leviathan

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat

Thomas Hobbes (1588-1679)

Leviathan liburua 1651 urtean argitaratu zuen. Ingalaterrako 10 urtez luzatu zen gerra zibila eta gero. Hobbesek gerran ikusitako gaiztakeria saihesteko ordena baten bila dabil. Maquiavelo-ren antzera, greziar filosofoen ikuspegia utopikotzat jotzen du irudimenezko legeak egin zituzten irudimenezko estatuentzako. Beraz, utopiatik urrunduz, ezagutza zientifikoan oinarritu nahi du, gertaeren kausa eta ondorioak kalkulatu ezagutza filosofikoa bide duela.

Hobbessen ikuspegi politikoa munduaren kosmobisio baten elementua da. Materialismoaren arabera mundua mugimenduan dauden gorputzak dira (mekanizismoaren arabera), gizakiaren ikuspegia ere materialista da: gorputzaz eta mugimenduaz osoturik, eta arimarik gabekoa.

Leviathan liburuaren sarrerako lehenengo hitzak honela dio: “NATURA, Jainkoak mundua sortzeko erabili duen eta gobernatzeko darabilen Arte hori, honako honetan ere, beste gauza askotan bezala, imitatzen du gizakiaren arteak: animalia artifizial bat egin ahal izatean”. Beraz, Jainkoak mundua egin zuen eran, gizakiak Estatua sortu zuen. Nola? Natura imitatuz. Gorputz materialen artean batzuk gorputz naturalak (gizakia) dira, beste batzuk gorputz artifizialak (estatua). Gizakiaren jokabidea da Estatuaren kausa da, eta estatua, gizakiaren jokabidearen efektua. Gizakiaren jokabidea azaltzeko ez ditu arrazionaltasunean oinarritutako kausa idealak ematen, jokabidearen kausa grinen dinamika da. Grinen konbinazio dinamika horretan estatua sortuko da.

Leviathan liburuaren 13. kapituluan “Gizateriaren izaera naturala haren zorion eta miseriari dagokionez” azaltzen du. 14. kapituluan, “Lehenengo eta bigarren lege naturalez, eta kontratuez” mintzatuko da.

Garazi eta Asier ikasleen azalpen bikaina

Gizakia Egoera Naturalean

Gizakia gizakiarentzat otso, edo “Homo homini lupus” esaldiak ongi irudikatzen du Hobbesen gizakiaren izaera: libreki jokatuz, eta legerik ezean gatazka agertuko da. Hiru gatazka iturri aipatzen ditu Hobbesek: norgehiagoka, mesfidantza eta gloria. Gizakiak bere instinturik gaiztoenak azalduko ditu, egoismoa, beldurra eta harrokeria.

  1. Gizaki guztiak berdinak dira .
  2. Zuzenbide naturala: gizaki guztiek eskubidea dute bere nahimena eta boterea nahi bezala erabiltzeko, eta ez dago eskubide hori mugatzerik. “ …Beren helbururako bidean (zeina batez ere beren biziraupena, eta batzuetan beren atsegina izaten baita) elkar suntsitzen edo menperatzen ahalegintzen dira…/… batek landatu, erein, eraikitzen badu edo leku egoki bat badauka, espero daitekeena da beste batzuk beren indarrak batuta etortzea, lanaren fruitua ezezik, bizia eta askatasuna ere hari kentzeko. Eta inbasorea ere besteak izan duen arrisku berean jartzen da berriro.
  3. Helburu berberak lortzearren, guztion guztien aurkako guda eta borroka orokorra eta amaigabea gertatuko da. “Gizakumeak, denak beldurtuta edukiko dituen botere komunik gabe bizi diren bitartean, gerra deritzon egoeran aurkitzen direla, gizakume orok gizakume ororen aurka dagien gerra izanik
  4. Ziurtasun gabeko egoera honen ondorioz, industriaren eta nekazariaren garapena ezinezkoa da; beraz, kultura aurreko egoera da. ”Ez dago arterik, ez letrarik, ez gizarterik; eta okerrena dena, etengabeko beldurra eta heriotza bortitzerako etengabeko arriskua dago. Eta gizakumearen bizitza bakartia, pobrea, nazkagarria, abereen modukoa eta laburra da.
  5. Oraindik ez dago injustiziarik ez baitago legerik. Boterea guztiok daukate, baina kaosa eta gudak irtenbidea bideratuko du. Kantek azaltzen duen gizakiaren “gizartekoitasun Tratagaitzaren” antzeko ideia, baina Kanten irtenbidea arrazoimenaren bidez izango da, grinak kontuan hartu gabe:

Zuzen eta oker, justizia eta injustiziaren nozioek ez daukate lekurik. Botere komunik ez dagoen tokian, ez dago legerik; eta legerik ez dagoenean, ez dago injustiziarik …/… Horrelako egoeran ezta ere ez dago jabegorik ez domeinurik ez zurearen diferentea den nirerik, dena baita lehenbizi harrapatu ahal duenarena, eta eutsi ahal dion bitartean eutsi ahal dionarena. Eta honainokoa gizakumeak natura hutsez duen egoera kaxkarrari dagokiona da, nahiz eta hemendik ateratzeko ahalbidea ere badaukan, aldez grinetan eta aldez arrazoimenean datzana

Kontratuak Estatua sortzen du

Leviathan 13 kapituluaren bukaeran bakerako bidean grinak eta arrazoimenak duten papera zehazten du:

Gizakumea bakera bultzatzen duten grinak heriotzaren beldurra, eroso bizitzeko behar diren gauzak eskuratzeko desira eta lanaren bidez berauek erdiesteko esperantza dira. Eta arrazoimenak bake-arau komenigarriak iradokitzen ditu, eurotan oinarrituz gizakumeak akordiora irits daitezkeelarik. Arauoi Naturaren Legeak deritze”.

Bakearen oinarrian dauden lege hauek hurrengo 14 kapituluan azalduko ditu. Hobbesek Jus eta Lex behar bezala definituko ditu Lege Naturalak zerrendatu baino lehen: “Zeren gai honetaz ari direnek Jus eta Lex, ESKUBIDEA eta LEGEA, nahasi ohi duten arren, bereizi beharko lirateke, ESKUBIDEA egiteko edo egin barik geratzeko askatasuna delako, eta LEGEAk, ostera, bat edo bestea egitera determinatu eta behartzen duelako; halako moldez, non legea eta eskubidea elkarretarik, obligazioa eta askatasuna bezalaxe bereizten baitira, ezin direlarik gai berarekiko bata eta bestea gertatu”.

  • Naturazko egoeran Zuzenbide Naturala (Jus Naturale) dago, edozer gauza egiteko eskubidea;
  • Lege Naturala, ostera, “(Lex Naturalis) arrazoimenak aurkituriko agindu edo arau orokorra da, zeinaren indarrez gizakumeari debekatzen zaion bere biziarentzat suntsikorra den edo berau zaintzeko bitartekoak kentzen dizkion oro egitea edo berau zaintzeko biderik onentzat daukana ez egitea”.

Arrazoiak bakea bilatzeko lege naturalak proposatzen ditu:

1. Legea:

Bakea bilatu eta iraunaraztea:arrazoimenaren agindu edo arau orokorra da gizakume orok bakea bilatu behar duela hura erdiesteko esperantza dueino, eta lortu ezin duenean gerraren laguntza eta abantaila guztiak bila eta erabil ditzakeela” Baina, lege honek, ez du gerrarako joera saihesten, beraz zerbait gehiago behar da. Hobbesek berehala azaltzen du bigarren legea, baina honetan askoz ere azalpen gehiago emango ditu

2. Legea:

Bakea gauzatzeko bere askatasunari uko egitea. Bere hitzetan: “gizakumeak prest eta gogotsu egon behar duela, besteak ere horrela daudenean, bakea eta norbere defentsa beharrezko uste duen punturaino lortzearren, gauza guztietarako eskubidea ez erabiltzeko. Eta, besteekiko askatasunari buruz, berak besteoi utziko liekeen bezainbat askatasunez konformatzea, hain zuzen”.

bakeAkordioa

Hemen dago kontratuaren muina, eta baita ere kontratuak planteatzen duen arazo nagusia: Zergatik fidatuko naiz?ezer ez baita hausterrazagorik gizakumearen hitza baino”. Hobbesek berak azaltzen du kontratuak planteatzen duen auzia: “Zeren, lehenbizi betetzen duenak ez du besteak gero beteko duen segurantzarik, hitzen lokarriak ahulegiak direlako gizakumeen handinahia, diruzaletasuna, sumina eta beste grinei eusteko, indar behartzaile baten beldurrik ez bada; eta hau ezin da suposatu natura hutseko egoeran, non gizakume guztiak berdinak eta beren beldurren zuzentasunaren epaile diren. Eta horregatik lehenbizi betetzen duenak etsaiari bere burua entregatu besterik ez du egiten

3. Legea:

Onartutako akordioak errespetatzea. Nola? Errespetu hori lortzeko, arrazoimenean oinarritutako legeak ez dira nahikoak izango, Hobbessek grinetara jotzen du: kontratua zigorraren beldurrez beteko da. “Baina Botere komun bat egonez gero betetzera behartzeko adina eskubide eta indar daukana, ez da baliogabea”. Beharrezkoa da legea betearazteko boterea gizaki batengan edota gizaki talde batengan jartzea.

Akordioa hiritarrek zinatzen duten hitzarmena da, honela estatua (gizarte zibila) sortuz. Agintaria ez dago akordioaren menpe, bera egoera naturalean jarraitzen du, eskubide naturalaren eremuan justizia edo injustizia eremutik kanpo. Agintariaren funtzioa akordioa betearaztea da eta edozer gauza egin dezake hori lortzeko.

Bere agindupeko estatu zibila natura egoerako guda baino okerragoa izango balitz, herritarrek legezkoa dute agintariaren aurkako errebolta egitea beste subirano bat ezartzeko.

Gizakia izatez ona ala gaiztoa? Rousseau vs Hobbes

Iturriak: Darin McNabb eta gakotxo artean daudenak Leviathan (13 eta 14 kapituluak)

Ikusi:
Kontratu soziala
Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu zen eta kateaturik bizi da
Kant: Gizartekoitasun tratagaitza

< Kontratu Soziala

John Locke: Liberalismo politikoa >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea