Erretorika edo pertsuasioaren artea

Erretorika: Diskurtso mundiala sortzeko

“Esan dezakegu Aristotelesen asmoa, arrazoiak gidatzen duen pertsuasioa gauzatzea izan zela, hau da, ahal dena eta litekeena frogatzeko lagungarria zen topiko eta argudioen erabilera arrazoitua sustatzea. Horretarako, gizon-emakumeen portaerak aztertzen ditu, horiei buruzko gogoetak eginez”.

“Ukaezina da Aristoteles arlo etikoan eta politikoan mugitzen dela erabat eta bere Erretorikaren azken helburua, giza elkarteak zibilizatzeko instrumentu bat definitzea dela, hots, diskurtso eraginkor eta arrazoitua, eragin soziala izango duena eta gizarte askearen funtzionamendua ahalbidetuko duena”..
Guadalupe Lopetegi Senperena “Aristotelesen Erretorika Erdi Aroan” GOGOA, V-1: 121

Atenaseko demokrazia eta Periklesen gobernuak pertsuasioaren artea (erretorika) bultzatu zuten. Sofistak ziren arte honen maisu eta klase gorenei irakasten zieten, beren zerbitzuengatik kobratuz.
Sofistak beste kulturekin eta atzerritarrekin harremanak izan zituzten. Horrek lege absoluturik ez zegoela pentsatzera eraman zituen, lege guztiak erlatiboak zirela uste zuten. Gizakien eta hirien arazoak jorratu zituzten; ongia, justizia, edertasuna, eta bestelako baloreak konbentzionalak zirela baieztatuz.

Sofistak, grekerazko σοφία (sophía) hitzetik (euskaraz, jakinduria), jatorrian hiritarren iritziz jakintsuak ziren. K. a. IV. mendean, sofista izena erretorika irakasten zuten pertsonei eman zitzaien. Sofisten irakaskuntzaren xedea politikoa zen, hots, asanblada demokratikoetan parte hartu ahal izateko garrantzi handikoa zen jendaurrean ondo hitz egiten jakitea, diskurtso erakargarriak egiten jakitea, eta hori zen sofisten irakaskuntza

erretorika_nola

Aristotelesek pertsuasioaren artea sistematizatu eta hurrengo filosofoentzako abiapuntua izango zen Erretorika liburua idatzi zuen diskurtsoaren baliabideak aztertuz.

Erretorikaren II liburuan hizlariaren hiru pertsuasio moduak azaltzen ditu:

  • Ethos: Hizlariaren sinesgarritasunean oinarritzen direnak,
  • Pathos: Entzuleen emozio eta psikologian oinarritutakoak), eta
  • Logos: Logika eta arrazoiketa egituran  oinarritutakoak.

Emozioek gizakiak bere judizioetan iritziaz alda daitezela eragiten dute. Beraz, hizlari batek arrazoia erabil dezake bere audientzian desiratutako emozioa sorrarazteko. Hala ere, pathosarekin batera ethos-a erakutsi behar du; hau da, jakituria praktikoa (Φρόνησηs), bertutea (areté-a), eta borondate ona (eunoia).