fede arrazoia

Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko

Agustinen ustetan, «egia bat bera da guztiontzat. Egia ez da nirea, zurea, ezta honena edo harena ere; bat bera da guztiontzat». Filosofiak eta erlijioak lortu behar duten egia Jainkoaren egia da: «Bizitza zoriontsua egiaz gozatzea da, zutaz gozatzea da, Jainkoa, zu baitzara egia». Ez daude bi egia, filosofikoa eta erlijiosoa: filosofiaren eta erlijioaren bidez bila dezake gizakiak egia. «Bi bide daude ezagutzara iristeko: fedea eta arrazoia.» Zer eginkizun dute arrazoiak eta fedeak bilaketa prozesu horretan? Intellige ut credas, crede ut intelligas: ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko:

1. Hasiera batean, arrazoiak gizakiari laguntzen dio fedea lortzen. (*)
2. Ondoren, fedeak arrazoia gidatu eta argitu egiten du.

Fedearen eta arrazoiaren artean ez dago mugarik, biak batera aritzen dira elkarlanean egia lortzeko. Agustinen jarrera hori fideismoaren, agnostizismoaren, deismoaren eta eszeptizismoaren aurkakoa da.

  • Fideismoaren arabera, sinetsi egiten dugu Jainkoa badela, nahiz eta sinesteko arrazoirik ez eduki. Arrazoiak ezin du Jainkoa denik frogatu, eta, hala ere, sinetsi egiten dugu, fede hutsez nolabait. Baina Agustinek dioenez, arrazoiak eta unibertsoari buruzko ezagutzak Jainkoarengan sinesten laguntzen digute, eta ondorioz ez gaude fede hutsean.
  • Agnostizismoaren arabera, Jainkoa denik ezin da arrazoiaren bidez frogatu, eta ondorioz, hobe dugu Jainkoaz ahaztea. Baina Agustinek dioenez, arrazoiak Jainkoarengan sinesten laguntzen digu.
  • Deismoaren arabera, posible da Jainkoa arrazoiaren bitartez ezagutzea; baina Jainko hori ez da pertsona-itxura duen erlijioetakoa bezalako jainko bat, baizik eta unibertsoaren funtzionamendua azaltzeko, geure arrazoiak egotea eskatzen duen izaki bat. Aldiz,Agustinek dioenez, arrazoia ez da nahikoa Jainkoaren izaera ezagutzeko, fedea ere beharrezkoa da horretarako.
  • Eszeptizismoaren arabera, egia ezagutezina da, eta norbaitek ezagutuko balu, ezingo luke esan. Agustinek dioenez, eszeptizismo absolutua ezinezkoa da; egia ezagutezina dela dioen baieztapen hori egiatzat hartzea kontraesana delako. Si fallor, sum. Bada, erratzen banaiz, orduan banaiz; eta ziur nago horretaz; eta zerbaitez ziur banago, badaukat egiaren bat; beraz, eszeptizismoa oker dago.

Dakigunez Agustin ezagutza ziurraren atzetik ezin aurkitu zebilela dezepzionaturik eszeptikoen (Akademia Berriaren) jarraitzailea izan zen garai batean. Kristautu eta gero eszeptikoen tesia biziki ezeztatuko du: Orain, egia badela eta ezagutza posible dela aurkitu du, eta eszeptizismo erradikala ezinezkoa dela froga nahi du: “ez dago inolako ezagutza ziurrik” kontraesankorra dela dio. Eszeptikoen zalantzak bere aurka jokatzen du egia ukatzen duenean baieztatzen duelako.

Ezagutza prozesua: ezagutzaren mailak (**)

Agustin_Ezagutzaren teoria

  1. Ezagutza sentikorra: Plotinoren dotrina jarraituta Agustinen arabera arimak ez ditu sentsazioak hautematen. Sentsazioak gorputzaren aldaketak dira eta arima aldaketa hauetaz jabetzen da era aktibo baten. Arimaren erreakzioa bere barnetik objektuaren errepresentazioa ateratzean datza.
  2. Arrazoizko ezagutza: Arimak objektu fisikoei (aldagarriak eta ez-perfektuak) “plus” bat gehitzen die, arrazoiaren bidez epaitzen ditu eta. Arimak epaiketa horretarako erabiltzen dituen irizpideak aldagaitzak, betierekoak eta perfektuak dira, batez ere etika, estetika eta geometriari dagokionean.
    • Arrazoizko ezagutza beheko jardueran (Zientzia). Bere objektua errealitate mundutarrean (denborazkoan) dagoen unibertsaltasuna da. Matematikak dira ezagutza mota honen adibide. Arimaren ezagutza da baina zentzumenen errealitatearekiko kontaktuaz sortu edo pizten da.
    • Arrazoizko ezagutza jarduera gorenean (Sapientia-Jakituria). Hau da benetako ezagutza filosofikoa eta ideien ezagutzan datza: beharrezkoak eta unibertsalak.
  3. sapientiaKontenplazioa. Horrela arazo argi bati eman behar diogu irteera: Nondik hartzen ditu arimak gauzei buruzko judizioak egiteko irizpideak, gauzakien gainetik daudenak? Berak sortzen ditu? Ez, arima bera, gauzakien gainetik badago, aldakorra baita, eta irizpideok aldaezinak eta beharrezkoak. Gure arimaren gainetik Egia izeneko Lege bat egon beharko du. Arimak irizpide aldagaitz horiek erabiltzeko gai bada ere okertzeko aukera dauka. Are gehiago, irizpide horiek ezin ditu epaitu. Egia da gauza guztien neurria eta egiak adimena bera neurtzen du.

Argitzapena

Argia
Pantokrator, detailea

Ideiak. Adimen hutsez hautematen dugun egia ideiak osotzen dute: adigarriak eta materia gabeko ideiak. Argi dago Platonen kutsua: Ideiak gauzen oinarrizko zergatiak dira. Baina Platoni bi “zuzenketa” egiten dizkio:
1. Lehengo zuzenketa: Filonek eta Plotinok egin zuten bezala Ideiak Jainkoaren pentsamendu bihurtzen ditu.
2. Bigarren zuzenketa: Anamnesiaren dotrina ezinezkotzat agertzen zaio, arima ez baita betidanikoa, sortua baizik. Hortaz Argitzapenaren dotrina bihurtzen du.

Platonen ustez mundu sentigarrian eguzkiak objektuak ikusgai bihurtzen dituen modu berean, egia aldagaitzak ezagut daitezke Ongiak argiztatzen dituelako, Ongia ikusgarritasun printzipioa baita.

Agustinen filosofian, aldiz, jainkozko argitzapenak ikusgai bihurtzen dizkio betiereko egiak –ideiak– adimenari. Giza adimena aldakorra da eta gure adimena baino kategoria handiagoa duten egia aldagaitzak ezin ditu ezagumen hutsez atzeman. Jainkozko argitzapena behar dugu.

Betiereko egia aldagaitzak eta beharrezkoak ezin ditugu aldakorra, denborazkoa eta kontingentea den esperientziaren bitartez ezagutu; eta aldi berean, aldakorra, denborazkoa eta kontingentea den gure adimenak ezin ditu atzeman. Beraz, jainkozko argitzapenari esker soilik ezagut ditzake gizakiak betiereko egiak.

argitzapena

Orduan, Jainkoak gizakia argitzen du egia aldagaitzak, egia eredugarriak ezagutzeko. Egia horiek gizakiak bere barnean, bere kontzientzian, aurkitzen ditu, Jainkoak berak jarri dituelako gizakiaren barnean. Hala ere, Santua eta garbia izan behar du arima ikuspen hori izateko. Platonengan eta neoplatonikoengan agertzen ziren jada purifikazio beharraren gaiak.

Photomontage header credits: “British Museum Reading Room Panorama Feb 2006” by DiliffOwn work. Licensed under CC BY 2.5 via Wikimedia Commons.
Frescos inside the dome of Santa Maria del Fiore – 1051” by Amada44 – Own work. Licensed under CC BY 3.0 via Wikimedia Commons.

Elias Goñi Olalde; Filosofiaren historia; Gabirel Jauregi Bilduma Batxilergorako materialak

Eukeni Acebal; Fedea eta arrazoimena: ezagutzeko sinetsi

Agustin Hiponakoa: Bizitza
Agustin Hiponakoa: Garai historikoa
Agustin Hiponakoa: Garai filosofikoa
Erlijioen arteko lehiak
Filosofia klasikoa eta kristautasuna ezberdintzen
Hiponako Agustin: Kontzeptu mapak
Agustin Hiponakoa: Arrazoia eta Fedea
Gizakiaren helburua: Jakituria eta Zoriontasuna
Zoriontasuna eta jainkoa edukitzea
Ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
Unibertsoaren kreazioa: Bi izaki mota
Agustin Hiponakoa: Askatasuna eta gaitzaren arazoa
Historia: “Civitas dei” edo Jainkoaren hiria
Platonen eragina Agustinengan
De Vita Beata II