Kant_sentimena

Zer ezagut dezaket?

Metafisika, zientzia, arrazionalismoa eta enpirismoa

Kanten abiapuntua Zientzia da. Ezin da Galileok hasitako eta Newtonek garatutako natur legeen izaera beharrezkoa zalantzan jarri. Ez du kuestionatzen, beraz, zientzia posiblea ote den, interesatzen zaiona da zientzia nola den posible jakitea. Ezagutza zientifikoa ziurra eta egiazkoa egiten duten baldintzak zeintzuk diren zehazten saiatzen da.

Bere garaiko arrazionalismoak ezin zuen zientzia berrien oinarri egoki bat eman, eta izpirituez ere hitz egitea baimentzen zuen metafisika antzu bat jarraitzen zuen. Honen aurrean, eszeptizismoan erori, egiaren oinarritzapenaz etsi eta filosofia alde batera utzi beharrean, Kantek lehenaldian noizbait zientzien erregina izan zen metafisika berritzeko asmoa mantendu zuen” (1) . Metafisika, arrazoi hutsaren bidez eraikia izan da oso osorik, hau da, esperientzia sentigarriaren inolako daturik erabili gabe, eta gure esperientziatik kanpo dauden arazoez arduratu da, hala nola, arrazionalisten Jainkoa, arima edo unibertsoa. Kantek metafisikari buruz galdetzen du: Posiblea den edo ez, zientzia izaera har dezakeen edo ez. Metafisikak bi ezaugarri ditu zientzietatik oso ezberdinak direnak:

  • Zientzian aurrerapenak ematen diren bitartean, Metafisikan kontrakoa gertatzen da; arazo berberak planteatzen dira Platonen garaitik.
  • Zientzian emaitzen eta zientzialarien adostasunak ematen diren bitartean, Metafisikan desadostasunik sakonena gertatzen da.

arrazionalismoa_eta_enpirismoa_Kantengan

Kantek arrazionalismoa eta enpirismoa analizatzen ditu, garaian ezagutzaren azalpena ematen saiatzen diren sistema kontrajarriak. Biei giza arrazoimenaren aurre-analisia egin ez izana leporatzen die: «Asko pentsatu duzue orain arte, baina ziurrenik zuen pentsatze horretaz ez duzue gogoetarik egin».

Kanten gaurkotasuna ez datza hainbeste bere filosofiaren eduki konkretuetan, baizik eta garatu zuen filosofiaren metodo berrian. Metodo horrek enpirismoa eta arrazionalismoa bildu nahi zituen, esperientzia eta logika elkartzeko ahalegin izugarria egiten du; izan ere, «pentsamenduak edukirik gabe hutsak dira, begiespenak adigairik gabe itsuak dira». Esperientziatik hasten gara, baina gure esperientzia ez da orain eta hemen egiten dugun esperientzien batuketa soila. Bestalde, adimena beharrezkoa da, baina adimenak bere kabuz ekiten duenean airerik gabe hegan hobeto egingo lukeela uste duen usoaren antzera ari da (ondorioz, lehengo Psikologia, Kosmologia eta Teologia razionalak ez dute inolako bermerik).”(2)

Arrazionalismoari: “Pentsamenduak edukirik gabe hutsak dira”

Kantek arrazionalismoa “dogmatismo” bezala joko du. Arrazionalistek (Descartes, Leibniz, Spinoza, Malebranche, Wolf ..) Arrazoiak berak bakarrik egia absolutua ezagutu dezake, bere baitan dauden jaiotzetiko ideietan abiatuz (Nia, Jainkoa, eta Mundua). Esperientziaren bidez lor dezakegun ezagutza -engainagarria eta mugatua dena- mesprezatu zuten, zentzumenak fidagarriak ez direlako. Arrazoimenaz soilik fida gaitezke, Arrazionalismoarentzat subjektuarengan dago ezagutzaren sorburu eta oinarria, eta esperientziaren menpe ez dauden ideia horietan abiaturik beste guztia ondorioztatzen saiatu ziren.

Metodo deduktiboa eta Matematika dira zientziaren eredua: ziurtasuna, zehaztasuna eta argitasunaz gain, dedukzioaren bidez beharrezkoak diren ondorioetara iristen delako. Arrazionalistek, jatorrizko ideietan oinarriturik, arrazoiaren bidez errealitate osoa deduzitzen saiatu ziren bere sistema metafisikoetan. Kantek kritika falta, eta guztiz hutsak diren kontzeptuetan oinarritutako sistema filosofikoak eraiki izana leporatzen die: “Pentsamenduak edukirik gabe hutsak dira”
Kantek ez du onartzen arrazionalisten dogmatismoa, ezta enpiristen eszeptizismoa ere.

Enpirismoari: “Intuizioak kontzepturik gabe itsuak dira”

Enpirismoa arrazionalismoaren dogmatismoaren kontrako erreakzio bezala sortu zen (Locke, Berkeley, Hume…). Humek bere “amets dogmatikotik” esnatu ziola dio Kantek, Humekin ezagutzak esperientzian hasi behar dela argi dauka, baina hala ere esperientzia hutsaren bideak eszeptizismora daramala konturatzen da. Enpiristentzat edozein ezagutzaren abiapuntua esperientzia da: “Ez dago ezer adimenean zentzumenetik pasa ez dena”, horregatik arrazionalisten jaiotzetiko ideien aurkako tesia baieztatzen dute, hara, gizakia, jaiotzean zuriz dagoen orri bat dela (Tabula rasa). Objektuaren sentimenezko esperientziatik kanpo dagoena ezagutezina da.

Zientziaren eredua Fisika da. Dedukzioaren balioa onartu zuten logikan eta matematikan, baina naturari buruzko ezagutza lortzeko metodo induktiboa ezinbestekoa ikusi zuten. Humek edozein ezagutza metafisikoa ukatzen zuen, eta are gehiago, lege zientifikoen izaera beharrezkoa zela ere. Lege naturalek gertaerak era horretan jasotzeko probabilitatea ziurtatzen dute. Beharrezkotasuna ohituraren ondorioa baino ez da.

Metodo Transzendentala: ezagutzaren baldintzak

Ezagutzaren azterketa honetan bere abiapuntua zientzia da, ezagutza zientifikoa posible egiten duten baldintzak eta oinarriak analizatzea eta ondoren, Metafisikaren arloan baldintza eta oinarri horiek ematen diren edo ez argituko du.

Kantek ezagutza ahalgarria egiten duten baldintzen analisian zientzia aztertzen du. Zientzia judizioez (baieztapen eta ezeztapen) osaturiko jakintza da. Zientziaren judizioek hiru baldintza bete behar dituzte:

  • Gure ezagutza zabaltzea (ez genekien zerbait erakustea) – judizio sintetikoak
  • Beharrezkoa izatea (horrela ez izateko posibilitaterik ez egotea) –apriorizko judizioak
  • Unibertsala izatea (kasu guztietan gertatzea) – apriorizko judizioak

judizio motak

Aurrekoa ikusita, zientziaren judizioak a priorizkoak eta sintetikoak izan behar direla ondorioztatuko du, eta horren arabera arrazoia emango die bai arrazionalistei, bai enpiristei, bakoitzari bere eran. Kantek ondorio hori atera baino lehen judizio motak sailkatzen ditu. Bi irizpide daude: judiziotan esperientziak nola jokatzen duen, eta judizioaren barne egitura, hau da, subjektu eta predikatuaren erlazioa (S P da enuntziatuetan)

Esperientziak ezagutzan jokatzen duen paperaren arabera: A priorizkoak eta A posteriorizkoak

  • A priorizko judizioak: esperientziatik ez datozenak, esperientzian oinarritzen ez direnak, beraz judizioak dioena frogatzeko ez da esperientziara jo behar, eta beharrezkoak eta unibertsalak dira. Adibidez: Bi gehi hiru berdin bost.
  • A posteriorizko judizioak: esperientziatik datozen elementuetan oinarrituak, judizioak dioena egia den jakiteko esperientziara jo behar da. Adibidez: Ilargiak 28 eguneko zikloa betetzen du

Subjektu-predikatu erlazioaren arabera: analitikoak eta sintetikoak dira

  • Judizio analitikoak: Predikatuak dioena ez dio ezer gehitzen subjektuak dioenari; Beharrezkoak dira baina ez dute informaziorik gehitzen. Adibidez: triangeluak hiru alde ditu
  • Judizio sintetikoak: Predikatuak dioena ez dago subjektuaren izaeran, beraz, informazioa gehitzen du eta ezagutza zabaltzen dute. Adibidez: Kantek Descartes baino buru-hezur handiagoa zuen

Beraz: Zientziaren judizioak a priorizko judizio sintetikoak izan behar dira:

  • A priorizkoak (arrazionalismoarekin bat eginik), beharrezkotasuna eta unibertsaltasuna eskaintzen dutelako, eta
  • Sintetikoak (enpiristekin bat eginik), ezagutza zabaltzen dutelako.

Ezagutza: sentimenak jasotako materialari subjektuaren a priorizko formak aplikatzean gertatzen da

Kantek, ezagutzan funtsezko bi elementu bereizten ditu: Ezagutzaren materia esperientziak emandakoa da, baina forma subjektuak jartzen du. Ura eta berari forma ematen dion ontziarekin konparatzen du Kantek:

  • Materia: Edozein ezagutzaren lehengaia, kanpotik etortzen zaigunaz osaturik dagoena (sentimenaren datuak). Sentimenek emanikoa da. Sentimenen materia gordina, formarik gabekoa (ura bezala), ez da oraindik ezagutza.
  • Forma: ezagutzen duen subjektuak jarritako “a priorizko” elementuak dira. Formak, berez, hutsak dira, ontzia edo edalontziaren moduan.

Kantek arrazionalismo eta enpirismoaren arteko sintesia egiten du

Edozein ezagutzatan:

  • Arrazionalismoaren aurka: esperientziatik datorren “materia” guztiz beharrezkoa da. Gizakia pentsatzen hasteko zerbait etorri behar zaio kanpotik. Lehendabizi sentimenak kanpokoari buruzko inpresioak jasotzen ditu. Zentzu honetan pasiboak edo hartzaileak gara.
  • Enpirismoaren aurka: Esperientziatik ez datozen forma batzuk existitu behar dira, subjektutik datozen elementuak. Hau da, Sentimenaz gain, badago zerbait gehiago: ezagutzen duen subjektuak, guk, jartzen duguna. Zerbait gehiago hori a priorizko formak dira, hauek sentimenen bidez jasotakoa bateratzea, antolatzea eta elaboratzea ahalbidetzen digute.

Iraultza Kopernikarra

Iraultza kopernikarra

Ezagutza azaltzeko era berri hau Kopernikoren Unibertsoari buruzko teoriarekin konparatzen du Kantek. Ordura arte, Unibertsoaren erdigunea Lurra zen eta denak beraren inguruan biratzen zuen. Kopernikok, Eguzkia erdian kokatzean eta Lurra bere inguruan biraka jartzean, hipotesi iraultzaile bat egin zuen. Era berean Kanten teoria agertu arte gure ezagutzak gauzen inguruan biratzen zuela pentsatzen zen, ezagutzen dugun objektuaren inguruan.

Hemen Kopernikoren lehen pentsamenduekin bezala gertatzen da: izarren armada osoa ikuslearen inguruan jiraka zebilela suposatuz zeruko higiduren azalpenean aurrera egin ezin zuenez gero, orduan saiatu zuen ea ez litzatekeen hobe izango ikuslea jirarazi eta izarrak geldirik utziko balitu.

Gauzak dira subjektuaren ezagutzeko moduari egokitu behar zaizkionak. Giza subjektua da ezagutzaren protagonista, eta ez gauzak. Ezagutza giza subjektuak eraiki eta laboratzen du bere arrazoimenaren baldintzen (apriorizko formak) arabera.

“Kanten metodoa transzendentala da, hau da, esperientziaren baldintzez galdetzen duena. Aurrerantzean arazoa ez da izango gauzak nolakoak diren, baizik guk nola ezagutu ahal ditugun; izan ere, ez dago subjektua gauzen mende, baizik eta haiek daude subjektuaren ekimenaren baldintzen mende” (3).

Zientzia, eraikuntza bat?

ARRAZOI_HUTSA

Ezagutzaren a priorizko baldintzen azterketan (“analisi transzendentala”) Kantek ezagutzaren ahalmenak aztertuko ditu: sentimena, ulermena (edo adimena) eta arrazoimena.

Ezagutzaren ahalmenak

A priorizko formak

Zientzia

Arrazoimen hutsaren kritika” Liburuaren atala

Sentimena Espazioa eta denbora Matematika Estetika Transzendentala
Ulermena (adimena) 12 kategoriak Fisika Analitika Transzendentala
Arrazoimena Nia, Mundua, Jainkoa Metafisika Dialektika Transzendentala

Sentimena

Sentimenaren a priorizko formak espazio eta denbora dira. Beraiei esker, sentimenen inpresio sentikorrak antolatu eta, fenomeno bihurtzen dira. Gauzak, beraz, esperientziaren bidez iristen zaizkigu. Baina ez zaizkigu iristen berez diren bezala (noumeno), baizik eta beraien “itxuren” edo “agerpenaren” arabera. Gauzen noumenoa guztiz ezezaguna zaigu. Mundua gertatzen diren fenomeno multzo bat bezala ezagutzen dugu.(fenomeno= agertzen zaidana; φαινόμενoν: ‘itxura, agerpena’) gauzek gure zentzumenen aurrean agertzen dutena; hots, gauzez dugun lehen kontaktua, esperientzia izena ematen zaiona)

Ulermena (adimena)

Ulermena sentimenezko intuizioaren bidez ematen zaiguna judizioetan elkartzeko gaitasuna da. Ezagutzeko, adimenak kontzeptuak erabiltzen ditu, hala nola, “etxearen kontzeptua”, “mendiarena”, e.a. Hauek “a posteriori” laboratutako kontzeptuak dira, hau da esperientziari esker lortutakoak. Baina adimenaren kontzepturik garrantzitsuenak “a priorizkoak” dira. Kategoriak deitu zituen Kantek eta guztira 12 dira. Fenomenoak forma hauen arabera antolatzen ditugu.
Adibidez, “sustantzia” edo “kausalitatea” fenomeno zientifikoak antolatzeko beharrezkoak dira beraien arteko erlazio kausalak eratzeko. Kategorien bidez, fenomeno batzuk besteen kausa bezala ulertzen ditugu (adibidez, berotasuna-dilatatzea). Kontzeptu hauek hutsak dira, beraz beharrezkoa dugu esperientziatik datorren “materiaz” betetzea aplikagarriak izateko. Eta aplikatzean, mundua subjektuaren a priorizko forma hauen arabera antolatzen dugu.

Kantitatea

Kualitatea

Erlazioa

Modalitatea

Osotasuna

Errealitatea

Substantzia-akzidente

Posibilitatea/ezintasuna

Pluraltasuna

Ukapena

Kausalitatea

Existentzia/existentzia-eza

Unitatea

Mugatasuna

Disjuntzioa

Beharrezkotasuna/kontingentzia

Ondorioz, zientzia egitean, Galileo edo Newton ez zuten Naturan ezkutatuta zegoen zerbait deskubritu, baizik eta gauzen eta fenomenoen mundua ikusteko era berri bat eraiki zuten. Mundu hau, gizaki guztiek era berean ikusi eta ezagutzen dugunez, beharrezkoak diren legeez antolaturik eta arauturik agertzen zaigu. Baina gizakiak ez du lege naturalen “kopia” bat bere buruan jasotzen, gizakiak Naturari bere legeak “jartzen” dizkio.

Metafisika, ilusio bat?

Kategoria edo kontzeptu hutsak soilik esperientziak emandako fenomenoei aplikatu ahal zaizkie. Berez, egitura hutsak dira, sentimenetatik datozen datuekin bete egin behar direnak ontzia urarekin bete behar den moduan. Ezin zaizkie gure esperientziatik kanpo dauden arazo edo errealitateei aplikatu. Berotasuna gorputzen hedaketaren kausa dela esan dezakegu, baina ezin dugu esan Jainkoa munduaren kausa denik, kasu honetan “kausa” kategoria intuizio enpirikorik ez duguneko errealitate bati aplikatzen baitiogu.

Metafisikak sentimenen eremutik kanpo dauden errealitateak ezagutu nahi ditu. Giza arrazoimena, gure ezagutza guztiak bateratzeko nahian, Kantek “arrazoimenaren ideiak” deitzen dituen kontzeptu berezi batzuk sortzen ditu. Horrela, Mundua, Arima (Nia) eta Jainkoaren kontzeptuak sortzen dira eta gure ezagutza guztiak hauen azkeneko emaitzak balira azaltzeko joera daukagu. Zehaztuz:

  • Munduaren ideia gure kanpo esperientziaren fenomeno guztien azken kausa izango litzateke,
  • Nia edo Arimaren ideia gure barne esperientziaren fenomenoen azken erreferentzia, eta, azkenik,
  • Jainkoaren ideia barne zein kanpo fenomeno guztien azken kausa bezala joko genuke.

Arrazoimenaren ideia transzendental hauek errealitate horiek pentsatzea posible egiten digute (ez direlako kontraesankorrak), baina ezin dute bere ezagutza ahalgarria egin, eta gutxiago oraindik bere existentzia ziurtatu. Metafisika, zientzia bezala; ezinezkoa da, gure esperientziatik kanpo dauden errealitateak ezagutu nahi dituelako, eta errealitate horiei dagozkien fenomenorik, materiarik, ez daukagu. Metafisikak eraikitzen duena ezin da esperientzian ez baieztatua ez ezeztatua izan. Metafisikarekin zientzia egin nahi izatea dogmatismo edo ilusioan jaustea da.

Beraz, posibilitate bat geratzen da soilik Metafisikarentzat: arrazoimena beraren kritikaz arduratzea, hau da, bere mugak eta gaitasunak zehaztea.

(1) Ibon Uribarri, Immanuel Kant: bizitza eta filosofia, Donostia, Jakin 1997, or 38
(2) Ibon Uribarri, Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk, or 94
(3) Ibon Uribarri, “Immanuel Kant, gaur (1724-1804/2004)” artikulua. 2004 Jakin 145zk,or 94

 

< Arrazoimenaren Kritika

Zer egin dezaket? Etika Autonomoa >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza (Kontratu soziala)

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena