenaren erabilerak

Erlijio askatasuna

Zilegi ez den murrizketa:  Zelako askatasunaren mugapenak ilustrazioa oztopatuko du?

Erantzuteko galdera bat egingo du: posiblea litzateke apaizen arteko elkarte batek sinesmen eta dotrina batzuk inposatzea, herri osoaren eta betirako tutoretza ezartzeko helburuarekin?

Kanten erantzuna ezezko borobila da; gizateriaren ilustrazioa ezabatzeko egina litzatekeelako hurrengo garaiari ilustraziorako bidea ukatuko liokeena . Kant horrelako inposizioa onartuko luketen guztien aurka altxatzen da: aginte gorena, legebiltzarrak eta bake itun ospetsuenak badira ere. Zergatik?”giza naturaren aurkako krimena litzaketelako”: Aurrerapena gizakiaren jatorrizko helburua delako .

Nola ezarri ahal zaio herri bati legea? Erantzuna erraza da: hurrengo galderaren erantzuna: herri horrek bere buruari lege hori ezartzeko gai izango litzateke?

Ez ahaztu gizakiaren zerizana, arrazoimen autonomoa gauzatzea dela: kontzientzia moral autonomoan zehazki definitzen dena: BETEBEHARRA, eta betebeharrarekin bat egin dezakeen agindu bakarra: inperatibo kategorikoa. Gizakiak agindu kategoriakoaren bidez bere askatasuna determinatzen du: legegile unibertsal gisa legea obeditzera.

Dakigunez, gauza bera azaldu daiteke gizakiaren duintasunaz ere (bigarren formulazioa): eta azken finean legegile izaerak edo gizakiaren duintasunak biek beste gizakiak bere definizioan integratzen dituzte: Gizartekoiak garelako, nahiz eta tratagaitzak ere. Konstituzio errepublikarra eta geroago herrien arteko elkarte kosmopolita izango da gizateriaren gaitasun guztiak garatzeko eszena, Naturaren ezkutuko plana, alegia; era horretan, animalien instintuez makurtua dagoen “gizaki zibilizatuak” “moraltasun autonomoan jokatuko du berezkoa zaion duintasuna.

Erlijio “kontratu” horren iraupenaren arabera aukera ezberdinak azaltzen ditu Kantek: epe laburrerako azalpena gorago aipatu dudan adibidea da (arrazoimenaren erabilera pribatua: edozer obeditu?)

  • Epe laburrerako eta zerbait hobeagoa eduki artean egingarria litzateke (ordena mantentzeko), baina hirikideei, eta bereziki apaizei, hitzarmen edo kredo horren kritika publikoa egiten utzi beharko zaie eta erlijio erakundearen aldaketa posibleaz bozkatuz, tronuari proposamen bat egiteko gai izan arte. Aipatzekoa da hemen, Kantek proposatzen duen konstituzio errepublikarra, hiritarrek duten legegile izateko eskubidea:Hala ere zaila de imajinatzea Kantek ordezkaritza hori gauzatzeko biderik ez eman izana. Baliteke, adibide honetan azaldutakoaren antzeko mekanismoa? (ikusi “hiritarren borondatea”)
  • Epe luzera, erlijio elkarte hori publikoki zalantza ezina bada (arrazoiaren erabilera publikoaren arabera), aldaezina izango balitz jokatuko luke; hortaz, ezinezkoa litzateke inondik inora onartzea gizadiaren aurrerakuntza bidea kaltetzen duen hori (kontu egizu, arrazoimenaren erabilera askeak duen funtzio motorea)

Orain, Kantek elkarte bati buruz esandakoa, ”singularrean” orokortzen du: gizaki batek ere bere buruaren ilustrazioa epe laburrerako atzeratu dezakeela dio Kantek, baina, ilustrazioari betirako uko egitea, gizateriaren eskubide sakratuak urratzea eta zapaltzea dela!! Harrigarria? Zer axola zaio besteek egiten dutena?

Zergatik inporta zaio? Zertan datza ilustrazioa?
Askatasunaren eta arrazoimenaren erabileran aldaketa gauzatzea; autonomiaz jarduteko gaitasun pertsonalarena. Ilustrazio prozesua espazio publikoan ematen da, gizartean,eta komunitate politiko osoaren lana eta esfortzua beharrezkoa da gizabanako bakoitzaren gizatasuna burutzeko: hauxe: gizaki bakoitzaren betebehar sakratuena, bizitza bera bizitza duina egiten duen zentzuaren bilaketa etengabea. (Beste argudio bat ikus dezakezu hemen)

Erlijio inposaketak gogorki galarazten dute ilustrazioa, 9. zatian esango duenez, “erlijio alorrean heldugabetasuna guztietarik kaltegarriena eta desohoragarriena delako

Erlijio askatasunaren murrizpenak ilustrazioaren oztopo direla ondo daki Kantek: erlijio errebelatuen eta jainkoaren existentziaren froga faltsuak argudiatzen zituen bere idazkiarekin (4) izandako auziengatik. 1786 tik aurrera, Federiko IIa hil eta gero, arazo handiagoak izango ditu Frederiko Gillen II ak boterea hartzerakoan: Laster errege berriak Frantziako egoera iraultzaileari aurre egiteko Hezkuntza ministroa aldatu zuen. Sei egun beranduago ministro berriak erlijioari buruzko ebazpena sinatu zuen eta hilabete batzuk geroago zentsurari buruzkoa. Frantzian berehala iraultza hasi zen eta horrek, noski, ez zuen egoera hobetu Prusian. Kantek 1794an erlijio gaiez irakasteko eta idazteko debekua jaso zuen eta bere lana zentsuratu zuten “Erlijioa arrazoimen soilaren mugen barruan” (1793). Hurrengo testuak adibide:

Caesar non est supra grammaticos

Monarkak ez du bide eman behar bere mendekoen menderatzeari, baizik eta borondate kolektiboaren garapenari, hau da, herriak erabakiko lukeena formulatu eta ordezkatu behar du. Errege baten eginkizuna herri osoaren borondatea bereganatzea da, eta hortaz legegile izatea. Baina erlijio eta moralari dagozkien arazoetan “ bere menpekoei utz diezaieke euren salbaziorako beharrezko iruditzen zaiena egiten, ez baita bere arazoa”. Bakarrik esku-hartuko du kontzientziaren araberako askatasuna indarkeriaz oztopatzen dutenak gelditzeko (erlijio inposaketaren aurka)

Erregearen eginkizuna ez da erlijio bat inposatzea. Erlijio inposaketa horren zergatiari begira, bi kasu ezberdin aipatzen ditu Kantek:

  • Erregeak berak bere sinesmenak inposatzea, kasu honetan aurpegiratuko geniolako “Cesar, -erregea- ez dagoela kritikoen gainetik”
  • Erregeak “bere estatuko tirano gutxi batzuek gainontzeko menpekoenganako duten despotismo espiritualari” laguntzea, larriagoa Kanten ustez, kasu honetan erregeak bere autoritatea degradatzen duelako. Kontu egizu: tirano gutxi dira “diktadura” espiritual horren parte, baina monarkiaren faborea dute.

Egungo Espainiako gobernuak hezkuntza auzietan Vatikanoko Aulki Santuarekin duen akordioa “despotismoa” dela esan daiteke? Horrelako akordio batek “ez duela inor behartzen” arrazoi nahikoa da despotismorik ez dagoela esateko? (ikusi gehiago)

7. Frederikoaren garaia: garai ilustratua (laudoa)

Aro ilustratu batean bizi gara? Erantzuteko, Kantek bi zentzu ezberdintzen ditu: Garai ilustratua eta Ilustrazioa

  • Garai ilustratu batean bizi gara: heldugabetasunetik irteteko eta ilustraziorako oztopoak pixkana gutxituz doaz , iraganeko askatasun eza, gainditzen hasi garelako
  • Baina hau ez da Ilustrazioaren garaia: guztiok eta erabat gure adingabetasunetik ateratzen ausartuko garenean emango dena. Oraindik bide luzea dagoela esaten du Kantek “kanpoko gidaritzarik gabe, erlijio gaietan gure ulermena konfiantzaz eta ongi erabiltzeko posizioan egon arte (edo egoteko prest egon arte)”.

Lehenengo zentzuan, Frederiko II aren garaia, garai ilustratua da, esan bezala, erlijio arazoetan gizakiaren askatasuna errespetatzen duelako. Hemen hasten da Frederiko monarkari Kantek egiten duen laudo: 9. zatian botatzen duen hordagoa biguntzeko. Nor zen Federiko? Bideoan testua ulertzeko oinarrizko datuak aurkituko dituzu

Gizateria, gutxi gora behera bere perfekzio bidearen erdian aurkitzen da. Goreneko mailara iristeko, nazioen arteko gudak gainditzeko bidea aurkitu beharko da, “betirako bakearen” lorpenaz eta guden dirutza heziketarako erabiltzen duen gizarte kosmopolitaren eraketaren bidez.

“Horregatik, murriztapen pertsona­la bere jardunean gero eta gehiago desagertzen da, erlijioa­ren askatasun orokorra onartzen da; eta horrela pixkana­ka, erokeria eta txorakeriak nahasten direla, Ilustrazioa sortzen da ongi handi gisa, zeinak gizateria bere menpera­tzaileen handinahi berekoietatik atera behar duen, bere abantaila propioa ulertzen badu behintzat.

Baina Ilustrazio honek eta berarekin gizaki ilustratuak osoki ulertzen duen ongian ekidin ezin duen bihotzezko parte hartze jakinak pixkanaka tronura igo behar du eta gobernuaren printzipioetan eragina izan behar du. Nahiz, adibidez, gure munduko gobernariek heziketa erakunde publikoentzako eta oro har munduaren onenari dagokionarentzako oraingoz batere dirurik ez badute ere, zeren aurretik jadanik dena etorkizuneko gerrarako gastatu dutelako: horrela, beren abantaila propioa zertan aurkituko dute, zentzu honetan bere herriaren ahalegin propio ahul eta mantsoak ez oztopatzean ../.. Nahiz oraingoz estatuen gorputz hori egitasmo zakarreko egoeran dagoen, hala ere mantsoki hasten da pizten nolabait esateko jadanik kide guztietan osoaren mantenurako sentimendu bat; eta honek zelako itxaropena ematen du, eraldaketa dakarten iraultza batzuen ondoren, azkenik naturak asmo goren­tzat duen egoera kosmopolita orokorra, gizateriaren jato­rrizko disposizio denak garatuko direneko altzo gisa be­hingoz noizbait gauzatuko da” (6)

8. Frederiko eta erlijio askatasuna

Kantek bere artikuluaren konklusioa egiten hasiko da pasarte honetan: Lehenengoz, Federikok estatua eta erlijioa banatuz ilustrazioa sustatzen duela; bigarrenik, Zöllner-en kezkari erantzuna; eta azkenik, askatasuna eta gizarte-ordena bideragarriak direla ez ezik, askatasuna gizakia bere basakeriatik ateratzeko baldintza dela ere.

  1. Frederiko II a printze ilustratua da: ez duelako ezer agintzen erlijio arazoetan, are gehiago moralari dagozkienetan. Beraz, erregeak ez du onartuko “tolerantzia” izena bere buruaren ezaugarri gisa, bere “eginkizuna” baita kontzientziari dagozkien gaietan (erlijioa eta morala) parterik ez hartzea. Horregatik, Frederiko II ak merezi du gobernarien artean erlijio eta moralean pertsona guztiak tutoretza arrotzengandik aske uztearen meritua, hau da, hiritarrak euren arrazoimena erabiltzeko askatasuna bideratzea.
  2. Zöllner-i: Apaizek ere dotrina kritikatu dezakete,”bere arrazoimena publikoki erabiliz mugarik gabeko askatasuna du bere arrazoimen propio hori erabili eta norbere izenean hitz egiteko” (7) Bosgarren atalean azaldutako salbuespenarekin: dotrina hori bere barne erlijioaren aurka egongo balitz, “ezin izanen luke bere betebehar ofizialak kontzientzia onarekin bete eta karguari uko egin beharko lioke”
  3. Askatasunak ez du gizartearen batasuna eta konkordia publikoa mehatxatzen, horren lekuko da Federikoren gobernua, horrela uste dutenen kontrako adibide distiratsua dena. Are gehiago, naturaren xedea askatasuna soilik behar du “Edozein izakiren izaera naturala noizbait guztiz eta era egokian garatuko da”, “arrazoimenaren bidez instintuetatik askatuz…/…, animali mekanismo-ordena gaindituko du”(8) “Sapere Aude!”

”Gobernu horiei orain etsenplu distiratsua eskaintzen die eta lekuko dira nola askatasuna existi daitekeen, konkordia publikoa eta erkidegoaren batasuna arriskuan ezarri barik. Gizakiak euren kabuz basakeria egoeratik irteten dira, ez baldin badira neurri artifizialak hartzen haiek han mantentzeko”

9. Hordago! Legegintzan ere kritika zabaltzea

Batez ere erlijio kontuak azaldu dituela dio Kantek, gizakiaren irteera bere erruzko adingabetasunetik ateratzeko, erlijio -tutoretza kaltegarriena eta duingabeena delako. Agintariek ez dutela interes euren zaindaritza zientzia eta arteetan ezartzeko. Frederiko “errege filosofoak” arte eta zientziarako gustua jakina dela, horra hor nondik botako dion Hordagoa: legegintzari dagokionez ere, hiritarrek bere arrazoiaren erabilera publikoaz baliatuz kritika egiteko posibilitatea izatea dela benetako printze ilustratu bati dagokiona. Eta honetan ere, Frederiko lehenengoa izango litzateke.

Kantek proposatutako konstituzio errepublikarrak Rousseau, Locke eta Hobbesen elementuak hartzen ditu: kolegegileak gara, hots, kontratu sozialak herritarren askatasuna bermatu behar du hiritarrek legegintzan parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Askatasun hau ez da Rousseauk proposatutako demokrazia zuzenekoa baizik eta Locke-k iradokitako ordezkaritza. Legea inposatzeko monarkak duen armada zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta pentsamendu-askatasuna handiagoa izango da. Hemen dugu Hobbes-en eragina.

10. Askatasuna, armada eta gizarte kosmopolita (Ilustrazioa)

Segurtasun publikoa ziurtatzeko gudaroste ongi diziplinatu eta ugaria duen monarka ilustratua, ez da askatasunaren beldur izango eta horregatik esan dezake:”nahi adina arrazonatu eta nahi duzuenaz, baina obeditu”

Askatasunerako aukera zabaltzen zaigu. Kantek askatasuna eta ordena sozialaren arteko laburpen gisa zera esango du
Erabateko askatasunak, herri baten askatasun espirituala gauzatu dezake, baina aldi berean muga gaindiezinak ere sortarazi (kaosa), beraz, kontratua eta funtzio “pasiboetan” obeditu behar da, horregatik,

Askatasuna murriztua ba da (arrazoiaren erabilera pribatuaren arabera), gizakiaren ahalmen guztiak garatzeko esparrua eskaintzen digu
Artikuluaren azkeneko hitzetan Naturaren plana ikusten dugu: bere garapenean gizakiari askatasunaren eremua eskaintzen dio, moraltasun autonomoa, horrela aberetasuna zuzentzen duen beharrezkotasuna gaindituz, gizakiari zor zaion duintasuna lortzeko

“Zeren, naturak ardura eztien duen hazia –pentsamendu askerako gizakiak duen joera eta bizibidea, alegia- azal gogorpetik gararazi duenean: hazi horrek berak apurka-apurka herriaren pentsamoldera zabaltzen baitu eragina (herria poliki askatasunez jarduteko gero eta gaiago bihurtzen delarik), bai eta gobernuaren printzipioetara ere, zeinak onuragarri deritzon orain makina bat gehiago den gizakiari zor zaion duintasunaz jokatzeari” ...

Historian eta gizartean garatzen den subjektu moral honek aurrerapena eta ilustrazioa gauzatzea du helburu: Zehatzago: betirako bakean biziko den gizarte kosmopolita sortzea!!

Orrialdea pdf-n jeitsi: Zer da Ilustrazioa testuaren azalpena

(1) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. Jakin 145zk, 2004. 107 or
(2) Zer da Ilustrazioa 5. atala
(3) Zer da Ilustrazioa 8. atala
(4) 1763an Jainkoaren izatearen frogapenerako froga-oinarri ahalgarri bakarra. Jainkoaren existentziaren frogen ez-nahikotasunaz, liburu debekatuen zerrendan sartu zuten.
(5) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 107
(6) Zer da Ilustrazioa, 4. atala
(7)  Zer da Ilustrazioa 5. atala
(8) Asmo kosmopolitako historia unibertsal baten ideia (1. eta 3 esaldiak)

Testua ulertzeko
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua funtsezkoa
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna (testua)

Ilustrazioaren garaia ulertzeko
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak

Kanten aurrerapenaren ideia ulertzeko:
Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia
Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza eta konstituzio errepublikarra

 

Anuncios