ilustrazioa_ERABILERA

Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua

Erlijioa eta politikaren arteko hartu emana zalantza ezina zen Ilustrazio garaia iritsi zen arte. Ilustrazioaren ideia berriekin bat eginez, Kantentzat erregearen boterea ez dator Jainkoarengandik, errege eta gizartekideen arteko kontratu adierazi gabekotik baizik.

Aztertzen dugun artikulua, Berlinische Monatschrift deritzon Alemaniako Ilustrazioaren zirkuluetako difusio aldizkarian agertu zen 1783an. Bertan J.F. Zöllner artzainak ezkontza zibilaren ezarpenaren aurkako ekarpen bat argitaratu zuen. Bere artikulua aurreko zenbaki batean ezkontza zibila defendatzen zuen artikulu anonimo bati erantzuten zion eta publikoari galdera bat luzatzen zuen ere: Zer da Ilustrazioa? Garai berriak ekarriko lituzkeen aldaketak zehaztu nahian galderaren garrantzia egiari buruzko galderarekin parekatzen zuen. Nazio batean eta bere erakundeetan tradizio erlijioso eta bizitza politikoaren arteko elkarbizitza kaltetu zezakeen Ilustrazioa ezarri baino lehen, “Ilustrazioa”-ren esanahia argitu behar dela zioen Zöllner-ek Zer da ilustrazioa galderari erantzunez.

koroa

Zöllner-en galderari erantzunez argia ikusiko du gure testuak. Horregatik, Kant erlijio-askatasunaz mintzatzen zaigu batez ere; hain zuzen, erlijio inposaketari buruz “tutoretzarik kaltegarriena eta duingabeena” deritzona. Ezin dugu ahaztu erlijioak monarkiarekin egindako “ezkontzan” biek irabazten dutela: erlijioak boteredunen fabore ekonomikoa, eta monarkiak beldurturik dagoen herriaren mantsotasun eta obedientzia.

Kant Prusiako Federiko II a eredu politiko bezala miresten du, hiritarrei erlijio kontuetan arrazoiaren erabilera publikorako-askatasuna utzi baitie. Arrazoi hori dela eta Ilustratua den printze honen alde agertzen da: ezkerrona eta laudoa zor zaizkiola dio, mendekoak adingabetasunetik irteten lagundu zituelako.

“Liberté”… Askatasuna eta arrazoimena

Mendeetan zehar zabaldutako aurreiritzi, tradizio, dogma eta sineskeriak nabarmentzen ditu Kantek: arrazoimenaren des-erabilpena salatuz, gizakia alferturik eta koldarturik “mantsotua” dagoen aberea dela dio; heteronomian, arduragabea, heldugabea, eta duingabea.

Pentsatzeko eta adierazteko askatasunak Ilustrazioa bideratuko du. Ilustrazioan sortuko da moraltasun autonomoa, eta agindu kategorikoarekin gizakiaren arrazoimenak abereen grinak ordezkatuko ditu. Ezinbesteko urratsa arrazoimenaren erabilera publikoa da; kritikaren bidez, tutoreen oin bilurrak kendu dituzten gizakiek burujabetasuna eta adin nagusitasuna demostratuko dute gizartearen hobekuntzarako proposamenak eginez.

Horretarako askatasuna beharrezkoa da:

  • Batetik, norbere iritzia ematea ez duela zigorrik izango ziurtatzeko, baina
  • Aldi berean, askatasunak kaosa eta desoreka soziala ekarriko ez duela ziurtatu behar du gobernariak.

Arrazoimenaren erabilera publikoa edozein inposaketatik libre dagoen jarduera kritikoa da. Askatasuna autonomia moralaren aurrebaldintza eta Ilustraziorako ezinbesteko baldintza da: erkidego kosmopolita eta gizadiaren azken perfekzio-estadiora heltzeko (Ilustrazio garaia) bidea da: jakintsu gisa hiritarrek daukaten betebeharra, hain zuzen ere.

Garrantzitsua da Kanten askatasunaren ideia ulertzea: legea betetzeko betebeharra. Rousseau eta Kanten proposamena gizabanakoaren joera pertsonalak betebehar moralarekin ordezkatzea da. Benetako askatasuna norberak bere buruari ezartzen dion legea betetzea da. Gizakia honelako pentsamendu askean jarduteko askatasunean hezia izan behar da, are gehiago, gobernuek gudan gastatzen duten dirua hezkuntzan erabiltzearen alde agertzen da Kant.

Testuko 5. atalean arrazoimenaren erabilera askea defendatzen du munduan entzuten diren ahotsak askatasun horren kontrakoak direla salatuz:

  • Ofizialak dio: ez arrazonatu, martxatu
  • Zerga-biltzaileak dio: ez arrazonatu, ordaindu
  • Apaizak dio: ez arrazonatu, sinistu

Jaun bakar batek dio munduan (Frederiko II): ”Nahi adina eta nahi duzuenaz arrazonatu (arrazoimenaren erabilera publikoa), baina obeditu” (arrazoimenaren erabilera pribatua).

Arrazoimenaren erabilera pribatua eta publikoa

Gizarte ordena, askatasuna, obedientzia eta arrazoimena bateragarriak direla frogatzen saiatuko da Kant. Are gehiago, askatasunak ahalbidetuko duela gero eta hobeagoa izango den estatu bat. Sortzen zaizkigun galdera hauek dira: Nora arte obeditu? Eta nora arte aske ibili?. Kantek honela planteatuko ditu galdera hauek:

  • Zein askatasunaren mugapenak ilustrazioa sustatuko du?
  • Zelako askatasunaren mugapenak ilustrazioa oztopatuko du?

5. eta 6. zatietan erantzungo ditu. 5.ean “murrizketa onuragarriak”eta; 6. atalean“zilegi ez den murrizketa”(Erlijioa eta estatua: “Caesar non est supra grammaticos” atalean jorratuko dena)

“Murrizketa onuragarria”: Zein askatasunaren mugapenak ilustrazioa sustatuko du?

Esan bezala, Kanten ustez, arrazoimenaren erabilera beti askea izan behar du, horrek soilik bideratuko baitu ilustrazioa. Arrazoimenaren erabilera pribatua, aldiz,murriztua izan daiteke ilustrazioaren aurrerakuntzari oztoporik jarri gabe. Zergatik? Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua desberdinduz azalduko du:

Arrazoiaren erabilera publikoa

Aditu edo jakintsu moduan,

Publiko baten aurrean, zein idazki publikoen bidez;

Askatasun osoa

Hauxe da Ilustrazioa bideratzeko modu bakarra

Edozein gairi buruz kritika egitea,

Arrazoiaren erabilera pribatua

Eman zaion postu edo kargu batean, funtzionario gisa

Erkidegoaren interesen eginkizun batzuk mekanismo baten antzera mantendu behar dira gobernuaren helburu publikoak urratu ez daitezen. Horietan daudenak- pasiboki- jardun behar dute. Baina:

Askatasuna murriztua dago, baina hala eta guzti ere, ez du aurrerapena galarazten

Kargu horietan ez dago arrazonatzerik, obeditu behar da: erakundearen arauak obeditzea ezinbestekoa da, helburu publikoak lortzeak mekanismo edo plan baten ordena behar du, helburu publikoak bideratzeko ezarritako “adostasun artifiziala”. Plangintzarik gabe kaosa ezarriko litzateke

Arrazoiaren erabilera publikoa

Gizarte baten kide edota komunitate kosmopolitaren parte gisa, pertsona jakintsu moduan

Orduan pasiboki egiten dituen funtzioei buruzko kritika askea egin dezake, kalterik egin gabe

Askatasunaren murrizketa honek ez du ilustrazioa oztopatzen. Alderantziz, erabateko askatasuna da muga gaindiezinak suposatzen dituena (azken atalean): guztiok nahi duguna egiterakoan sortuko den anabasa. Gogoratu ideia hau liberalismoarekin lotu dugula askatasunari buruzko kontzeptuan. Kantek, argi ikusten du guztiok ezin dugula nahi duguna egin. Bere konponbidea Rousseauren irtenbidetik hurbil dago.

Beraz, horregatik pasiboki jokatu eta geure askatasuna murriztuz legea obeditu behar dugula dio; herriaren borondatea -kontratua- edo bestelako agintari batek ezarritakoa, berri eta hobeago bat ez dagoen bitartean obedientzia hori hiritarren betebehar zibila baita. (Seigarren atalean adibide batez azalduko du).

ROBESPIERREREN MAKINA
Le Gouvernement de Robespierre : (la scène se passe sur la place de la Révolution) 1794 (zatia)

Orduan, hobe lege injustuak obeditzea kaosa baino? Badirudi iraultza ekarriko duen aldaketaz ez dela fio: badaki, pentsamendu autonomoan trebatzea zein zaila den. Ilustrazioa oso astiro gertatuko dela ikusten du. Absurdoa da presaka ibiltzea, korrika bide zigor batetik aurrerakuntza amildegira jaurtiketa zuzenean botatzeko.

Hemendik aurrera eta pasartea bukatu arte, arrazoiaren erabilerak hasierako adibideen bidez azalduko ditu. Bitxiak aukeratutako adibideak, bitxia ere bakoitzari ematen dion azalpena: Armadan, herritarrei dagozkien zergak ordaintzerakoan eta, erlijio kontuetan apaizei dagokionez (ikusi taulan)

Erabilera pribatua

Erabilera publikoa

Armada

obeditu

Kaltegarria litzateke zerbitzuan dagoen artean, agindu bat jasotzen duen ofizialak agerian bere

ezin zaio zentsuratu pertsona jakintsu legez zerbitzu militarraren gainean akatsak ohartzea eta horiek publikoaren jakinean jartzea, honek juzga ditzan.

Hiritarra

ordaindu

zergak arranditsuki kritikatzea –ordaintzea eskatzen zaionean– zigor daiteke, desobedientzia orokorrera daraman eskandalu den artean

hiritarrak ez ditu bere betebehar zibilak urratzen, gizabanako jakintsu legez, publikoki aireratzen badu neurri fiskal horien injustiziaz edo egokitasun ezaz pentsatzen duena

Apaiza

hezi

behartuta dago bere katekumenoak eta kongregazioa heztera hark zerbitzatzen duen elizaren dotrinaren arabera, baldintza horrekin aukeratua izan baitzen (*)

jakintsu bezala, mugarik gabeko askatasuna du publikoari bere intentzio oneko pentsamendu ongi hausnartuak aditzera emateko, dotrina horren akatsen gainean, eta erlijio zein eliza aferen antolakuntzaren hobekuntza ekarriko duten aholkuak emateko.

(*) Apaiza, bere elizarekin bat datozen mezu, agindu eta sinesmenak zabaltzera behartuta dago bere arrazoiaren erabilera pribatuan, nahiz eta berak ez horrela pentsatu, edota, kasurik latzenean, bere baitako erlijioaren kontra ez doazelako. Salbuespen bat dago hemen: bere baitako erlijioaren kontra badoaz, hau da, bere kontzientziaren kontra, apaizgoari utzi egin beharko lioke

Laburbilduz, arrazoiaren erabilera askeak ez du esan nahi eginbehar sozial edo kargu publikoen desobedientzia: horietan obeditu behar du, anarkia saihesteko. Askatasuna, arrazoiaren erabilera publikora murriztuta dago- dio Kantek- ez ditu ezertan lasaitasun publikoa ezta komunitatearen batasuna ere mehatxatzen; askatasunik “kaltegabeena” (1) da eta onuragarriena, zeren eta gizakioi naturalki aurreratzen uzten baitie, zakarkeriatik pixkanaka aldetzen direlarik: ”Gobernu horiei orain etsenplu distiratsua eskaintzen die eta lekuko dira nola askatasuna existi daitekeen, konkordia publikoa eta erkidegoaren batasuna arriskuan ezarri barik. Gizakiak euren kabuz basakeria egoeratik irteten dira, ez baldin badira neurri artifizialak hartzen haiek han mantentzeko” (2).

(1) Zer da Ilustrazioa 5. atala
(2) Zer da Ilustrazioa 8. atala

< Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude

Caesar non est supra grammaticos >

Ilustrazioa: Aldaketa sozio-ekonomiko eta politikoak
Ilustrazioa: Aldaketa filosofiko-kulturalak
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Kontratu Soziala

Hobbes: Gizakia otsoa gizakiarentzat
John Locke: Liberalismo politikoa
Rousseau: Gizakia libre sortu da, eta kateaturik bizi da

Arrazionalismoa eta enpirismoa

Kant: Hiru galdera eta bizitza bat
Arrazoimenaren Kritika

Zer ezagut dezaket? Arrazionalismoa eta enpirismoa
Zer egin dezaket? Etika Autonomoa
Zer espero dezaket?

Asmo kosmopolitako Historia orokor baten ideia

Aurrerapena eta betirako bakea
Gizartekoitasun tratagaitza eta konstituzio errepublikarra

Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua
Caesar non est supra grammaticos
Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna
Zer da Ilustrazioa: azalpena