bost bideak

Tomas Akinokoa: Jainkoaren existentziaren frogak

Izate kontingentea eta beharrezkoa (*)

Aristotelesen pentsamenduari jarraituz, San Tomasentzat izatea da kontzepturik unibertsalena. Izatea gauza guztiez predika (esan) daiteke. Badiren errealitate guztietan dago, denetan aurkitzen da, eta horregatik, ez da ezerekin nahasten. Baina izate guztiak ez dira berdinak.

  • Batzuek ez dute beregan beren existentziaren justifikaziorik, haien existentzia ez da beharrezkoa. Izatedunak diren arren, gerta zitekeen ez izatea. Izatedunak dira, baina beste batengan dute beren existentziaren kausa. Horiek izate kontingenteak dira.
  • Izate beharrezkoak, berriz, beregan du bere existentziaren justifikazioa. Existentzia ez dio ez beste inori, ezta ezeri zor, eta ezinezkoa zaio ez izatea. San Tomasek izate beharrezkoaren existentzia arrazionalki frogatu nahi izan zuen, eta baita existentzia hori nahitaezkoa dela ere, izatearen azterketa eginez.

Izatearen kontzeptua bi zentzu nagusitan ematen da: esentzian eta existentzian. Biak dira izate kontzeptuaren moduak, desberdinak dira, eta izate kontingenteetan ez dira batera eman behar nahitaez. Izate kontingenteen esentziatik ez da ondorioztatzen nahitaez izate horren existentzia beharrezkoa denik. Jainkoarengan, berriz, esentzia eta existentzia batera doaz, Jainkoaren esentziaren ezinbesteko ezaugarria baita haren existentzia.

Teologia Naturala

Izate beharrezkoaren, Jainkoaren existentzia frogatzeko, kausen teorian oinarritutako bost argudio erabili zituen: bost bideak. Hori da Metafisikaren hasieran planteatu zuen gai nagusia, eta teologia natural deituko dio. Adimenaren indar hutsez aritu zen demostrazio hori egin nahian, errebelazioa alde batera utzita.

Bost argudio horietariko bakoitzean, hiru elementu ageri dira beti:

  • Abiapuntua: zentzumenez jasotzen dugun errealitate sentigarri bat bada; hau da, froga bakoitza behaketa enpirikoz hasten da.
  • Errealitate horren azalpena (kausa) ez dago bere baitan, berarengandik kanpoko beste zerbaitetan baizik. Horretatik abiatuta, serie kausal bat dago.
  • Serie kausal horri jarraituta, Lehen Kausa (Jainkoa) aurkitzen da nahitaez, beharrezkotasunez. Ez daiteke Lehen Kausarik ez izatea.

Bost bideak

1. Mugimenduaren froga

— Munduan mugimendua dago.
— Mugitzen den guztia beste batek mugitzen du; mugimenduaren eragilea berarengandik kanpo aurkitzen da. Baina ezerk ez du berarengan bere mugimenduaren arrazoia; ezinezkoa baita mugitua izatea eta, aldi berean, mugimenduaren sortzailea izatea. Beraz, beste batek mugitzen du; eta hori, hirugarren batek; eta hori, laugarren batek; eta horrela, behin eta berriz; azkenean, kausa higitzaile serie bat gertatzen da.
— Kate hori ezin da infinitua izan (ezerk ez baitezake eman berak ez duenik); beraz, (den) lehen kausa higitzaile batek izan behar du abiapuntua, beharrezkotasunez. Ondorioz, bada lehen kausa mugikorra, erlijioek Jainko deitzen diotena, higitzailea baina ez higitua.

2. Kausa eragilearen (sortzailearen) froga

— Munduko gauza guztiak existitu egiten dira, une zehatz batean sortu direlako.
— Baina ezer ez da bere existentziaren kausa; ezerk ez du bere burua sortzen. Horrela gertatzeko, bera existitu baino lehenagoko existentzia izan beharko luke; eta hori ezinezkoa da. Beraz, existitzen den edozer objektuk kausa sortzaile bat behar du; eta horrek, beste bat; eta horrek, beste bat; eta horrela, kausa sortzaileen serie bat gertatzen da.
— Kate horrek ezin du infinitua izan. Abiapuntu edo hasiera batek izan behar du, nahitaez, lehendabiziko sortzailea. Ondorioz, bada lehen kausa sortzailea, erlijioek Jainko deitzen diotena, sortzailea baina ez sortua.

3. Kontingentziaren froga

— Errealitatearen objektuak eta izateak, existentzia duten arren, ez dira beharrezkoak (badira, baina ez dute nahitaez existitu behar): kontingenteak dira. Bere baitan esentzia (direna) eta existentzia (badirela) ez datoz bat. Existitzeko aukera dute, baina horrek ez du esan nahi gauzatu behar duenik.
— Baina izate horien guztien jatorria diren kausak ere kontingenteak dira; hau da, kausa horiek badira, baina horiek ere kontingenteak dira; eta azken kausa horien kausak ere kontingenteak dira; eta horrela, behin eta berriz, kausa kontingenteen kate bat gertatzen da.
— Kausa kontingenteen katea ez daiteke infinitua izan. Hau da, kontingentea ez den lehen kausa batek izan behar du, nahitaez; gainerako guztiak izateko beharrezkoa den kausa. Ondorioz, bada lehen kausa beharrezkoa, erlijioek Jainko deitzen diotena, kausa kontingente guztien jatorria dena.

4. Perfekzio-mailen froga

— Izakiek perfekzio-maila desberdinak dituzte (edertasunean, egokitasunean, moralitatean…), eta horietako bakoitza neurri handiagoan edo txikiagoan hurbiltzen zaio perfekzioari.
— Perfekzio-maila zehatz bat ez daiteke perfekzio-maila txikiagoa duen kausa batetik etor, alderantziz baizik: perfekzio-maila zehatz horrek perfekzio-maila altuagoa duen kausa batetik etorri behar du, nahitaez, ezerk ezin baitu ez duena eman. Eta azken kausa horren perfekzio-maila ere, oraindik perfektuagoa den beste kausa batetik; eta azken hori, beste kausa perfektuago batetik. Kausa perfektuagoen serie edo kate bat gertatzen da, beraz.
— Baina gero eta perfekzio-maila altuagoa duten kausen kate hori ez daiteke infinitua izan, eta perfekzio guztien iturria den lehen kausa perfektu batek izan behar du, ezinbestez. Ondorioz, bada lehen kausa perfektua, erlijioek Jainko deitzen diotena, perfekzio guztien jatorria eta iturria dena.

5. Munduaren ordenaren froga

— Munduko izaki guztiek helburu bat dute (denek dute kausa final bat, helburu bat). Izaki adimentsuetan nabaria den hori berdin gertatzen da adimenik gabekoetan ere, helburu hori konturatu gabe betetzen bada ere.
— Helburu hori betetzen da horrela —ordena zehatz horren arabera—, gertarazten duen kausa bat badelako. Kausa horrek ezagutzen du bere ondorioa den horren helburua. Eta berdin gertatzen da horrela gertarazi duen kausa ordenatzailearekin: horrek ere badu bere helburua ezagutzen duen kausa ordenatzailea; eta azken horrek ere badu berea; eta horrela, behin eta berriz. Beraz, munduaren ordena kausa ordenatzaileen kate edo serie baten ondorioa da.
— Baina kausa ordenatzaileen serie hori ezin daiteke infinitua izan. Serie horrek munduaren ordenaren lehen kausa ordenatzaile bat izan behar du, derrigorrean.Ondorioz, bada lehen kausa ordenatzailea, erlijioek Jainko deitzen diotena, munduaren ordena guztiaren jatorria eta iturria dena. Kausa horrek, gainera, bere ondorio guztien helburua ezagutzen du, ordena hori berak ezarri baitu. Horregatik, Jainkoa adimentsua dela esan daiteke.

Saint_Thomas_AquinasBost argudio edo bide horietatik, orokorrean, honako ondorio hauek atera zituen San Tomasek:

  • Arrazoimenaren erabilera hutsez, lehen kausaren edo Jainkoaren existentzia hainbat aldiz demostratu da, fedearen bidea alde batera utzita.
  • Bost bideei esker, lehen kausa horren existentzia ezagutzen dugu, baina ez bere esentzia. Hau da, badakigu Jainkoa badela (existentzia), baina ez nolakoa den (esentzia).
  • Dena den, eta apur batzuk baino ez badira ere, bost bideek Jainkoaren izaeraren ezaugarri batzuk ezagutzera ematen dizkigute; esaterako, Jainkoa gauza guztien sortzailea denez, mundua ezerezetik sortu zuela, aurretik lehen gairik izan balitz, ez baitzen denen sortzaile izango. Era berean, jakin dezakegu munduaren sorrera ekintza guztiz librea dela eta Jainkoarengan ez duela inongo eraginik ere, higitzaile ez-higikorra delako. Dena den, sortze hori ekintza iraunkorra da San Tomasentzat, egunero gertatzen ari da; eta hasierako sorkuntza bezain handia da. Mundu honetako sortutako (kreatura) guztiek beren existentzia uneoro jasotzen dute partaidetzaz.
  • San Tomasek dio ezin daitekeela arrazionalki jakin mundua noiz sortu zen. Errebelazioak gertatu zela esaten digun arren, filosofiaren (arrazoimenaren) indarrez ez dugu jakiterik betikoa ote den ala memento zehatz batean gertatutakoa den.
  • Bestetik, froga horien bidez, Jainkoa munduaren kausa dela jakin dezakegu zentzu bikoitzean:
    • Kausa eragilea da, eta
    • Kausa imitagarria (perfekzio-iturria baita)

Aurrekoa: Filosofiaren eta teologiaren arteko erlazioa

(*) Begoña Olaziregi Salaberriak idatzia,Filosofia: 5 filosofo; Gabirel Jauregi Bilduma Batxilergorako materialak, “Metafisika: Jainkoaren existentziaren frogak”