John Locke: Liberalismo politikoa

John Locke (1632-1704)

Enpiristen artean, John Locke (1632-1704) dugu politika-teorialari garrantzitsuena (Tolerantziari buruzko eskutitza, Aginte zibilari buruzko tratatuak). Liberalismo politikoaren teorialaria izan zen. Gizakiak egoera naturalean bizitza, osasuna, askatasuna eta jabetza eskubideak dituela esaten du, eta baita eskubide hauek defendatzeko beharra ere.

Lege naturala eta lege zibila

Gizakia natura egoeran bakean bizi daiteke, arrazionala denez lege moral naturalak jokabideari ezartzen dizkion mugak errespetatzen dituelako. Egoera horretan, gizakiak lagun gisa egon daitezke, elkarri laguntzen, eta bere burua zaintzen; beraz, estatua sortzeko inolako justifikaziorik ez legoke. Baina alderantziz, egoera naturalaren bizi-baldintzak okertu eta kontrolatzeko modurik ez balego, orduan, estatua edo gizarte zibila sortzea justifikatuta legoke.

Gizakiaren norberekoikeriaren eraginez etengabeko borroka sortu daiteke eta erasoei aurre egin beharraren ondorioz eskubideez disfrutatzeko aukera ezindu. Lege naturala ikasi ez dutenek lege naturala ez onartzeko joera dute berekoikeriari jarraitzen baitiote. Eta natura – egoeran lege naturala betearazteko ahalmena norberak daukanez, norbaitek lege naturala betetzen ez badu, kaltetutakoak betearazi behar du. Borrokak sortuko dira, desakordio konponezinak, gatazka horietan epaile izateko autoritatea duen inor ez baitago. Epaile hau botere legegilea izango da gizakiek hitzarmena adosten dutenean: Botere politikoa edo estatua sortuko dute eskubideak babesteko helburuarekin, jabetza bereziki; honela gizabanakoaren bizitza erosoagoa, ziurragoa eta baketsuagoa egiteko .

Gizakia: egoera naturalean

Berdinak eta independenteak jaiotzen dira gizakiak: ahalmen berdinez, naturaren ondasun berdinetan parte hartzeko.

Askatasuna berdintasunetik ondorioztatzen da. Gizakiak berdinak jaio direnez, ezin da esan bat beste baten mendekoa denik. Beraz, askatasuna du gizakiak, nahi duena egiteko edo ez egiteko.

Lege natural bat dago, ordea. Natura egoerak dena gobernatzen duen lege bakar bat dauka, guztiak behartzen dituena. Arrazoia da lege (moral) naturala, eta hau erakusten digu: gizaki guztiak berdinak eta independenteak garela bizitzan, osasunean, askatasunean edo jabegoetan, eta, berdinak garenez gero, ezin dugula elkar birrintzen edo esplotatzen ibili. Lege naturalaren oinarria gizaki guztiok dugun desira indartsuena da: norberak irauteko sena. Horregatik, norbait erasotzea lege naturalaren aurka joatea da.

Natura-egoera aginte aurreko egoera da: lege naturalaren arabera gizakiak eskubide naturalak ditu: bizitza, osasuna, askatasuna eta jabetza; eta baita eskubide horiek defendatzeko beharra ere. Adibidez, bizirik irauteko eskubideak norbait erasotzearen aurka doa eta norbera bere bizitza mantentzeko bide eta tresnak aurkitzera behartzen du. Tresna horiek lurra eta bere fruituen jabetza justifikatzen dute, gizaki bakoitzak landu ahal duen lurraren jabe izatea, hain zuzen. Beraz, hasierako momentu honetan, jabetza pribatuak lanean hartzen du bere neurria: landu daitekeena baino lur handiagorik ez izatea.

Jabego pribatuaren garapena egoera naturalean

Natura-egoeraren jabego pribatuaren garapenaren eta zabalpenaren arabera zenbait urrats emango dira. Amaieran, jabego pribatu handiak babesteko asmoz, gizarte zibila sortuko da:

  1.  Gorputzaren jabego pribatua izan zen jabego pribatu lehena. Natura – egoeraren hasieran gizaki gutxi eta baliabide asko zeuden. Egoera horretan dena zen guztiona, komuna zen. Bakoitzak nahi zuena har zezakeen naturatik, eta inork ez zion ezer esaten baliabide sobera zegoelako. Dena zen guztiona, gauza bat izan ezik: norberaren gorputza.
  2. Lanaren emaitzen jabego pribatua gorputzaren jabego pribatutik sortzen da. Gorputza norberaren jabego pribatua zen; ondorioz, norberak egindako lanaren emaitzak ere norberaren jabego pribatu bihurtu ziren. Adibidez, batek hartzen zituen sagarrak bere jabego pribatua ziren. Jabego pribatu hori naturan dauden sagarren jabego komunetik eta lanaren jabego pribatutik eratorri zen; baina, har zitezkeen baino sagar gehiago zeudenez gero, eta lanik gabe sagarrak jatea ezinezkoa denez gero, inork ez zuen jasotako sagarren jabego pribatuaren aurka ezer esaten. Horrela, lanaren emaitzak ere jabego pribatuan sartzen dira.
  3. Lurraren jabetza pribatua lanaren emaitzen jabetza pribatutik eratorri zen, nekazaritza asmatu zenean. Guztiek onartzen zuten lurraren jabetza pribatua, landu eta jabetu zitekeena baino lur gehiago zegoelako. Gainera ezin zen lur gehiegi landu, soberakinak gordetzerik eta saltzerik ez zegoenez gero, soberakinak sortzea lana alferrik egitea zelako.dirua
  4. Dirua asmatu zen. Ez zen bat batean sortu, pixkanakako garapen baten ondorioz baizik. Hasieran janari ustelgarriak gehiago irauten zuten janariengatik trukatzen ziren, intxaurrengatik, adibidez, eta horiek ziren nolabaiteko dirua. Gero, urrea eta zilarra erabili ziren diru gisa, ederrak, zatigarriak eta ustel ezinezkoak zirelako. Ondorioz, interesgarria egin zen soberakinak sortzea, sal zitezkeelako, eta dirua usteldu gabe pila zitekeelako. Gauzen prezioa eskaintzaren eta «merkatua»ren araberakoa da (gaur egun, eskaintzaren eta eskariaren araberakoa dela esaten dugu).
  5. Lur jabegoen handitzea gertatu zen gero. Eta guztiek onartzen zuten handitze hori, norbaitek lur gehiago lantzeak gizadiari ondasun gehiago ekartzen zizkiolako; hau da, lur gehiago lantzen zituen nekazariaren soberakinak merkataritzaren bitartez zabaldu zitezkeelako gizartean. Jadanik, hasierako pobreen berdintasunetik aberatsen ezberdintasunera pasatu da gizadia. Oraingo pobreena hasierako aberatsa baino askoz hobeto bizi da; horregatik, oraingo pobreena aberatsagoa da hasierako aberatsena baino.
  6. Lur osoaren jabetza gertatu zen azkenean. Lur-jabegoak handitzearen ondorioz, naturaren lur osoa jabetu zen, oso zaila zen jaberik gabeko lurrik aurkitzea, lanak ezin izan zuen gehiago jabetza titulurik eman, eta jabego pribatuak handiegiak ziren jabe bakar batek defendatzeko.
  7. Gizarte zibila jabego pribatu handiak babesteko sortu zen, natura egoeratik; eta haiekin batera, baita bizitza eta askatasuna babesteko ere. Horretarako, legeak ezarri, gatazketan epaitu eta epaiketetan ezarritako zigorrak betearazteko gai izango den botere bat ezarri behar da. Horrelako botere bat onartzen dutela esaten dutenek gizarte zibil edo politiko bat osatzen dute; esaten ez dutenek natura-egoeran daude oraindik

Gizartea: gizarte zibila

Boterea erabiltzean abusuak edo gehiegikeriak ez egoteko komenigarria da boterea pertsona edo erakunde ezberdinen artean banatzea. Lockek hiru botere bereizi zituen gizarte zibilean:

  • Botere legegilea legeak egiteko ahalmena duena da.
  • Botere betearazlea epaitzeko eta zigorrak ezartzeko ahalmena duena da.
  • Botere federatiboa (bakea eta gerra erabaki).

Botereek banandurik egon behar dute; tentazio handiegia eta ustel bide bat litzatekeelako gizakiontzat legeak egiteko eta betearazteko botereak batera edukitzea. Horregatik, beharrezkoa da gutxienez bi botere egotea: legegilea eta betearazlea. Geroago, Montesquieuk monarkia parlamentarioa proposatu zuen. Gobernua (legegilea, betearazlea) eta aginte judiziala bereizi zituen, gobernarien epaiketak gobernariek beraiek egin behar ez dituztela argudiatuz:

  • Botere betearazlea erregeren esku utziz,
  • Botere legegilea bi kameratan eta
  • Botere judiziala erakunde independente batean.

Boterea mugatua izatea beharrezkoa da. Errege batek botere absolutua edukiko balu, beste gizakiak natura egoeran baino okerrago egongo lirateke, natura egoeran zituzten berdintasuna, askatasuna eta jabetza pribatua ere galdu, eta Erregearen esku geldituko liratekeelako. Baina natura egoeran aurkitzen ziren gizakiek ez zuten gizarte zibila sortu okerrago egoteko, beren eskubide naturalak babesteko baizik: bizitza, askatasuna eta jabetza pribatuak babesteko hain zuzen ere. Gizarte zibila gizakion eraikuntza artifizial bat da, eta gizakion lege naturala bete behar du.

Gehiengoak dauka gizarte zibilean erabakitzeko ahalmena. Berez eta naturalki, erabakitzeko ahalmena indartsuenak dauka, baina natura egoeran indartsuena gehiengoa da edozein bi gizaki ezberdinen indarrak oso antzekoak direlako. Hortik eratortzen da gehiengoaren arabera erabaki beharra.

Gehiengoaren onespenak Gobernu motak ezberdinak ezarri ditzake:

  • Gehiengoak berak botere legegileari eusten badio, gobernua demokrazia bat da.
  • Gehiengoak botere legegilea gutxi bazuen eskuetan uzten badu, gobernua oligarkia bat da.
  • Gehiengoak botere legegilea gizaki bakar baten eskuetan uzten badu, gobernua monarkia bat da.

Erresistentziarako eskubidea du herriak, erregeren bat tirano bihurtzen bada. Tiranoa bere kapritxoetarako eta lege naturala hautsiz agintzen duelako. Tiranoak lege naturala hausten duenez, herriak tiranoaren aurkako erresistentzia bideratzeko eskubidea du.

Iturriak: Elias Goñi Olalde; Filosofiaren Historia. Gabirel Jauregi Batxilergorako materialak

Ikusi:
Kontratu soziala
Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu zen eta kateaturik bizi da
Kant: Gizartekoitasun tratagaitza

< Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat

Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena