empiriracio

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Ezaugarri Komunak

Ilustrazioaren oinarrian, XVII mendeko bi joera filosofiko aurki daitezke: arrazionalismoa eta enpirismoa: Argien Mendea behar bezala ulertzeko beharrezkoak dira, elkarren aurka jokatu baitzuten Kanten pentsamenduarekin filosofia berri bati hasiera emanez.

Arrazionalismoa, filosofiaren testuinguruan, XVII. mendean Europan Descartesen eskutik sortu zen korronte filosofikoa da. Aldi berean, Ingalaterran Locke aitatzat duen beste mugimendu bat garatu zen: enpirismoa. Tradizionalki, arrazionalismoa eta enpirismoa kontrajarri egin izan dira, baina bi mugimendu horien artean, askotan azaltzen dena baino ezaugarri komun gehiago dituzte. Hona hemen nagusiak:

  • Biek Greziako filosofoen artean dituzte aitzindariak, nahiz eta modernitatearen ezaugarriak oso bestelakoak diren. Platonen epistemologia eta metodo dialektikoa, besteak beste, antzinako arrazionalismoaren zantzutzat har litezke. Aristotelesek adimenaz duen tabula rasaren kontzepzioa eta abstrakziorako metodo induktiboaren teoria, aldiz, oinarrizko enpirismoaren ezaugarriak kontsidera daitezke.
  • Bai arrazionalismo modernoarentzat eta baita enpirismo modernoarentzat ere, epistemologia (ezagutzaren arazoa) erdiguneko gaia bihurtu zen. Ezagutzeko prozesuari buruzko gogoeta oinarrizko abiapuntua izan zen, arrazoimenaren ahalmena norainokoak den zehaztu ahal izateko.
  • Bi ikuspegiek errealismo sinplea gainditzen dute. Ikuspegi errealistak ez du inoiz zalantzan jarri gizakiak errealitatea den bezala ezagutzen duenik. Arrazionalismoak eta enpirismoak, berriz, zalantza hori plazaratu, eta erantzuna ematen diote: gizakiak errealitatea zeharka baino ezin du ezagutu, geure ideien edo adimenaren errepresentazioen bidez. Hau da, subjektua da ezagutzaren abiapuntua, eta ez errealitatea bera.
  • Aurrekoaren ondorioz, bi korronteek honako aztergai konplexuari eta sakonari aurre egin beharko diote: zein da subjektuaren beraren ekarpena errealitatearen ezagutza-prozesuan eta zein dira ezagutzaren posibilitateak eta mugak?
  • Ezagutza-prozesuetan erabili beharreko metodoaren arazoa planteatzen zaie bi korronteei: Nola egin behar da lan, filosofian eta ugaritzen ari diren zientzia partikularretan? Galdera horri ez zioten erantzun bera eman arrazionalistek eta enpiristek; baina bai batzuen zein besteen ustez, ezagutzaren garai berri bat hasten ari zen: etorkizunari luzatzen zitzaion ikusmolde baikorra. Edozein zela ere, zientziaren metodo berriak ez zion lekurik utzi behar zalantzari edota ziurtasun ezari.

Arrazionalismoa

Descartes (1596-1650): Pentsatzen dut, beraz ba naiz

Arrazionalismo modernoa XVII. mendearen lehen erdian sortutako korronte filosofikoa da, Descartesen (1596-1650) eskutik.

Descartesek iritzi-aniztasun handiegia eta zehaztasun falta sumatu zituen bere hezkuntzan, eta egoera horri amaiera emateko erabakia hartu zuen. Horrela, inola ere zalantzan jar ez zitekeen zerbait ba ote zen galdetu zion bere buruari. Horrelakorik aurkituz gero, horixe litzateke jakinduria osoaren abiapuntu ziurra.

Lan horri ekinda, substantzia pentsatzailean (res cogitans) aurkitu zuen egia ebidentea: «pentsatzen dut; beraz, banaiz» («cogito ergo sum») bere esaldi ospetsuak hori esan nahi du: pentsatzen ari naizenez, derrigorrean izan behar dut zerbait. Eta horrek ematen dit ni zer naizen ezagutzeko abiapuntua: pentsatzean datzan zerbait naiz (res cogitans).

Abiapuntu hori ziurtasun osoz finkatu ondoren, Descartesek Jainkoaren (res infinita) eta mundu fisikoaren (res extensa) existentziak deduzitu zituen. Substantzia horiek erabat autonomoak direla zioen; hau da, lege desberdinek zuzentzen dituztela bata, bestea eta bestea. Horrek esan nahi du errealitate fisikoan ez dagoela beste substantzien interbentziorik; beraz, modu mekanikoan funtzionatzen duela (mekanizismoa).

Hurrengo pausoa hiru substantzia mota horiek ezagutzeko metodo egokia aurkitzea zen: abiapuntu ziurretatik abiatuta ezagutza berriak erabateko ziurtasunez lortzeko balioko zuen metodoa. Baldintza horiek betetzen zituen eredua matematikaren metodo deduktiboan aurkitu zuen. Matematika axioma ziur eta ebidentetatik abiatzen da, eta arazoak elementu sinpleenetan banatuz analizatzen ditu; eman behar den pauso bakoitza ebidentea da, ezer faltsurik ez izateko.

Arrazionalismoa: Ezaugarri nagusiak

Descartesen hausnarketan arrazionalismoaren funtsa dago:

  1. Giza arrazoimenean erabateko konfiantza. Arrazoimena gizakiak egia aurkitzeko duen fakultate bakarra da. Hori da ezagutza berri fidagarriak lortzeko eta lortutakoa baieztatzeko erabili behar den bidea. Erdi Aroan hainbesteko garrantzia izan zuen fedearen eta arrazoimenaren arteko oposizioari arrazoimenaren balioa nagusitu zitzaion, eta sentipenek sortzen dituzten ilusioei eta iruzurrei kontrajarri zitzaien.
  2. Jatorrizko ideien existentzia. Platonek irekitako tradizioari jarraituz15, arrazionalistek zioten egiaren oinarri diren edukiak edo ideiak dituela giza adimenak. Ezagutza, beraz, a priorizkoa da: adimenean jatorrizko izaera duten ideia horietatik abiatuta, eta metodo deduktiboa erabiliz, zalantzarik gabeko egietara iritsiko da arrazoimena. Ezagutza horiek guztiak biltzean garatuko da jakinduriaren eraikuntza osoa. Beraz, adimena ez da biltegi hutsa edo tabula rasa, enpiristek esaten zuten bezala. Jatorrizko ideien ezaugarri nagusia sinpletasuna da; argiak eta bereiziak dira: ebidenteak.
  3. Izaera matematikoa duen metodoa. Matematikak erabiltzen duen metodo axiomatiko deduktiboa bereganatzeak bi helburu ditu arrazionalistentzat: batetik, akatsak saihestea; bestetik, zientzia guztiak eredu eta hizkuntza sinboliko bakarrera eramatea (Mathesis Universalis).
  4. Gizakiaren ikuspegi dualista. Descartesek bereizitako hiru substantzien izaera guztiz desberdina izanik, gizakia bi alderdi autonomoz osatuta dago: gorputza (res extensa) eta arima (res cogitans). Arima nigandik bereizezina da guztiz. Bera da nire pentsatze kontzientea; gizakiaren benetako nia. Gorputza, aldiz, gizakiaren parte da bizirik dirauen bitartean; alabaina, gorputzaren papera bigarren mailakoa da, bere kasa funtzionatzen du, automata gisa, mundu fisikoaren legeek zuzenduta. Bi substantzia horien artean dagoen harremana oso txikia da (Descartesek zioen epifisiaren bidez gauzatzen dela, baina erlazio hori ontzi baten eta pilotuaren artean dagoena baino askoz handiagoa ez dela).
  5. Mekanizismoa. Arrazionalista gehienen paradigma zientifikoa izan zen, guztiek ontzat eman ez bazuten ere. Descartesen arabera, errealitate fisiko guztia inolako helbururik ez duen tresna mekaniko baten moduan ulertzen da. Fenomenoak espazioko objektu materialen arteko talkez gertatzen dira, eta ez dago ez indar ezkuturik ezta distantziara eragiten duenik ere. Unibertsoa, beraz, kuantitatiboki azter eta deskriba daitekeen mekanismo erraldoi baten antzekoa da.

Enpirismoa

Enpirismoa Ingalaterran XVII. mendean sortutako pentsamendu-korrontea da. Garrantzi handikoa da bi arlotan egindako ekarpenengatik: batetik, zentzu askotan arrazionalismoari kontrajartzen zaion epistemologia garatu zuten, zentzumen-esperientziaren baliozkotasunean oinarrituta; bestetik, planteamendu politiko berrien ekarpen erabakigarria egin zuten (modernitatearen proiektu ilustratuan oinarrizkoak izan ziren).

Locke (1632-1704) enpirismo modernoaren sortzailetzat

Dena den, Aristoteles, estoikoak, Tomas Akinokoa, Ockham edo Francis Bacon planteamendu epistemologiko horren aitzindari gisa aipa litezke, besteak beste. Hala ere, Hauek dira enpirismoak ezagutzaren arazoaren inguruan mantentzen dituen tesi nagusiak:

  1. Ezagutza guztiak esperientzian hasten dira
    Zuzeneko behaketan ezagututakoari deitu zioten esperientzia, nahiz kanpoko objektu sentikorretakoa (kanpoko esperientzia edo sentipena) izan, nahiz psikearen barruko operazioak izan (barne-esperientzia edo hausnarketa). Esperientzia, beraz, pertzepzioa da. Lehenengo tesi hori onartzeak jatorrizko ideien existentzia ukatzera behartzen du. Adimenean dauden ideia guzti-guztiek pertzepzioetan dute jatorria eta «adimena ez da bere kabuz ideia originalik sortzeko gai».
  2. Gizakiaren ezagutza ez da mugagabea, esperientziak ere mugak baititu
    Bigarren tesia ere arrazionalismoaren kontrakoa da: arrazionalisten ustez, metodo egoki bat aurkituz gero, arrazoimena dena ezagutzera irits liteke; ez du aldez aurreko inolako mugarik. Enpiristek, aldiz, aukera hori ukatu egiten zuten: «ezin daiteke joan esperientziatik haraindi». Ondorioz, filosofiaren eremua asko murriztu zuten. Eta ezagutzaren ziurtasuna ere oso murriztua gelditu zen.
  3. Ezagutza ideien ezagutza da
    Enpiristak ados daude arrazionalistekin puntu honetan: adimenak ez ditu gauzak berak ezagutzen, haietaz ditugun ideiak baizik. Horregatik, hain zuzen ere, eman zieten enpiristek hainbesteko garrantzia ideien arteko erlazioei, gizakiaren mekanismo psikologiko guztiak haien bidez esplikatu nahian.
  4. Arrazoimenaren kontzepzio berria: enpirikoa
    Esperientzian hasi, oinarritu eta bukatzen den arrazoimena. Arrazionalismoak matematikaren metodo deduktiboa eredutzat hartu bazuen, enpirismoak iraultza zientifikoaren beste ildotik jo zuen eta zientzia esperimentalek garatua zuen metodo induktiboa eredutzat hartu zuen, gertakarien egiaztatzearen bidez ezagutza lortu nahian.

Hala ere, arrazoimena gizakiaren bizitzarako gida bakarra bada, helburu praktikoa izan behar du. Ondorioz, arazo moral, politiko, erlijioso, pedagogiko eta abarretara dedikatu ziren enpiristak. Eta metafisika, zientzia gisa, ezinezkoa zela esan zuten. Lehenengo aldiz, arrazoimena arrazoimen kritikoa da.

Eszeptizismoa: Hume (1711-1766) iratzargailu anti-dogmatikoa

Pentsamendu enpirista bere azken ondorioetaraino eraman zuen pentsalaria. Hume-n lanak irakurtzeak esnarazi zuen Kant amets dogmatikotik, Kantek berak aitortzen duenez.

Hume-ntzat, ezagutza ziurra matematikak bakarrik eskaintzen du; baina ziurtasun hori ez dator matematikaren barneko logikatik, gizakiarengan dauden lege psikologikoetatik baizik, antzekoak diren gauzak elkartzeko joera baitu gizakiak (psikologismoa).

Fisikari dagokionez, ordea, zientzia probable bat baino ez dela dio. Fisika efektuak sortzen dituzten kausei buruzko zientzia da, baina, zein da efektuaren eta kausaren arteko konexioaren izaera? Esperientziak dio gertakizun bati beste batek jarraitzen diola. Horrela ikus daiteke “Mr Nobody” filme hasieran. Azaltzen dena Skinneren esperimentu famatua da, “Usoaren superstizioa”deritzona.Gure galdera, “zergatik?” edo gertaera baten kausa da:

Antzeko zerbait da Humek diona: esperientziak gertakizun isolatuak bakarrik jasotzen ditu; eta elkarren arteko konexioa itxurazkoa da, ordena horretan ikusteko ohituraren ondorioa baino ez.

Beraz, usoak “pentsatzen” duen moduan, kausa batek (hegoak mugitzea), efektu bat dakarrela (janaria agertzea), guk ere pentsatzen dugu bigarren bola -beltza- lehenengoak eragiten dion indarraren efektuz mugitzen dela, edo bola zuriak kausatzen duela mugimendua. Nola froga dezakegu? hamaika mila aldiz esperimentu hau egin eta gero, oraindik ez dugu behin ere ez lortuko etorkizunari buruzko inpresiorik; denbora makina asmatzen ez den bitartean, hau ezinezkoa baita. Hume-k dio fisika urrutiegi doala bigarren gertakizunak lehenengoari derrigorrean (beharrezkotasunez) jarraitu behar diola suposatzen denean, gizakiak ezinezkoa baitu konexioaren esperientzia (hau da, ideia hau ez dagoelako inpresioetan oinarritzerik).

Fisikak, orduan, iraganean elkarrekin suertatu ziren gertakizunez hitz egiten du, baina ez etorkizunari buruzko a prioriko ziurtasunaz edo beharrezkotasunaz. Ondorioz, eratu beharreko legeak probableak izango dira, ez beharrezkoak. Ondorioa larria da: Newtonen teoria beharrezkoa dela ezin dugu frogatu, ohitura edo sinesmen antzeko bat soilik dugu haren oinarrian. Hau onartu ezkero, kontuz dentistarengana zoazen hurrengoan.. behar bada anestesiak ez dizulako ohiko efektua egingo!!!

Hume-n kontrako teoria, munduko edozein gertaera kausa batez azaldu daitekeela dioena, arazotsua da ere; gertaera guztiak beharrezkotasunaz loturik baldin badaude, gizakiaren askatasuna ukatzen baita: erabakitzea ez litzateke posiblea izango guztia aurrez ezarria egongo litzatekelako, Greziako atomistek ikusi zuten moduan. Ideia hau Matrix filmean agertzen den arazoetako bat da.

Kantek, Hume-n ideiak onartuz Metafisika zientzia ez dela baieztatu zuen, baina matematika eta fisika hutsa onartu zituen. Nola? Justifika daiteke gizakiaren askatasuna beharrezkotasunez josia dagoen mundu fenomenikoan? Kantek beharrezkotasuna eta askatasuna, biak, salbatuko ditu. Nola? Aurrerago ikusiko dugu

Ez dago munduaren ziurtasuna bermatzen duen ezer, baina zentzugabekeria litzateke, eta bizitzaren kontrakoa gainera, mundua ukatzea. Egokia da, beraz, ziurra balitz bezala jokatzea maila praktikoan. Gure ahalmen psikikoen azterketaren ondorioz, munduaren existentziari buruzko eszeptizismo moderatua onartzen du Hume-k. Enpirista guztiak ez zeuden horrekin ados. Berkeley-k, adibidez, arimaz edo adimenaz kanpoko mundu materialaren existentzia ukatzen zuen: oinarri enpirikoa duen idealismo hutsa.

Arrazionalismoa vs enpirismoa: Konparaketa koadroa

ARRAZIONALISMOA ENPIRISMOA

Filosofoak

Descartes, Spinoza, Leibniz, Wolff

Locke, Berkeley, Hume,

Ezagutzari buruzko kontzeptua

Subjektuak ezagutza eraikitzen du: adimenak ideiak ezagutzen ditu (ez gauzak) eta ideiak erlazionatzen ditu

Ideien jatorria

Jatorrizko Ideiak daude

Sentimenetan dute jatorria

Arrazoimena

Funtsezko eginkizuna du ezagutzean

Dogmatikoa (mugarik gabekoa)

Kritikoa (bere mugak eta ahalmenak aztertu behar ditu)

Esperientzia

Gutxiesten du (sentimenen bidezko informazioa engainagarria eta mugatua da)

Esperientzia ezagutzaren jatorria eta muga da

Egiaren irizpidea

Nabaritasun arrazionala

Esperientzia: egiaztatze enpirikoa

Metodoa

Deduktiboa
(eredu matematikoa)

Induktiboa
(natur zientzietako eredua)

 

Begoña Olaziregi Salaberria; Filosofia: 5 filosofo. Gabirel Jauregi Batxilergorako materialak

< Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena