duintasuna

Kanten Arrazoimenaren Kritika

Gizonaren eta emakumearen duintasuna

Kanten helburua zera da: bere gizatasuna burutzeko gauza izango den gizakia -“gizona” zehatza izateko- sortaraztea, eta ardatza arrazoimenaren autonomia da.

  • Kanpora begira, gizakia adingabetasunetik atera behar da, bere arrazoi autonomoa martxan jarriz. Arrazoimenaren balioa jardueran soilik ikus daiteke eta horretarako askatasuna besterik ez dela behar dio Kantek. Beraz, askatasunaren bideak ireki behar dira, arrazoiaren erabilera publikoa bultzatuz. Arrazoiaren askapenerako beharrezkoa da bertan behera uztea aurreiritzi erlijioso, metafisiko eta dogmatikoak eta tutore arrotzei bizkarra ematea. Horrela soilik lortuko dugu askatasunez erabakitzea eta giza gaitasun propioak garatzea (arrazoi autonomoa eta giza duintasuna).
  • Barnera begira, gizatasuna burutzeko gizakiari buruzko ezagutza lortzen saiatuko da (bere azken galdera: “zer da gizakia” aurreko hirurak biltzen dituena). Kant harritu egiten da ikusterakoan filosofoak betidanik saiatu direla errealitatea zein gizakia ezagutzen, aurretik ezagutza hori posiblea ote zen aztertu gabe. Kanti arrazoiaren barneko kritika ere burutzea interesatzen zaio. Horretarako, historian zehar gizakiak bere arrazoimenaz asmatutako ideiekin amaitu behar da; ez dagozkion gaitasunen jabe dela ustea benetako ahalmenak oztopatzen baititu. Beraz, Kanten helburua, gizakiaren mugak eta posibilitateak aztertzea da bere jarduera ezberdinetan (ezagutza, jarduera praktikoa (morala eta politika) eta historia).
Emmeline Pankhurst adresses crowd
Emmeline Pankhurst emakumeen duintasuna aldarrikatzen (Kantentzat emakumea sexu ederra baino ez da, ez da hiritarra, ez dauka eskubiderik)

Gizakiaren heldutasuna lortzeko arrazoimenak bere posibilitate eta mugak ezagutu eta onartu beharko ditu. Honi eskaintzen dizkio Kantek bere ahaleginak eta zentzu honetan ikus daiteke dogmatismo metafisikoa eta eszeptizismoa gainditzeko asmotan eraikitzen duen filosofia: filosofia kritikoa. Kanten filosofiak Ilustrazioak proposaturiko arrazoimenaren kritika osoki betetzen du:

  • Arrazoimen Hutsaren Kritika (zer ezagutu dezaket?),
  • Arrazoimen Praktikoaren Kritika (zer egin dezaket?) eta
  • Judizioaren Kritika (zer espero dezaket?)

Helburua arrazoia bera epaitzea da, arrazoiak berak bere ahalmen eta mugak ezagut ditzan. Arrazoiaren epaiketa kritikoan arrazoia bera da epailea eta epaitua, zeren ez baitago eginkizun hau bete dezakeen besterik. Ideia honetan garbi sumatzen da arrazoiaren autonomiaren printzipioa: arrazoiak kanpoko edozein autoritate edo gidaritza baztertuko du bere buruaren epaile bakarra izateko.

epaiketaKritikoa

Arrazoi hutsaren kritika

Arrazoi hutsaren kritikan, ezagutza teorikoaren mugak ezartzen ditu: arrazoia, arrazoia beraren epaimahaiaren aurrean jartzen da, ezagutza objektiboaren baldintzak aztertu ondoren ukatu egiten ditu metafisikaren asmakeriak. Metafisika ez da zientzia bat, arrazoiak ba du muga bat bere erabilera teorikoan, muga hori esperientzia sentikorra da eta hura gainditu nahi izateak sarritan gertatutako errore eta hutsegiteak eragiten ditu.

Ezagutza teorikoan, bakarrik matematika eta fisika zientziari dagokion orokortasuna eta beharrezkotasunaz jantziak daude. Beraz, Hume-n kontra, Natura, kausalitatearen baldintzari lotua agertuko zaigu (determinista). Kantek, ez du esaten, “kausalitatea” naturan dagoenik -horretan ados dago Humerekin-, “kausalitatea” subjektuak jartzen duen kontzeptu hutsa da.

Enpiristek objektua erdigunean jarriz, behaketak egiten zituzten, baina objektuari buruzko ezagutza kontingentea da. Kantek “Iraultza kopernikarra” deitu zion ezagutzaren ardatz irauliari: subjektua jarriko du erdigunean: kausalitatea ez dago objektuetan, subjektuak jartzen du.

Subjektuaren iraultza kopernikarra

Arrazoi praktikoaren kritika

Arrazoi praktikoaren kritikan jorratuko duen gaia giza kontzientzia morala da. Ezagutza teorikoan lekurik ez zuen askatasuna, kontzientzia moralaren baldintza da. Beraz, arrazoimen praktikoari dagozkio gizakiak planteatzen dituen funtsezko arazoak. Sineskera ezberdinek lortu ezin izan zuten moraltasun unibertsala moralaren autonomiak lortuko du inperatibo kategorikoaren formaltasunean oinarrituz. Arrazoimenaz soilik baliatuz bere buruari ezarri dion legea bete beharrak, gizarte ordena berri eta hobea eragin dezake. Gizakiak legegile-kideak izango dira, eta gizakiaren funtsezko ezaugarriak diren arrazionaltasuna eta moraltasuna, zuzenbide gisa agertuko dira konstituzio errepublikarran, gizakien elkarrekiko ekintzak arautuko dira batasun eta koherentziaz burutu daitezen. Moral autonomoa da gizakiari bere helburua betetzeko agindua ematen dio, naturaz gain dagoen gizatasunaren helburua dena, makina bat baino gehiago den izakia askearen duintasuna.

Aurreko bi kritika horiek bereizketa bat ezarri dute:

  • naturaren arloa, gertakariek determinatzen dituzten legeek zuzendua (beharrezkoak); eta
  • askatasunaren arloa, gizakiaren ekintza askea ahalbidetzen duena, aukeratzeko posibilitatea zabaltzen duena.

Bi arlo horiek ez daude kontrajarriak: bi maila ezberdinetan kokatzen direlako. Baina hori ez da nahikoa eta bien arteko erlazioa planteatzen du Kantek: askatasuna giza ekintzetan adierazten da, baina ekintza horiek naturan kokatzen dira (ez ahaztu natura determinista dela, kausa eta ondorioren arteko erlazio zehatza azaltzen du).

Judizioaren kritika

Judizioaren kritikan naturaren helburuaren nozioa sortzen da: ikuspuntu mekanizista batetik ez du erantzunik zertarako diren gauzak. Baina gertakarien jarraipenari (kateari), helburu baten erreferentzian dagoen zentzua eman ahal zaio. Ideia honekin esperientzia sentikorretik kanpora jotzen dugu, baina nahiz eta ezagutza teorikoaren errealitate objektiboarekin ez egokitu, gizakiak gertakariei buruz eta bere bizitzari buruz hartzen duen jarrera da, bere ezagutzaren osagabetasunaz jabetzen denean. Beraz, nahiz eta gertakariei buruzko ezagutzatik kanpo geratu, helburu hori gizakiaren ahalmen sortzaileari dagokio eta ezagutzaren bidean aurrera egitera bultzatzen du (bai ezagutza teorikoan baita praktikoan ere). Honela ideia honek ahalbidetzen du natura mekanizista eta askatasunaren arteko erlazioa: kontsidera daiteke naturak zentzua hartzen duela gizakiarekiko erreferentzian, eta gizakia subjektu moraltzat hartzen den neurrian naturaren helburua bere arrazoimenaren askatasuna dela.

“Zer da ilustrazioa galderari erantzuna” artikuluaren azkeneko hitzetan Naturak berak, bere garapenean gizakiari eskaini dio askatasunaren eremu hori: arrazoimen praktiko autonomoaren eremua hain zuzen:

“Zeren, naturak ardura eztien duen hazia –pentsamendu askerako gizakiak duen joera eta bizibidea, alegia- azal gogorpetik gararazi duenean: hazi horrek berak apurka-apurka herriaren pentsamoldera zabaltzen baitu eragina (herria poliki askatasunez jarduteko gero eta gaiago bihurtzen delarik), bai eta gobernuaren printzipioetara ere, zeinak onuragarri deritzon orain makina bat gehiago den gizakiari zor zaion duintasunaz jokatzeari” …

Historian eta gizartean garatzen den subjektu moral honek aurrerapena eta ilustrazioa gauzatzea aurrerapena eta ilustrazioa gauzatzea du helburu. Zehatzago: betirako bakean biziko den gizarte kosmopolita sortzea!!. Txalotu dezagun.

 

< Kant: Hiru galdera eta bizitza bat

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena